Descartes: Zalantza Metodikoa eta Cogitoaren Egia
Zalantza metodikoa: Cogito, ergo sum
Metodo honekin, Descartesek ezagutza guztia berrikustea erabakitzen du, zalantzarik gabeko egia ziurra bilatzeko asmoz. Egia hori aurkitu ahal izateko, ez da nahikoa gezurrak baztertzea, baizik eta nahitaezkoa da zalantzazkoa izan daitekeen oro ere atzera botatzea.
Zalantzan jar daitezkeen elementuak
Zalantzan jar daitezkeen gauzak honako hauek lirateke:
- Zentzumenen informazioa: askotan huts egin baitezakete.
- Frogapenak: batzuetan oker erabiltzen dugulako arrazoimena.
- Loaren eta esnatzearen arteko muga: ez dugulako ondo bereizten noiz gauden lo eta noiz esna.
- Jenio gaiztoa: iruzur egin nahi digun izaki hipotetikoa.
Azken batean, zalantza unibertsala da, ezagutza orori baitagokio, eta baita metodikoa ere, egia bilatzen hasteko lehenengo urratsa baita. Dena zalantzazkoa baldin bada, ez ote dago egiazko ezer, zalantzan jartzerik ez dagoen ezer? Descartesek zalantzarik gabeko lehenengo egia bat aurkitzen du: "Pentsatzen dut, beraz, banaiz" (Cogito, ergo sum).
Pentsatzea eta existentziaren ziurtasuna
Pentsatzea zalantza egitea da, baina baita gogoeta egitea, emozioak sentitzea eta hautematea ere. Zalantzan jar dezaket nire pentsamenduaren edukia, ametsetan egon naiteke, edo zentzumenek adierazten didatena gezurra izan daiteke; baina erabat ziurra da pentsatzen, hautematen edo amets egiten dudan bitartean, izan banaizela. Pentsatu ahal izateko ezinbestekoa baita existitzea. San Agustinen argudioaren antzekoa da Descartesen hau.
Subjektibotasun modernoaren sorrera
Baina Descartesek lehen pertsonan formulatzen du argudioa: "Nik pentsatu egiten dut". Ez du esaten, esaterako, "pentsatzen duen edonor, izan bada". Adierazpen horrek zenbait problema ekarriko lizkioke gogoetaren lehen aldi honetan. Lehenik, horrek ekarriko luke onartzea beste izaki pentsatzaile batzuk ere badirela eta haiei gertatzen zaiena niri ere gertatzen zaidala.
Ikusten, sentitzen edo pentsatzen dudala, ordea, ezin dut zalantzan jarri: zer sentitzen eta hautematen dudan zehazterakoan huts egin dezaket; pentsatzen dudala, eta, beraz, izan banaizela esatean, ordea, ezin dut hanka sartu. Descartesek filosofia osoa birreraiki behar du lehenengo egian aurkitutako ni horretatik abiaturik. Horri subjektibotasun modernoa deritzo eta XIX. mendera arte iraun du. Horregatik esaten da Modernitatearen ezaugarrietako bat subjektibotasuna dela.