Descartes: Pasioak, Askatasuna eta Dualismo Antropologikoa
Pasioak eta Askatasuna Descartesen Antropologian
Grinak eta askatasuna Descartesek azaltzen duen antropologiaren barnean daude. Gorputzaren eta arimaren lotura guruin pinealaren bidez gertatzen da. Pasioak, pertzepzioek ariman sortutako sentimendu edo zirrarak dira. Latinetik datorren "passio" (pati) hitzetik eratorriak dira. Ariman gertatzen dira, baina gorputzarekin estuki lotuta daude.
Pasioen Eragina eta Zeregin Nagusia
Pasioak gizakiaren barnean nahigabe sortzen dira. Ariman eragina dute, eta kaltegarriak edo onuragarriak izan daitezke. Descartesen esanetan, gorputza mugiarazten dutenak indar mekanikoak dira; arimaren indarra, ordea, gorputzaren mugimenduak gelditzean eta grinak menderatzean datza.
Grinak elkarren aurkakoak izan daitezke:
- Alde batetik, arima erakartzen dute.
- Bestetik, arima bere buruaren aurka bihurtu eta egoera tamalgarrian uzten dute.
Horrek ez du esan nahi zeharo kaltegarriak direnik; badute alde ona, menderatuak izaten badira. Haien zeregin nagusia arima zirikatzea da, amore eman dezan, gorputza kontserbatzeko eta hobetzeko.
Tristura eta Alaitasuna: Grina Garrantzitsuenak
Grina garrantzitsuenak tristura eta alaitasuna dira:
- Tristurarekin, arima gorputzarentzat kaltegarriak diren gauzez ohartarazten da, eta gorrotoa sentituz, kaltegarria den horretatik ihes egiten dugu.
- Alaitasunarekin, gorputzarentzat onuragarriak diren gauzez ohartarazten da; maite dugun hori kontserbatu eta eskuratu nahi dugu.
Askatasuna eta Dualismoa
Askatasunari dagokionez, Descartesek ikuspegi dualista defendatzen du: gizakia bi substantzia autonomoz osatuta dago: res extensa (gorputza) eta res cogitans (pentsamendua). Hau jakinik, Descartesi askatasunaren problema sortzen zaio.
Grinak morrontza-egoerarekin lotuta daude; hau da, esklabo bihurtzen dute gizakia eta bere askatasuna kentzen diote. Gizakiak morrontza horretatik askatzen ahalegindu behar du. Gizakia askea dela frogatu behar da, bere ekintzen erantzule morala dela esateko. Zalantza egiteak askatasuna egiaztatzen du: gu gara gure ekintzen erantzule eta jabe.
Zuhurtzia eta Arrazoiaren Gidaritza
Gizakiak ez du bere burua grinaren mende utzi behar; esperientzia eta arrazoia izan behar ditu gidari bere ekintzetan. Horrela bakarrik bereizten dira ongia eta gaizkia. Zuhurtzia grinak menderatzean datza; grinak izan arren, pentsamendu argi eta garbiaren agintea hedatuz, ahal den neurrian, odol-mugimenduen eta bizi-espirituen mende egoteaz gainetik aldenduz. Pasioek eragin zuzena dute gorputzaren organoetan.