Descartes eta Jainkoaren existentziaren frogapena
Descartes eta Jainkoaren existentzia
Descartesek zalantza metodikoarekin matematika bera ere zalantzan jarri zuen, jenio maltzurraren hipotesiari jarraiki. Bere ustez, nolabaiteko izaki maltzurra egon daiteke, ahalguztidun bezain iruzurgilea, eta horregatik matematikaren egiarik sinpleena ere ez da ziurra izango.
Hori dela eta, izaki maltzurraren teoria gainditzeko eta deuseztatzeko, Descartesek Jainkoaren existentziaren beharra plazaratu zuen: Jainkoa ontasuna bera bada, ez du utziko ni engainatua izan nadin. Hau da, Jainkoak bermatzen du egia-irizpidea aplika dezakegula beste egia ebidente batzuk lortu ahal izateko.
Jainkoaren existentzia frogatzeko 3 argumentu
- Izaki perfektuaren ideia: Gizakiak zalantza egiten duenean konturatzen da inperfektua eta mugatua dela, perfektuena baita ziurtasunez pentsatzea. Gainera, perfekzioaren ideia izango ez balu, ez luke inperfektua dela esango. Jainkoaren errealitatea nirea baino altuagoa da, beraz, ni ezin naiz ideia horren sortzailea izan, kausak ezin baitu ondorioa baino gutxiago izan.
- Nire existentziaren kausa: Ni betidanik existitzea ezinezkoa da, mugatutzat baitut neure burua. Ni baino perfektuagoa den izaki bat izan behar da nire sortzailea. Azken finean, Jainkoa da izaki perfektuena eta beste guztien sortzailea.
- Argumentu ontologikoa: Jainkoa irudikatzen dudanean, izaki perfektu eta ahalguztidun moduan pentsatzen dut. Jainkoa perfektua bada, nola ez da existituko bere baitan perfekzioaren ideiak biltzen dituen izakia? Gainera, nire pentsamenduak bere baitan duen Jainkoaren ideia argia eta bereizia da, beraz, intuizioz ezagutu dezaket.