Descartes eta Errealitatearen Teoria
DESCARTES ERREALITATEAREN TEORIA
Descartesek errealitatea aztertzeko bere metodoa erabiliko du. Izan ere, errealitatean zer existitzen den jakin nahi du. Horretarako, dena jarriko du zalantzan: zentzumenek ematen diguten informazioa (ez baita zentzumenetaz fidatzen), ea esna edo lo gauden, aurreko filosofia guztia, baita ideia matematikoak ere (jeinu maltzur batek engaina gaitzakeelako). Honen ondoren, eta bere metodoaren 1. arauari jarraituz, lehenengo egia sortuko du: "Cogito ergo sum". Beraz, pentsatzen duen subjektua existitzen da, pentsatzea den substantzia existitzen da. Descartesek, Aristoteles bezala, uste du substantzia dela independente existitu daitekeena. Substantzia pentsatzaile hori arima edo nia deituko dio.
Pentsamenduaren Analisia
Baina ideia konplexua denez, metodoaren 2. arauari jarraituz, pentsamenduaren analisia egingo du eta hiru ideia mota bereiziko ditu:
- Kanpoko ideiak: zentzumenetatik hartutakoak eta esperientzian oinarritzen direnak.
- Guk sortutako ideiak: guk asmatutakoak.
- Jatorrizko ideiak: jaiotzetik ditugunak.
Jainkoaren existentziaren frogapena
Descartesek ere, Jainkoaren existentzia frogatuko du. Horretarako, ditugun jatorrizko ideien artean, "perfekzioaren ideiatik" abiatuta, Jainkoaren existentzia frogatuko du. Izan ere, ideia horren kausa, ideia hori baino perfektuagoa den zerbait da, kausa ondorioa baino perfektuagoa zela uste baitzuen. Gu ez gara perfektuak, aurretik zalantzan egon garelako. Beraz, ideia hori Jainkoak jarri du guregan, beraz, Jainkoa existitzen da. Horretaz gain, argudio ontologikoak ere erabiltzen ditu Jainkoaren existentzia frogatzeko: Jainkoa da pentsa dezakegun izakirik perfektuena eta izakirik perfektuena izanda, bere ezaugarrien artean existentzia egon behar da. Jainkoa, beraz, perfekzio guztiak dituena da, substantzia infinitua.
Munduaren existentzia
Munduaren existentzia frogatzeko, edo munduan dauden gauzak egiazkoak diren jakiteko, kanpoko ideietatik abiatuko da. Kanpoko ideietatik, bere pentsamendutik at gauzak existitzen direla esango du, baina ezin gara zentzumenetaz fidatu. Hala ere, Jainkoa existitzen dela frogatu duenez, eta Jainkoa ona eta perfekzio guztiak dituenez, ondorioztatuko du Jainkoak ez gaituela engainatuko pentsaraziz ikusten ditugun gauzak gezurra direla. Hala ere, Jainkoak ez gaitu engainatuko ebidenteak diren ideien inguruan, ez ideia guztien inguruan. Beraz, mundua zabalera duen substantzia da, espazioan leku bat okupatzen duen hori.
Substantzia motak
Substantzia motak bereizi:
- Nia edo substantzia pentsatzailea: atributua (esentzia) pentsatzea dena eta moduak (beste ezaugarriak) epaitzea, ulertzea eta irudikatzea dira.
- Jainkoa edo substantzia infinitoa: atributua (esentzia) infinitoa izatea eta moduak (beste ezaugarriak) perfekzio guztiak izatea, erabat ona eta ahalguztiduna izatea dira.
- Mundua edo substantzia extensa: atributua (esentzia) zabalera (lekua okupatzea) eta moduak (beste ezaugarriak) irudia (forma) eta mugimendua; hauek objektiboak dira, eta bestalde kolorea, usaina etab. subjektiboak direnak.