Descartes eta Enpirismoa: Gogoa, Askatasuna eta Ezagutza
Descartes: Gogoa, Gorputza eta Askatasuna
Gogoa eta Gorputza: Guruin Pinealaren Arazoa
Descartesek, izan ere, guruin horrek, garunean kokatuta dagoenak, bitartekaritza lana egiten du, arimaren aginduak gorputzari transmitituz eta gorputzaren sentsazioak, pasioak eta abar arimari helaraziz. Edonork ulertuko duenez, Descartesen proposamenak ez du arazoa gainditzen, izan ere, guruin pineala materiala da eta arima, esan bezala, materiagabea.
Askatasunaren Arazoa Descartesen Filosofian
Gorputza eta arimaren arteko erlazioa arazoa bada, askatasunarena ere bada. Jainkoak askeak egin gaituela dio Descartesek, baina gure portaera erabat determinatuta dagoen gorputzaren bidez gauzatzen da, mundu fisiko eta determinatu batean. Nola da posible, orduan, askatasuna? Eta askatasunik ez izatekotan, non geratzen da gure erantzukizun morala? Askeak garela berresten du Descartesek, eta horretarako argudioa zalantzaren existentzia da: zalantzak izateko libreak izan behar dugu, eta zalantzak ditugunez, libreki erabakitzeko aukera gugan dago aldez aurretik. Baina askatasun hori eta mundu determinatuaren existentzia nola den posible, Jainkoaren ahalguztiduntasunean uzten du.
Descartesen Etika: Behin-behineko Morala
Descartesek ezagutza bakarrik ez, ekintza ere oinarritu nahi zuen. Bere ideala gure portaera bideratzeko printzipio funtsezkoenak aurkitzea zen. Horretarako proposatzen duen lehenbiziko arau praktikoa arrazoiaz gidatzea da, zuhurtasun (prudentzia) bertutearen bidez, alegia. Hau pasioen munduko argitasun eta bereizitasun araua litzateke. Kontura gaitezkeenez, bere proposamena gurpil zoroa baino ez da, izan ere, moralak printzipio arrazionalei jarraitu behar die, baina morala da, batera, printzipio horiek aurkitzeko gida.
Laburbilduz: morala egia bilatzean datza, baina horretaz gain, pasioak kontrolatzen dituen bertutea ere nahitaezkoa da. Dena den, Descartesek ez zuen lortu bere morala zehaztasunez idaztea, gazte hil baitzen; baina behin-behineko moral bat utzi zigun, hiru arauetan laburbilduta:
- Herri bakoitzeko legeak eta ohiturak errespetatu behar dira.
- Hartutako erabakietan tinko mantendu behar da.
- Pasioen aurrean arrazoiari jarraitzen saiatu behar da.
Enpirismoaren Ezaugarri Nagusiak
- Arrazoia, ezagutzeko unean, pasiboa da, ez arrazionalismoan bezala, non eragilea edo aktiboa den.
- Ezagutza ideien ezagutza da, baina arrazionalismoan ez bezala, jatorrizko ideiarik ez da.
- Esperientzia da ezagutzaren oinarria; hots, ezagutza oro esperientzian hasten da.
- Ezagutzen dena fenomenoa da, hau da, gauzen ezaugarriak, zeinak subjektiboak diren.
- Substantziari dagokionez, enpiristen arteko desberdintasunak izango dira, izan ere, batzuek (Hobbes, Locke eta Berkeley) substantzia ezberdinen existentzia defendatzen duten bitartean, Humek substantziarik ez dagoela dio.
- Metafisika zientziatzat hartua izatea kolokan jartzen da.
- Erabiltzen duten metodoa, gehienbat, indukzioa da.
- Fisikak ezin du unibertsala eta beharrezkoa den baliozko ezagutzarik lortu.
- Etika, enpirismoaren arabera, elkarrekin bizitzeko sentimenduz edota ohituraz egindako arauak dira, arrazoiak zerikusirik ez duelarik.
Enpirismoa: Lockengandik Humengana
John Locke (1632-1704)
Lockek arrazionalismoaren jatorrizko ideien existentziari uko egiten dio. Horretarako argudio nagusi hau erabiltzen du: egongo balira, denok izango genituzke jaiotzen garenetik —eta hau ez da gertatzen—. Ondorioz, esperientziatik dator gure ezagutza osoa, eta esperientziak mugatzen du gure ezagutza.
Ideien Genesia eta Sailkapena Lockeren arabera
Nola sortzen dira, orduan, gure ideiak esperientziatik? Ideien genesia ulertzeko, hau egin behar dugu:
- Ideia konplexuak ideia sinpleetan deskonposatu.
- Ikertu nola elkartzen diren ideia sinpleak ideia konplexuak eratzeko.
Baina, zer dira ideiak? Lockeren ustez, ideiak bi modutan uler daitezke:
- Berehalako pertzepzioaren objektua (adibidez, kolore bat, mina, oroitzapen bat...).
- Kanpoko errealitatearen irudikapenak.
Ideiak bi multzo nagusitan sailka daitezke:
- Ideia sinpleak, zeinak adimenak pasiboki hartzen dituen. Bi jatorri dituzte:
- Sentsazioa edo kanpoko esperientzia. Bertan egongo lirateke:
- Nolakotasun primarioen ideiak (irudia, tamaina). Hauek objektiboak izango lirateke.
- Nolakotasun sekundarioen ideiak (kolorea, zaporea...). Subjektiboak izango liratekeenak.
- Hausnarketa edo barruko esperientzia (pentsamenduaren ideiak).
- Sentsazioa edo kanpoko esperientzia. Bertan egongo lirateke:
- Ideia konplexuak, zeinak sinpleetatik sortuak diren elkarte edo konbinaketaren bidez. Honetan, adimena aktiboa da, bera baita elkarte zein konbinaketa horiek egiten dituena. Ideia konplexuak izan daitezke:
- Substantziak. Ideia sinpleetatik eratutako ideiak dira, baina guk ideia sinpleak baino ez ditugu hautematen. Zer dira substantziak, orduan? Locke ez da ailegatzen bere existentzia ukatzera —geroago Humek egingo duen bezala— eta ‘ez dakit zer’ delako bat direla esango digu.
- Moduak: substantzietan ematen diren ezaugarriak dira (Aristotelesen akzidenteak deiturikoak bezalakoak).
- Erlazioak: ideien arteko konparaketak lirateke.
Errealitatearen Kontzeptua Lockeren arabera
Errealitateari dagokionez, hau da Lockek dioena: Kanpoko errealitatearen irudikapenak izateak kanpoko errealitatearen existentzia suposatzen du, izan ere, ideiak zerbaiten irudikapen badira, zerbait horrek existitu beharko baitu. Horregatik, nahiz eta Descartesen jatorrizko ideiak ez onartu, errealitate berberak defendatzen ditu.
- Nia: Nia existitzen da, berari buruzko ziurtasun intuitiboa (zuzena) dugulako.
- Jainkoa: Jainkoaren existentziari buruzko ziurtasun frogagarria (kausala) dugu, lehenbiziko kausa bat onartu behar delako.