Demografiako Oinarrizko Kontzeptuak eta Piramide Motak

Geografia2,47 KB

Demografiako oinarrizko kontzeptuak

Biztanleriaren berezko hazkundea

Demografian, berezko hazkundea aldi jakin batean, gehienetan urtebetean, populazio batean izandako jaiotzen eta heriotzen arteko aldea da. Migrazio-saldoarekin gehituta, lurralde bateko bizilagunen hazkundea adierazten digu. Garai batean hazkunde hori positiboa zen; azken hamarkadetan, ordea, lurralde batzuetakoa negatiboa izan da.

Bizi-itxaropena

Belaunaldi baten jaiotza-urteko hilkortasun-baldintzak aldaketarik gabe mantenduz gero, belaunaldi horretako kideek bizi ahal duten batez besteko urte-kopuruaren kalkulua da.

Errolda

Udalerri batean bizi diren herritarren zerrenda edo erregistro bat da. Horretan izena eman ondoren, toki edo eremu horretan botoa emateko, eskolaratzeko, osasun-zerbitzuak jasotzeko eta beste hainbat eskubide dituztenak zehaztu eta ziurtatzeko erabiltzen da. Oharra: Erroldan leku bateko zuzenbidezko biztanleria agertzen da, ez izatezko biztanleria.

Migrazio-saldoa

Demografian, lurralde eta epe jakin batean migrazioengatik izandako biztanleria-mugimenduen balantzea da, etorkin-kopurua ken emigratzaile-kopurua kalkulatuz. Etorkinak bertatik joandako emigratzaileak baino gehiago badira, migrazio-saldoa positiboa dela esaten da; emigratzaileak etorkinak baino gehiago badira, berriz, migrazio-saldoa negatiboa da.

Biztanleria-piramide motak

Piramide hedakorra

Biztanleria gaztea nagusia da. Gutxi garatutako lurraldeei dagokie eta piramide-itxura dauka. Jaiotza-tasak handiak dira, eta heriotza-tasak ere bai.

Piramide gelditua

Helduak dira talde nagusia. Garapen-bidean dauden lurraldeei dagokie eta kanpai-itxura dauka. Jaiotza-tasak handiak dira, baina heriotza-tasak jaisten hasi dira. Bizi-itxaropenak gora egiten du.

Piramide beherakorra

Helduak eta adineko jendea —hauek gero eta gehiago— dira talde nagusia. Lurralde garatuei dagokie eta kupel-itxura dauka. Jaiotza-tasak txiki samarrak dira eta heriotza-tasak ere bai. Bizi-itxaropen luzea eta zaharkitze-prozesua ditu ezaugarri. Belaunaldi-ordezkapena mehatxatuta dago.

Inboluziozko piramidea

Belaunaldi-ordezkapena ezinezkoa da (hazkunde negatiboa). Demotanasiaren mehatxupean dauden lurraldeak dira; emigrazio handiak eta zaharkitze-prozesu sakona ezagutzen dituzten lekuak. Piramide erregresiboetan belaunaldi-ordezkapena ez dago bermatuta, baina hori aldatu daiteke.

Deskargatu

PDF Word HTML