Clara Campoamorren Lana: Emakumearen Boto Eskubidea II. Errepublikan
TESTUA: CLARA CAMPOAMOR
Identifikazioa
Identifikatu: Lehen mailako testu politikoa da (emakumearen eskubide politikoa eztabaidatzen da). Egilea Clara Campoamor da eta hartzaileak legebiltzarreko beste kideak dira.
Clara Campoamor hasieran Ekintza Errepublikanoaren partaide izan zen. Hauteskundeetara Alderdi Erradikaleko zerrendetan aurkeztu zen. Legebiltzar berrian bi emakume egon ziren: Campoamor eta Victoria Kent. Ondorengo hauteskundeetan Clara Campoamor ez zen aurkeztu eta Gerra Zibila hasi zenean atzerrira joan behar izan zuen. Ez zen itzuli Espainiara eta 1972an hil zen Suitzan.
Hartzaileak legebiltzarkideak ziren. Gehienak errepublikanoak eta sozialistak ziren, eta denak gizonak, Victoria Kent izan ezik.
Kokapena: 1931n sortutako legebiltzar berria, 1931ko konstituzioa prestatzen ari zirenean.
Ideia Nagusiak
Ideia nagusiak: Clara Campoamorrek emakumearen eskubideak aldarrikatzen ditu emakumeen boto eskubidea defendatuz. Testuan bi paragrafo bereizten dira:
- Lehenengo paragrafoan emakumearen eta gizonaren arteko desberdintasuna defendatzen zuen printzipioaren kontra argudiatzen du (“printzipio aristoteliko zaharkitua”), esanez, emakumea, gizakia denez, gizonaren eskubide berdinak dauzkala. Esaten du baita “konstituzioak” berdintasun hori ziurtatu behar duela.
- Bigarren paragrafoan goraipatzen du behin behineko gobernuak hartutako erabakia (“Behin behineko gobernuak…….). Aldi berean goraipatzen du prestatzen ari diren konstituzioa oso aurreratua izango delako eta herrialde latinoen artean, lehena izango delako emakumearen eskubideak eta boto eskubidea aldarrikatuko duena.
Testuingurua
Testuinguruan kokatu: 1931ko apirilaren 12an, hauteskundeen ondoren II. Errepublika aldarrikatu zen (Alfonso XIII.a joan egin zen). Behin behineko gobernuak ekainaren 28rako Gorte konstituziogileak antolatzeko hauteskundeak prestatu zituen. Ezker joerako errepublikanoak eta sozialistak irabazi zituzten hauteskundeak, eta berehala hasi ziren 1931ko konstituzioa prestatzen.
1931ko konstituzioak izaera demokratikoa eta aurrerakoia izan zuen. Eskubide eta askatasun adierazpen zabala onartu eta gizarte gaietan arreta berezia jarri zuen. Berdintasun osoa bermatzen zuen lege heziketa eta lanaren aurrean. Horrez gain autonomia eskubidea, estatuaren laikotasuna eta sufragio unibertsala planteatuko ditu.
Konstituzioak ez zuen lortu indar politiko guztiek bat egitea, eta nahiz eta gehienek onartu zuten (368 boto), ezkertiarren eta eskuindarren artean desadostasun handiak zeuden batik bat erlijioari eta autonomiei lotutako gaietan.
Emakumeen boto eskubidearen inguruan ere eztabaida handia izan zen. Hasiera batean boto ematearen aurka zeuden hainbat talde errepublikanoek zalantzan jarriko dute eskubide hori, boto hori eskuineko taldeentzat mesedegarria izan zitekeelako. Elizak eragin handia omen zeukan emakumearengan eta bere eraginpean egoteak Errepublikak egin zitekeen erreformak murriztu edo gelditu egin zezakeelako. Hainbat sozialistak ere berdin pentsatzen zuten, eta legebiltzarrean zegoen beste emakumeak ere, Victoria Kent, eskubidearen kontra bozkatu zuen. Bere alderdiko kide gehienak ere (Alderdi Erradikala), kontra bozkatu zuten. Hala ere, Clara Campoamorrek egin zuen borroka emakumearen eskubidearen alde, lortu zuen sozialista gehienak, kataluniako errepublikanoak eta eskuineko legebiltzarkideak (hauek interes propioengatik) alde jartzea eta boto eskubidea lortzea.
1933ko hauteskundeetan emakumeak lehen aldiz bozkatu zuen. Hauteskunde horiek zentro-eskuinak irabazi zituen eta ezker joerako alderdiek emakumearen botoari bota zioten errua. Arrazoia ez zen hori izan, ezker alderdiak bananduta aurkeztu ziren eta eskuinak, aldiz, elkarrekin CEDA koalizioan. 1936an, hurrengo hauteskundeetan emakumeak ere bozkatu zuen eta ezker alderdiek osatutako koalizioak irabazi zituen (Fronte Popularrak).
Testuaren Garrantzia
Testuaren garrantzia: Testu hau garrantzitsua izango da Clara Campoamorren lanari esker emakumeak boto eskubidea lortuko duelako, eta benetako berdintasuna lortuko duelako legearen aurrean. Hurrengo hauteskundeetan (1933 eta 1936) eskubide hori gauzatzeko ahalmena izango du. Frankismoak berdintasunarekin bukatzea suposatuko du eta emakumeak ez du berreskuratuko berdintasuna 1977ko hauteskundeak eta 1978ko konstituzioa onartu arte.