Clara Campoamor: Sufragio Unibertsalaren Defentsa (1931)
Testuaren aurkezpena eta kokapena
Aztertuko dugun testua “Clara Campoamor diputatuak Gorte Konstituziogileetan emandako hitzaldia” izenekoa da, emakumearen esku-hartze politikoaren aldeko argudioak agertzen direlarik bertan. Testu hau historikoa da, gai politiko-soziala jorratzen duena, emakumearen duintasuna eta eskubideak izanik jorratzen den alor nagusia.
Dokumentu honen hizlaria Clara Campoamor dugu, Bigarren Errepublikako politikari espainiarra, emakumeen eskubideen babesle eta sufragio unibertsalaren bultzatzaile nagusia. Hitzaldia Gorte Konstituziogileetako diputatuei zuzenduta zegoen, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatzeko asmoz; hortaz, izaera publikoa du.
Gainera, hitzaldi hau Espainiako Errepublikaren Gorte Konstituziogileen Saioak egunkarian argitaratu zen, espainiar guztiei zuzenduta ere bazegoela, bereziki Errepublika funtsezkotzat zuten alderdikideei. Zehazki, 1931ko irailaren 1eko saioan eman zen.
Testuinguru orokorra: II. Errepublikaren hasiera
Testu hau bere testuinguru orokorrean kokatzeko, garaian gertatutakoa aztertuko dugu. 1931ko apirileko udal hauteskundeetan, alderdi errepublikarrak izan ziren garaile, probintziako hiriburu gehienetan. Bigarren Errepublika aldarrikatu zen Eibarren eta, ondoren, Madrilen eta Bartzelonan. Alfontso XIII.a erbesteratu eta horrela amaitu zen monarkiaren garaia.
1930ean erregimen monarkikoaren kontra Donostiako Hitzarmena sinatu zuten alderdien indarra berretsi zen. Monarkiatik Errepublikarako trantsizioa modu baketsuan egin zen, eta sistema politiko berriak Primo de Riveraren diktaduraz gero herrialdeak zuen egoera sozial eta politiko larriari irtenbidea emango zion itxaropena zuten herritarrek. Itxaropena izan zen garai hau laburbiltzeko hitz egokiena.
Ideia nagusiak: Sufragio unibertsalaren defentsa
Testuaren analisiarekin jarraitzeko, bertan agertzen diren ideia nagusiak aztertuko ditugu:
- Clara Campoamorrek arrazoiak ematen ditu emakumearen duintasunaren eta eskubide konstituziogileen alde, sufragio unibertsalaren alde, alegia.
- Emakumezkoen parte-hartze politiko eza gainditu nahi du, printzipio aristoteliko zaharkitua gaindituz.
- Bere ustez, konstituziorik onena, libreena eta aurreratuena izateko emakumearen papera ezinbestekoa da. Espainia izango litzateke horrelakoa onartuko duen lehen herrialdea, emakumearen askatasunaren bandera jasoko duen herrialdea bihurtuz.
Testuinguru zehatza: Gorte Konstituziogileak
Jarraian, testu garrantzitsu hau bere testuinguru zehatzean kokatuko dugu. 1931ko apirilean, Bigarren Errepublikako behin-behineko gobernua osatu zen, Niceto Alcalá Zamora buru zela. Era berean, hauteskundeetarako deia egin zen Estatu mailan, udal hauteskundeetan ikusitako ideologia Espainiako gobernuan ezartzeko eta, gainera, Gorte Konstituziogileak eratu eta Konstituzio berria idazteko.
Errepublika garaian, lehenengo aldiz entzun ziren Kongresuan bi emakumeren ahotsak:
- Clara Campoamorrena: Emakume guztien eskubidea azpimarratu eta babestu zuena.
- Victoria Kentena: Emakumezkoen sufragioarekin bat ez zetorrena.
Konstituzio berria idazterakoan, sufragio unibertsalaren auzia gertatu zen, azkenean Clara Campoamorren defentsa sendoaren ostean lortu zelarik. Historian lehen aldiz, emakumeei botoa emateko eskubidea aitortu zitzaien.
Honela, politikan eta gizarteko beste esparru batzuetan, parte hartzeko aukera izan zuten, garrantzi handiko karguak eskuratuz. Esaterako, dokumentuaren hizlaria, Clara Campoamor, parlamentarioa baitzen, aldarrikapen sozial eta politiko batzuen aitzindaria.
Clara Campoamor eta Victoria Kent
Clara Campoamorrekin batera, Victoria Kent ere aipatzekoa da. Biak emakume errepublikazaleak ziren, baina pentsamenduz guztiz desberdinak:
- Clara Campoamor: Jo eta su defendatzen zuen emakumearen parte-hartze politikoaren aukera, gauza guztien gainetik garrantzizkoa zela aldarrikatuz.
- Victoria Kent: Ez zuen horrela pentsatzen, uste baitzuen emakumearen botoa Elizaren botoa izango zela, garaiko fede eta sinesteetan oinarrituta. Kentek hori Errepublikaren aurka jotzea moduan ikusi zuen, eta hori dela eta, bere ezezko jarrera erakutsi zuen.
Gorte Konstituziogileak errepublikar ezkertiarrek eta sozialistek osatu zituzten, batik bat. Eztabaida luzeen ondoren, oinarrizko printzipio demokratiko bat jaso zuen Konstituzioak: gizon eta emakumeen sufragio unibertsala.
Konstituzio ezkertiarra zen, eta horrela defini dezakegu II. Errepublika: klase guztietako langileen elkartea, demokratikoa, aurrerakoia eta deszentralizatua (hau da, eskualde autonomoa) eta laikoa. Honen helburu nagusia kultura, demokrazia eta laikotasunaren balioak sustatzea zen.
Autonomia eskualdeak ezagutu ziren Errepublikarekin, esaterako, Katalunia eta Euskadi. Eskubide indibidualak eta politikoak aitortu ziren, eta Espainia estatu laiko akonfesionala bihurtu zen, parlamentu-erregimenak gobernatzen zuelarik. Errepublikak ekimen erreformista handiak bultzatu zituen, adibidez, erreforma militarrak, nekazaritzan, erlijioan, autonomietan eta hezkuntzan.
Ondorioak eta geroko bilakaera
Bukatzeko, testu hau lehen mailako iturria da, funtsezkoa ezagutzeko nola emakumeek esku-hartze politikoa izan zuten Espainiako historian lehen aldiz eta Konstituzioaren aurrerapausoa. Aipatu dudan legez, testu honek emakumezkoen berdintasunaren eta Sufragio Unibertsalaren defentsa zorrotzaz hitz egiten du.
Gerora begira, Azañaren kontra agertu ziren CEDA koalizioak sortutako eskuindarrak. 1933an, Errepublikako armadak egindako kalteengatik, Azañak dimititu egingo du eta hauteskundeetara deituko dute. Hauteskunde horietan emakumezkoek lehen aldiz euren botoa emango dute. Honen ostean, CEDAk irabazi egingo du eta politika kontraerreformista ezarriko du, II. Errepublikaren lehen bi urteetan egindako erreformen kontra.
Aipatzekoa da 1934an mendebaldeko azken iraultza proletarioa gertatuko dela, Asturiasko Iraultza, langileek sustatutakoa. Hortik aurrera, tentsioa gehiagotuz joan zen, eskuindarren eta ezkertiarren artean, egunero mitinak eta manifestaldiak zirela. 1936ko hauteskundeetarako, Fronte Popularra eraiki zen, ezkertiarren koalizioa izango dena, eta hauek hauteskundeak irabaziko dituzte, politika erreformista berriro aplikatu nahian. Hori dela eta, altxamendu nazionala gertatuko da 1936ko uztailaren 17an Marokon eta 18an penintsulan, Gerra Zibilari hasiera emango diona.