Clara Campoamor eta Emakumeen Boto Eskubidea (1931)
Sarrera: Clara Campoamorren Hitzaldia (1931-09-01)
Aurrean dugun testua Clara Campoamor diputatuak Gorteetan egindako lehenengo hitzaldiaren zati bat da, emakumeen boto eskubidea defendatuz. Beraz, testu politikoa da. Bertan bilduta dauden diputatuei eta espainiar guztiei zuzenduta dago, beraz, testu publikoa da. Lehen mailako informazioa ematen duenez, testu historikoa da.
Egilea eta Testuingurua
Clara Campoamor da egilea, politikari eta abokatu espainiarra (Madril, 1888 – Lausana, 1972). Zuzenbide ikasketak 1924an amaitu zituen, zailtasun ugari gainditu eta gero. Ekintza Errepublikarra talde politikoko kide izan zen. Hasieratik nabarmendu zen emakumeen botoa defendatzeagatik, espainiar mugimendu feministaren aitzindari bihurtuz.
1931ko Kongresuko hauteskundeetan Alderdi Errepublikano Erradikalaren ordezkari bezala aurkeztu zen, eta Madrilgo diputatu hautatu zuten beste bi emakumerekin batera: Victoria Kent eta Margarita Nelken. 1931-33 bitartean Espainiako Errepublikako gobernuko ordezkari izan zen Nazioen Elkartean. Gerra Zibila dela eta, 1936an Frantziara eta handik Argentinara ihes egin zuen. 1948an itzuli zen Europara.
Bizitza osoa eman zuen emakumeen eskubideak aldarrikatzen, bai jardun politikoan baita literarioan ere. Garaiko zenbait aldizkaritan kolaboratu zuen eta hainbat liburu idatzi zituen. 1972an Lausanan (Suitza) hil zen eta Donostian lurperatu zuten, berak horrela eskatuta.
Testuaren azken lerroetan agertzen den bezala, Gorte Konstituziogileen saioen Egunkari ofizialean publikatu zen 1931ko irailaren 1ean. Errepublika apirilaren 14an aldarrikatu zen, eta ekainaren 28an hauteskundeak ospatu ziren Gorte Konstituziogileak osatzeko.
Testuaren Azterketa: Boto Eskubidearen Defentsa
Egileak mezu garbia helarazi nahi digu: emakumeen boto eskubidea onartzea ezinbestekoa dela askatasunaren printzipioa defendatzen duen edonorentzat.
Testua bi zatitan banatuta dago:
Lehenengo zatia (lehenengo sei lerroak): Dei egiten die emakumeei beren borondatea azaltzen uzteko, politikan aritzeko “hanka sartzeak” egin badituzte ere, modu horretan ikasteko aginduz. Izan ere, kontuan hartu behar dugu hasieratik ezkerreko diputatu batzuek eta erradikalek ez zutela begi onez ikusi emakumeen sufragio eskubidea Konstituzio berrian sartzea, esanez emakumeak Elizak kontrolatzen zituela eta horrela beren botoa eskuinarentzat izango zela. Campoamorrek argi erantzun zien, eta azkenik eskubidea onartu zen.
Bigarren zatia (7-17 lerroak): Campoamor diputatuak gai nagusia argumentatzen jarraitzen du, oraingo honetan Konstituzio berriak zer izan behar duen esanez: “onena”, “libreena” eta “aurreratuena”. Azpimarratzen du Behin-behineko Gobernuak atera berri duen dekretuaren garrantzia, alegia, maiatzean aldarrikatu zen dekretu baten bitartez Hauteskunde Legea berritu zela, emakumeak aukeratuak izatea ahalbidetzen zuena, nahiz eta boto emateko eskubidea ez onartu.
Hitz esanguratsuak erabiltzen ditu Monarkiak erakutsi duen ezintasuna agerian uzteko eta garai berrietan duen itxaropena erakusteko:
“Behin-behineko gobernuaren dekretuak monarkiako hogei mendek aitortu ez ziotena aitortuko dio emakumeari”.
Azkenik, herri latindarren artean Espainiako Konstituzioa lehenengoa izateak emakumeen sufragioa onartzen izango zuen garrantzia agertzen du. Zentzu horretan gogoratu behar da Uruguai (1917) eta Ekuador (1924) izan zirela lehen herri latindarrak eskubide hori onartzen, Frantzia eta Italiaren aurretik (1945).
Testuinguru Historikoa: Bigarren Errepublika eta Konstituzioa
Errepublikaren Aldarrikapena eta Behin-behineko Gobernua
1931ko apirilaren 14an aldarrikatu zen Errepublika, bi egun lehenago ospatu ziren udal hauteskundeetan hautagaitza errepublikanoak garaile atera ondoren. Alfonso XIII.ak, isolatua eta babesik gabe, abdikatu zuen eta erbestera joan zen. Berehala Behin-behineko Gobernua osatu zen, Niceto Alcalá Zamora buru zela, eta errepublikano ezkertiarrek eta eskuindarrek, sozialistek eta nazionalistek osatua.
Hala ere, hasieratik Gobernuak aurre egin behar izan zien gizarteak zituen erreformak egiteko nahiei. Nekazal erreformako lehen neurriak hartu zituen, Lan erreformei heldu zien, eta armadaren erreforma abian jarri zuen. Hezkuntzarako legedi berria onartu zen eta Kataluniako Behin-behineko Autonomia Estatutua martxan jarri zuen.
Gizarte giroa berehala haserretu zen. CNT sindikatu anarkistak liskarrak antolatu zituen, eta Elizaren eta gobernu berriaren arteko enfrentamenduak etengabeak izan ziren. Elizaren sektorerik kontserbadoreenak, Segura kardinala buru zela, mota guztietako trabak jarri zizkion gobernu berriari. Aspaldiko antiklerikalismoa berragertu zen eta 1931ko maiatzean hainbat eliza eta komentu eraso eta erre zituzten. Horrela, iritzi publiko katolikoa hasieratik urrundu zen erregimen errepublikano berritik.
1931ko Konstituzioaren Eztabaidak eta Onarpena
1931ko ekainean Gorte Konstituziogiletarako hauteskundeak ospatu ziren. Emaitzen arabera, koalizio errepublikano-sozialista atera zen garaile, Euskal Herrian izan ezik (hemen nazionalistek eta tradizionalistek irabazi zuten). Historian lehenengo aldiz, 3 emakume diputatu zeuden parlamentuan: Clara Campoamor, Victoria Kent eta Margarita Nelken (sozialista).
Lehenengo lana Konstituzio berria idaztea izango zela erabaki zuten diputatuek uztailaren 14an bildu eta Julián Besteiro sozialista Ganbarako presidente aukeratu ondoren. Uztailaren 28an Gorte berriek Clara Campoamor sartu zuten Konstituzioa idatzi behar duen batzordean. Legearen erredakzioa eta onarpena oso eztabaidatua izan zen:
- Eliza eta Estatua: Lehenengo arazoak Elizaren eta Gobernuaren arteko harremanak zehazterakoan iritsi ziren. Lege berriaren arabera, estatu laikoa ezartzen zen, Eliza eta Gobernuaren arteko banaketa aldarrikatzen zen, ordena erlijiosoak desegin eta kleroaren aurrekontuak bertan behera utzi zituzten. Neurri hauen aurka zeudela erakusteko, eskuineko diputatuek Kongresutik alde egin zuten, eta Alcalá Zamora eta Maura euren karguak utzi zituzten.
- Emakumeen Boto Eskubidea: Emakumeen boto eskubidea onartzeak eztabaida luzeak probokatu zituen baita ere, adierazpen mingarriak eginez zenbait diputatuk: “emakumeek ezin dute botatu natura berak bere askatasunean mugak ezarri baititu” edo “emakumea hauxe da: histerismoa”. Victoria Kent diputatu sozialistarekin gertatu zen eztabaida ere gogoratzen da; azken honek, bere iritzi pertsonala alde batera utzirik eta alderdiaren diziplina jarraituz, urriaren 1ean emakumeen boto eskubidea atzeratzea eskatu zuen.
Guztien aurrean, Clara Campoamor agertu zen emakumeen eskubidearen defentsan, alderdien interesak alde batera utzirik. Azkenik, urriaren 1eko botaketan onartu zen.
1931ko Konstituzioaren Ezaugarriak
Horrela, 1931ko abenduaren 9an onartu zen Konstituzioaren arabera, Espainia “mota guztietako langilez osatutako errepublika demokratikoa eta laikoa” zen. Ezaugarri nagusiak hauek ziren:
- Botere legegilea, betearazlea eta judiziala erabat banatu ziren.
- Gorteek Ganbara bakarra zuten eta kontrol politiko handia zuten gobernuaren gainean.
- Estatuaren buruzagitza Presidentearen esku utzi zen. Presidenteak, sei urteko agintaldian, Ganbara bi aldiz desegiteko ahalmena zuen.
- Sufragio unibertsala ezarri zen, emakumeena ere.
- Eskubide eta askatasun asko aitortu zituen, besteak beste, ezkontza zibila eta dibortzioa.
- Lehen hezkuntza nahitaez eta doan jasotzeko eskubidea ezarri zuen.
- Interes publikoa jabetza eskubidearen gainetik zegoen eta, beraz, jabetza kentzea posiblea zen.
- Lurralde antolaketari dagokionez, Konstituzio berriak Espainia estatu integrala zela adierazten zuen, lurralde bakoitzeko arazoak konpontzeko bidea ere ematen zuelarik, autonomia-estatutuaren bidez.
Testu konstituzionala onartu eta hurrengo egunean, Kongresuak Alcalá Zamora Errepublikako presidente eta Manuel Azaña gobernu berriaren buru (errepublikano ezkertiarrak eta sozialistak) aukeratu zituen.
Konklusioa: Campoamorren Legatua
Testuaren garrantzia handia da. Emakumeen aldeko botoa eskatuz aurreko urteetan saiakerak egin baziren ere, Bigarren Errepublikarekin onartzen da, eta lorpen horretan Clara Campoamorrek egindako lana ezinbestekoa da. Emakumeen aldeko jarduera ez zen gainera eskubide honen onartzera mugatuko; aurretik Dibortzio eskubidea eskatuko du eta baita adulterio delitua ezabatzea ere. Horregatik, Espainiako mugimendu feminista eta sufragistaren ama kontsideratua izan da.
Bere garaipena Espainiako emakume guztien garaipena izan zen. Francoren diktadurarekin sufragioa, bai emakumeena eta bai gizonezkoena, desagertu egingo da eta demokrazia itzuli arte ez da berreskuratuko (1977an).