Cadizko Konstituzioa (1812): Lege Nagusia eta Liberalismoa

Historia5,13 KB

Cadizko Konstituzioa (1812): Sarrera

Hemen dugun legea, lehen mailako legea da, lege nagusia, horren barruan gainerako legeak sartzen baitira, baita hiritarren eskubideen deklarazioa ere. Estatu modernoa sortzeko funtsezkoa den dokumentu hau oso baldintza berezietan sortu zuen espainiar gutxiengo batek, gerra garaian eta setiatuta zegoen hiri batean, Cadizen. Testu juridikoa da, hainbat artikulu daudelako. Artikulu hauetan hiritar bakoitzaren eskubideen deklarazioa azaltzen da.

Egile kolektibo batek idatzi zuen, Gorteetako ordezkariek hain zuzen. Zenbait ikuspegiren arteko oreka mantentzeko (Erregimen Zaharraren zein gizarte moderno baten aldekoak) artikulu batzuk aurrerakoiak dira eta beste batzuk ez hain modernoak. Izan ere, Cadizko Gorteek antolatu zituzten batzordeetan burutu zen talde desberdinen arteko eztabaida politikoa:

  • Batetik, Erregimen Zaharraren aldekoak, absolutistak.
  • Bestetik, berrikuntza iraultzaileen aldekoak, liberalak.

Konstituzioaren Garapena eta Edukia

Edukiari begira, artikuluetan gai ezberdinak jorratzen dira (politikoa, ekonomikoa eta erlijiosoa).

Estatuaren Definizioa eta Subiranotasuna (Art. 1 eta 3)

  • 1. artikuluan estatuaren definizioa azaltzen da: “...bi emisferioetako...batasuna da.” Bertan, metropoliko eta kolonietako herritarrek nazio bera osatzen dutela esaten du (nazio espainiar guztien batuketa).
  • 3. artikuluan nazioaren subiranotasuna ezartzen da, hau da, boterea, legeak ezartzeko eskubidea herritarrena dela, nazioarena. Erregimen Zaharrean, estamentuzko gizartearen arabera ulertzen zen gizartea, baina oraingoan protagonista nazioa da.

Berdintasun Ekonomikoa eta Gizartea (Art. 8)

8. artikuluaren arabera, “...estatuko gastuetan...ondasunen arabera...”, ekonomia eta gizarte berdintasuna aldarrikatzen da. Antzinako Erregimenaren nobleek ez zituzten zergak ordaintzen, baina konstituzioa egin ondoren hauek ere ordaindu behar izan zituzten, zeuzkaten ondasunen arabera.

Erlijioa eta Gobernu Mota (Art. 12 eta 14)

  • 12. artikuluan ikus dezakegu nola konstituzioak ez duen iraganarekin erabat apurtzen. Eliza katolikoak garrantzia izaten jarraitzen du, erlijio katolikoa bakarra dela zehazten baitu. Beste erlijio guztiak debekatuak izaten jarraitzen dira: “...egiazko den bakarra...beste edozein...debekatzen du.” (Erlijio ofiziala katolikoa da. Ez dago erlijio askatasunik).
  • 14. artikuluan estatuaren gobernu mota zehazten da: oinordetzako monarkia moderatua.

Botere Banaketa eta Eskubideak (Art. 15-17 eta 371)

  • 15., 16. eta 17. artikuluetan botere banaketa zehazten da: legegilea, betearazlea eta judiziala.
  • 371. artikuluan gizabanakoen eskubide batzuk jasotzen dira, hala nola, iritzi eta prentsa askatasuna. Berdintasuna arlo guztietan hedatzen saiatzen da, salbuespen bakarra erregea izanik.

Ondorioak eta Mugak (Konklusioa)

Konstituzio hau Cadizko Gorteek egindako lorpenik handiena bada ere, esan beharra dago beste lege dekretuen bidez osatu zela estatua modernizatzeko plana, edo Antzinako Erregimena desegitekoa. Esate baterako, jaurerriak deuseztatzeko legea, eta abar. Modu horretan estatu modernoa eta berdintasunean oinarritutako Estatua indarrean jartzeko abian jarri zuten, estatua ez baitzen ondo hedatzen jaurerrietara.

Ekonomiaren Liberalizazioa

Ekonomian ere berrikuntzak egiten saiatu ziren, askatasuna arlo guztietara zabalduz:

  • Gremioen ordenantzak ezerezean geratzea.
  • Landareak sortzeko, garraiatzeko eta saltzeko erabateko askatasuna.
  • Lursail hesituak izateko eskubidea.

Programa Liberalaren Epe Laburreko eta Luzeko Eragina

Azkenik, programa liberal hau agian ez zen erabat burutuko hurrengo urteetan, baina bai pixkanaka XIX. mendean zehar. Eta honekin batera, epe laburrean Erregimen Zaharrari amaiera eman zion.

Estatu Berriaren Gabeziak eta Mugak

Dena dela, helburu mugatuak eta Estatu berri honen gabeziak zehaztu beharra dago. Esate baterako, bertikalean egindako egitura honetan, frantses eredu zentralistari jarraituz, baztertuta geratzen dira Estatuko gutxiengo batzuk (Euskal Herria, Katalunia...).

Ekonomian, askatasuna bultzatu bazen ere, zenbait pausu eman beharko ziren handik aurrera merkatu nazionala lortu arte, eta arlo honetan, beste batzuetan bezala, astiro egin zen modernizazio hori. Zentzu honetan, pausu bat izan zen, garrantzitsua, baina mugatua.

Politikan herria erabat baztertuta geratu zen, eta bakarrik 1876ko konstituzioarekin batera ziurtatuko zen gizonezkoen sufragio unibertsala, eta emakumezkoena, ordea, 1931ko konstituzioan.

Deskargatu

PDF Word HTML