Cadizko Konstituzioa (1812): Analisia eta Testuingurua

Historia4,87 KB

Cadizko Konstituzioa (1812): Kokapena

Aurrean dugun testua Cadizko Gorteek aldarrikatu zuten Konstituzioaren zenbait artikulu dira. 1812ko martxoaren 19an, Cadizen, frantsesek konkistatu gabeko esparruan, aldarrikatu zen. Garai hartan, Karlos IV.a eta haren seme Fernando VII.a Baionan gatibu zeuden, Independentzia Gerran. Lehen mailako dokumentu publikoa da, bi hemisferioetako espainiar guztiei zuzendua. Formaren aldetik juridikoa da, eta edukia politikoa. Egilea Cadizko Gorteak dira. Helburua Espainiako sistema politikoa ilustrazioaren ideietan oinarrituz aldatzea zen.

Azterketa: Termino Historikoak

Monarkia:
Subiranotasuna pertsona bakar baten esku dagoen gobernu-mota.
Konstituzioa:
Herrialde bateko oinarrizko legeak; bertan, herrialdeko sistema politikoa eta herritarren eskubide eta betebeharrak adierazten dira.
Subiranotasun nazionala:
Herrialde nahiz herri bateko lurraldea eta herritarrek gobernatzeko ahalmena, eskumena eta eskubidea da.
Gorteak:
Botere legegilea duen pertsona taldea. Antzinako Erregimenaren garaian erregeari aholkuak emateko soilik balio zuen.

Ideia Nagusiak

  1. Estatu mota (monarkia parlamentarioa) (1. eta 14. artikuluak): Espainia nazioa osatzen dutenak eta aginte mugatua izango duen monarkia moderatua.
  2. Subiranotasun nazionala (13. artikulua): Nazioaren esku dagoen subiranotasuna.
  3. Botere banaketa (15., 16. eta 17. artikuluak): legegilea, betearazlea eta judiziala.
  4. Ogasuna (8. artikulua): Herritarren berdintasuna lortzeko helburuarekin zerga sistema bakarra ezarri zen, beste neurri batzuen artean.
  5. Erlijio katolikoa (estatu konfesionala): erlijio ofizial bakarra. Besteak debekatuta zeuden (12. artikulua).
  6. Eskubide ezberdinen onarpena (adierazpen askatasuna): prentsa askatasuna, adierazpen askatasuna.

Testuingurua

Testu hau Antzinako Erregimenaren krisiaren garaian kokatzen dugu. Espainiako independentzia eta Borboien monarkia defendatzeko, espainiar herritar gehienak frantsesen inbasioaren eta haien ideien aurka armekin borrokatzen ari ziren bitartean, gutxiengo liberal batzuk ideia horietan oinarriturik iraultza liberal burgesa egin nahi zuten Espainian.

Jose I.a tronuan jarri ondoren, Espainiak ez zuen gobernu berria legitimotzat jo. Fernando VII.a gatibu zegoenez, juntak antolatu ziren, Junta Zentralarekin koordinatuz, hasieran Aranjuezen eta gero Cadizen, frantsesengandik ihes eginez. Cadiz hiria gerratik isolatuta egoteak liberal asko erakarri zituen; burges ugari bizi zen bertan, eta gerra garaian populazioa gehiago hazi zen, ilustratu eta intelektual asko bertan errefuxiatu baitziren. Eragin hau Gorteetako diputatuen arteko eztabaidetan islatzen zen; gainera, bertako prentsa haien alde izanda, liberalak nagusitzen ziren gehienetan.

Espainiako lehen Konstituzioa izan zen, eta bertan liberalismoaren ideia nagusiak jaso ziren. Subiranotasuna, orain arte, erregearena zen, jainkoaren ordezkariarena. Orain, subiranotasuna nazioarena izatea aldarrikatzen da, eta Gorteetako diputatuek dute legeak ezartzeko eskubidea. Subiranotasunaren alde egin zuten monarkia absolutista suntsitzeko asmoz.

Botereak banatu ziren. Legegilea Gorteen esku zegoen, eta erregeak beto eskubidea zeukan. Betearazlea erregearen esku zegoen, eta ministroak askatasunez aukera zitzakeen. Bera da armadaburu, nazioarteko harremanez, gerra deklaratzeaz eta bakea sinatzeaz arduratzen da, baina ezin ditu Gorteak desegin. Judiziala justizia auzitegien esku zegoen.

Izaera konfesionala zuen: erlijio ofiziala katolikoa zen, eta pribilegiodunen jabetzak onartzen ziren. Foruak deuseztatu eta batasun administratibo zentralizatua ezarri nahi zuten. Konstituzioak ez zituen foruak aipatzen, herritar guztien eskubide-berdintasuna aldarrikatzen baitzuen.

Herritarren berdintasuna lortzeko, burokrazia zentralizatua, zerga sistema bakarra, gremio zein jaurerrien deuseztapena, barne aduanak kendu eta milizia nazionala ezarri ziren.

Ondorioa

Espainiako lehen Konstituzioak eragina izango du Espainiako konstituzionalismoan, baita Italia, Portugal eta Hego Amerikako konstituzioetan ere. Denbora laburrean egon zen indarrean: 1812-1814 (Fernando VII.a itzuli zen arte), 1820-1823ko Hirurteko Liberalean eta 1836an 11 egunez, La Granjako altxamenduaren ostean.

Antzinako Erregimenetik sistema liberal berrira pasatzeko ideiak biltzen zituen: subiranotasun nazionala, erregearen botere mugatua eta gizarte estamentalaren deuseztapena, esaterako. Baina Konstituzioak hainbat muga izan zituen. Izan ere, herritarren talde txiki batek soilik babesten zituen printzipio liberal iraultzaileak, gehiengoak monarkia tradizionala eta katolizismoa defendatzen baitzituen.

Deskargatu

PDF Word HTML