Cadizko Gorteak eta Liberalismoaren Historia Espainian: Foruak eta Gerra Karlistak (1810-1876)
Cadizko Gorteak (1810)
Gorteen osaketa eta antolamendua
Gorteak gizarteko estamentu ezberdinetakoek (klerikoek, abokatuek, funtzionarioek, militarrek, merkatariek) osatzen zituzten. Diputatuak ziren. Hauen artean ikuspegi ezberdinak zeuden:
- Talde batek sistema politikoari eutsi nahi zion, aldaketarik egin gabe.
- Beste talde batek tarteko erregimen bat ezarri nahi zuen, absolutismoaren eta nazioaren subiranotasunean oinarritutako eredu konstituzionalaren artekoa.
- Liberalek subiranotasun nazionalean oinarritutako konstituzioa ezarri nahi zuten.
Liberalen azken ikuspegiak izan zuen arrakasta handiena. Gorteak Cadizen bildu ziren; alde batetik, hiri hori defendatzea errazagoa zelako, ez baitzegoen frantsesen okupazioaren mende, eta bestetik, liberalismoak han indar handia zuelako. Gorteen helburua konstituzio bat sortzea zen.
Legeak
Antzinako erregimenarekiko haustura erradikala ekarri zuen:
- Subiranotasun nazionala
- Legearekiko berdintasuna
- Erreformak: askatasun ekonomikoa eta adierazpen askatasuna aldarrikatu. Antzinako erregimeneko erakundeak (Inkisizioa, gremioak) deuseztatu.
1812ko Konstituzioa
Espainiako lehenengo konstituzioa izan zen eta eredugarria Europarentzat eta Amerikarentzat. Printzipioak:
- Subiranotasun nazionala: boterea herriari dagokio eta ez erregeari.
- Legearekiko berdintasuna: biztanle guztiak berdinak dira legearen aurrean, ez dago pribilegiorik.
- Botereen banaketa: botere legegilea Gorteei. Botere betearazlea erregeari eta gobernuari. Botere judiziala epaitegiei.
- Erlijio katolikoa, bakarra eta ofiziala.
- Gizonezkoen sufragio unibertsala: adin nagusiko herritar gizonek dute boto eskubidea.
- Gobernu mota: oinordetzako monarkia moderatua.
- Eskubide eta askatasunak: inprenta eta adierazpen askatasuna.
- Berezitasuna: milizia nazionala.
Konstituzio honekin Antzinako erregimenarekin amaitu nahi zen eta liberalismoa ezarri. Iraultza liberalaren oinarria izan zen, baina ez zen aplikatu gerragatik.
Definizioak
- Sufragio zentsitarioa: goi mailakoek soilik dute boto eskubidea. Baldintza: errenta minimo bat izatea.
- Estatu laikoa: ez da erlijio bakar bat inposatzen. Botere politikoa eta botere erlijiosoa bereiztuta daude.
Seiurteko absolutista (1814-1820)
1814an Fernando VII.a Espainiara iritsi zen. Ez zuen konstituzioa onartu eta absolutismoa berrezarri zuen.
Absolutismoaren berrezarpena
Fernando VII.a 1814an iritsi zenean, Pertsiarren manifestua argitaratu zen: absolutismoaren aldeko idazki publikoa, non erregeari absolutismoa berrezartzeko eskatzen zioten. 69 diputatu absolutistek sinatu zuten.
1814ko maiatzaren 4ko Valentziako dekretuaren bidez erregearen botere absolutua ezarri zen eta Cadizko Gorteek egindako legeria alde batera utzi zen. Horretarako Inkisizioa, gremioak eta talde pribilegiatuak berrezarri zituzten.
Errepresioa liberalen aurka izan zen. Iraultza liberalekin lotutako intelektualek jasan zuten errepresio oso gogorra: asko espetxeratu eta erbesteratu ziren, Frantziara eta Erresuma Batura.
Gobernu absolutistaren arazoak
Amerikako kolonien independentziaren aldeko gerrari aurre egin behar izan zioten. Gobernuak aldaketa ugari egin zituen, eta horrek ezegonkortasuna sortu zuen. Gainera, ogasunaren porrota gertatu zen, eta zorra handia zen. 1817an erreforma fiskal bat ezarri zen egoera hobetzeko, baina diru sarrera gutxi zegoen eta pribilegiodunak ez zituzten zergak ordaintzen. Monarkia absolutuak ez zuen irtenbiderik eta ahultzen hasi zen.
Pronuntziamendu militarra eta absolutismoaren amaiera
XIX. mendean zehar hainbat pronuntziamendu militar gertatu ziren: armadako sektore baten altxamendua, zibilek babestua, gobernua aldatzeko.
Liberalen ahultasuna herritarren babesik eza zen, eta boterea lortzeko modu bakarra militarren laguntza baliatzea zen. 1820ko urtarrilean Rafael de Riego jeneralaren armadaren altxamendua izan zen. Hasieran Riegok babes handirik ez zuen, baina iraultza Andaluziara eta Espainiako beste hiri batzuetara zabaldu zen. 1820ko martxoan, Fernando VII.ak 1812ko Konstituzioa onartu behar izan zuen. Hirurteko liberala hasi zen.
Hirurteko liberala (1820-1823)
Riegoren pronuntziamenduaren ostean, Fernando VII.ak 1812ko Konstituzioa onartu zuen eta gobernu liberala eratu zen. Cadizko Gorteen dekretuetako jarduera legegilea berreskuratu nahi izan zuten.
Kultura politiko liberalaren eraketa
Askatasun politikoetan oinarritutako sistema eratzeko neurriak hartu zituzten: preso politikoak askatu, pribilegioak eta antzinako erregimeneko erakundeak deuseztatu, Milizia Nazionala sortu (sistema konstituzionala defendatzeko) eta Gorteak hautatzeko hauteskundeetarako deia egin zuten.
Erreforma politiko eta ekonomikoak egin zituzten. Horretarako, prentsa eta elkarte patriotikoak baliatu zituzten. Adierazpen-bitarteko hauek liberalismoaren zabalkuntzarako lagungarriak izan ziren:
- Prentsa: pluralismo ideologikoaren eta adierazpen askatasunaren tresna izan zen.
- Elkarte patriotikoak: egoera politiko eta sozialari buruzko gaiak eztabaidatzen ziren bertan.
Liberalismoaren barneko banaketak
Liberalismoaren barruan bi joera zeuden:
- Liberal moderatuak: tradizioarekin lotutako zenbait ideia mantendu nahi zituzten, erregeari botere handiagoa ematea defendatzen zuten eta adierazpen askatasuna kontrolatu nahi zuten.
- Liberal erradikalak: 1812ko Konstituzioa berrezarri nahi zuten eta erreforma erradikalak egin.
Moderatuen gobernualdia eta erradikalen agintaldia txandakatu ziren.
Hamarkada gaitzesgarria (1823-1833)
Errepresioa eta erbesteratzea
Liberalen aurkako errepresio politikoa oso gogorra izan zen. Liberal asko erbestera joan behar izan zuten, gehienek Erresuma Batuan edo Frantzian babesa bilatuz. Ihes egiterik lortu ez zutenak espetxeratu edo hil egin zituzten. Estatu absolutistak errepresiorako lau tresna baliatu zituen:
- Polizia Superintendentzia eta batzorde militarrak sortu zituzten, liberal funtzionarioak eta militarrak erbesteratu edo espetxeratzeko.
- Boluntario erregezaleen milizia absolutista sortu zen, liberalen Milizia Nazionalaren aurka.
- Justizia auzitegiek liberaltzat jo zituzten “gora askatasuna” edo antzekoak esaten zituztenak, eta ikur liberala zeramatenak.
- Fede Juntak, Inkisizioak izandako funtzioaren antzekoa egin zuten.
Gobernu absolutisten erreformak
Helburua ez zen Antzinako Erregimena bere osotasunean berrezartzea; modernizatzea beharrezkoa zen. Gobernuen zeregin nagusia errepresioaz gain, ogasuna eta administrazioa erreformatzea izan zen. Koloniak galtzearen ondorioz, Ogasunaren krisia gainditzeko ahaleginak egin zituzten: administrazioaren erreforma, banku publikoen sorrera, sistema fiskalaren erreforma eta Estatuaren aurrekontua.
Absolutismoaren krisia eta auzi karlista
Fernando VII.ak zenbait erreforma egin zituen; esaterako, ez zuen Inkisizioa berrezarri. Absolutista batzuek erregea liberalen mende zegoela pentsatu zuten, eta absolutisten sektore batek Karlos Maria Isidro, erregearen anaia, tronua hartzea nahi zuen. Karlisten altxamenduak izan ziren hamarkada osoan zehar. Matxinoek Antzinako Erregimena bere osotasunean ezartzea nahi zuten eta Karlos Maria Isidro errege izendatzea.
Ondorengotzaren auzia
Erregeak ez zuen ondorengorik. 1829an laugarren aldiz ezkondu zen, Maria Kristina borboitarrarekin, eta 1830ean haurdun zegoela jakinarazi zen. Berrespen Pragmatikoa argitaratu zen Lege Salikoa (gizonezkoek bakarrik heredatu zezaketen tronua) baliogabetzeko. 1830ean jaio zen Isabel II.a.
Sektore karlistak jarrera erradikalagoa hartu zuten, ondorengoa Karlos izatea nahi baitzuten. Erregeak gobernu moderatua eratu zuen eta Isabel izendatu zuen ondorengo. 1833an Fernando VII.a hil zen, eta Isabel II.a erregina izango zen. Bi urte besterik ez zituenez, haren amak kargua hartu zuen.
Amerikako kolonien independentzia
Amerikako independentzia-prozesua bultzatu zuten faktoreak
XIX. mendean independentziaren aldeko mugimenduak sortzea eragin zuten faktoreak:
- Amerikako kolonien gaineko kontrol ekonomiko eta administratiboa areagotu zen, eta bertako gobernuetako karguak penintsulakoen esku jarri ziren. Kreolak boteretik kanpo geratu ziren.
- Amerikako merkataritza liberalizatu zen, penintsulako merkatarientzat onuragarria. Monopolioa galdu zen.
- Amerikako Iraultzaren eraginez Estatu Batuak sortu ziren.
- Frantziako Iraultzaren ideiak Ameriketan zabaldu ziren.
- Erresuma Batuek Amerikako herrialdeak independente izatea nahi zuten.
Prozesu honetan parte hartu zuten liderretako batzuk Simón Bolívar eta San Martín izan ziren.
Kreolak Amerikan jaiotako espainiarren ondorengoak dira. Latinoamerikako goi eta erdi klasea osatzen zuten (bertako lurjabeak, jauntxoak). Independentziaren alde borrokatuko dira, botere politikoa kontrolatu ahal izateko.
Ondorioak
Espainiak baliabide ugari galdu zituen, eta herrialdeko krisia areagotu zen. Espainiak Amerikako inperioa galdu zuen, Kuba eta Puerto Rico izan ezik.
Simón Bolívarren estatuen federazio bat sortzeko proiektua porrot egin zuen, eta lurraldea hiru errepublikatan zatitu zen. Gaur egungo Hispanoamerika osatzen duten herrialdeetan, boterea kreolen esku geratu zen.
Mendekotasun ekonomikoa ez zen amaitu, eta beste lurralde batzuek hartu zuten merkataritzaren kontrola.
Isabel II.aren erreinaldia. Estatu liberalaren eraikuntza eta finkapena (1833-1874)
Fernando VII.a hil aurretik, Lege Salikoa indargabetu zen bere alaba Isabel II.a erregina bihurtzeko. Isabel II.a erregina bihurtzean, haren amak liberalismo moderatua ezarri zuen liberalen babesa lortzeko, izan ere, karlistek Fernando VII.aren anaia errege bihurtzea nahi zuten.
Maria Kristinaren erregeordetza (1833-1840)
Liberalismoa bi korronte nagusitan banatuta zegoen:
- Liberal moderatuak: absolutismoaren eta subiranotasun nazionalaren arteko zerbait lortu nahi zuten.
- Liberal progresistak: Cadizko Gorteen jarduera legegilearen alde zeuden.
Erregearen estatutua (1834-1835)
1833an Espainia probintzietan banatu zen. Frantziako ereduari jarraituz egin zen probintzien banaketa, eta banaketa horrek gaur egunera arte iraun du.
Fernando VII.a hil zenean, absolutista sektore batek Karlos V.a errege izendatzea nahi zuen, ez baitzuten Lege Salikoa onartzen. Ondorioz, Karlos V.a errege bihurtzea nahi zuten absolutisten eta Maria Kristina erreginaren aldeko liberalen artean gerra sortu zen: Lehen Karlistaldia.
1834an erregeordetzak Martínez de la Rosa deitu zuen liberalismoan oinarritutako gobernu bat eratzeko. Honek Errege Estatutua egin zuen: Gorteak bi ganbera zituen, subiranotasuna historikoa zen eta Gorteen eta erregearen esku zegoen. Botere legegilea erregeak zuen.
Gobernu progresistak (1835-1837)
Mendizabalen desamortizazioa
Mendizabalek lortu zuen Maria Kristinak kausa liberal progresista babestea. Maria Kristinak Mendizabal presidente izendatu zuen, eta ogasun ministro izan zen. Mendizabalen helburua gerra denbora gutxian amaitzea eta zorra murriztea zen. Horretarako, desamortizazioa agindu zuen: estatuak Elizaren lur jabetzak desjabetzea. Lurrak desjabetu eta enkanteen bidez saldu ziren, ogasunak diru sarrerak lortzeko, gerra amaitzeko eta zorra murrizteko.
Gerra ez zen amaitu eta ezin izan ziren zorrak murriztu. Desjabetutako lurrak diru-jabeek erosi zituzten, eta beraz, hauen aberastasuna finkatu zen.
1837ko Konstituzioa
1837an progresistek pronuntziamendu baten bidez gobernu aldaketa egiten saiatu ziren. La Granjako sarjentuen ofizialorde talde bat matxinatu zen eta gobernu liberala gobernu progresista bihurtu zen. La Granjako matxinadaren emaitza Gorteetarako deialdia izan zen, eta konstituzio berri bat egin zen. Oinarriak:
- Subiranotasun nazionala.
- Botere banaketa: legegilea Gorteek eta erregeek; betearazlea erregeak; judiziala auzitegiek.
- Gobernu mota: monarkia konstituzionala.
- Gorteek bi ganbera: Kongresua eta Senatua.
- Erlijio katolikoa bakarra eta ofiziala.
- Berdintasuna legearen aurrean.
- Adierazpen askatasuna.
Hauteskundeak sufragio zentsitarioaren bidez antolatu ziren, hau da, zergadun handienek soilik zuten botoa emateko eskubidea. Liberal moderatuek irabazi zituzten hauteskundeak eta hirurteko moderatua hasi zen.
Hirurteko moderatua (1837-1840)
1837ko hauteskundeetan moderatuek irabazi zuten, eta 1837ko Konstituzioaren helburua bertan behera utzi zuten.
Botere militarrean zeresan handia izan zuten jeneral ospetsuenek: Narváez liberalismo moderatuan eta Espartero progresisten aldean. Isabel II.aren erregealdian elkarren aurka ibili ziren.
1839an Bergarako Hitzarmena sinatu zuten karlistekin. 1840an Maria Kristinak Udalen Legea sinatu zuen, eta Esparterok dimititu egin zuen. Maria Kristinak ez zuen dimisioa onartu, eta hainbat herri matxinada sortu ziren Bartzelonan. Geroago Madrilen matxinada sortu zen eta Maria Kristinak Esparteroi matxinadari aurre egiteko eskatu zion, baina Esparterok ez zuen onartu.
Maria Kristinak Espartero presidente izendatu zuen eta uko egin zion erregeordetzari. Maria Kristina Esparterok osatutako gobernuaren kontra azpijokoan aritu zen, moderatuekin batera.
Esparteroren erregeordetza (1840-1843)
Esparteroren autoritarismoa
Esparterok erregeorde bakar izatea eskatu zuen. Gobernua kudeatzeko modu berezia zuen. Programa progresistak hainbat neurri hartu zituen liberalismo ekonomikoa bultzatzeko (ekonomia atzeratua) eta desamortizazio prozesua jarraitzeko (Eliza bere kontra).
Erregeordetzaren krisia
1842an krisia sortu zen Esparteroren erregeordetzan. Babes txikia zuen parlamentuan eta gobernu progresista bakartuta geratu zen nazioartean, Maria Kristina Narváez eta moderatuekin azpijokoan ibili baitzen. Bartzelonako gertaeren ondorioz, jendearen babesa ere galtzen hasi zen. Politika librekanbistaren ondorioz, Kataluniako ehungintza-fabriketan arazoak sortu ziren, Britainia Handitik ehun hobea eta merkeagoa inportatzen hasi baitziren. Ondorioz, miliziano asko Esparteroren aurka manifestatu ziren, eta Esparterok Bartzelona bonbardatzeko agindua eman zuen.
Etapa ezegonkor hau diputatu progresistek matxinadarako deia egin zutenean amaitu zen. Esparterok gorteak desegin zituen, baina matxinada Espainia osoan zabaldu zen. Progresistek eta moderatuek Esparteroren armadari aurre egin zioten, eta Esparterok uko egin behar izan zion erregeordetzari eta Londresera alde egin zuen.
Hamarkada moderatua (1844-1854)
Alderdi politikoak
Alderdiak eragin handiko pertsona talde boteretsuak ziren. Hauteskundeetan ustelkeria nagusi zen, eta prentsa politikoaren bidez ideiak eta programak aldi praktiko bihurtzen ziren. Faktoreak:
- Buruzagien garrantzia.
- Hauteskundeetan parte hartzeari uko egiten zitzaion askotan, sistemak akatsak zituelako.
Jende gutxik parte hartzen zuen hauteskundeetan, eta herritar gutxi batzuk bakarrik parte hartzen zuten politikan. Gainerakoak ikusle hutsak ziren.
Isabel II.aren erregealdian bost alderdi politiko egon ziren:
- Alderdi karlista: Antzinako erregimenaren itzulera nahi zuten (erakundeak, pribilegioak, gizarte estamentala). Foruak onartu. Nobleziaren, klerooaren eta nekazarien aldekoa.
- Alderdi moderatua: ideia liberalen alde, baina ordena berria eta tradizioa mantentzen zituena: monarkiari botere gehiago eman. Elizarekin harremanak. Klase aberatsenen aldekoa.
- Batasun Liberala: moderatu eta progresisten artekoa. Subiranotasun partekatua (erregea-Gorteak). Gizarte ordenaren alde. Klase aberatsenen aldekoa.
- Alderdi progresista: subiranotasun nazionala. Botere banaketa. Tokiko botereak indartu. Koroa baztertu. Erdi mailako klasearen aldekoa.
- Alderdi demokratikoa: subiranotasun nazionala. Gizonezkoen sufragio unibertsala. Erregearen botere murriztea eta tokiko botereak babestea. Erdi eta behe mailako klasearen aldekoa.
Isabel II.aren adin-nagusitasuna
Transizio garaia izan zen. Narváez Madrilgo kapitain jeneral izendatu zuten. Isabel II.aren adin-nagusitasuna aurreratzea proposatu zen, eta beraz, Isabelek 13 urte zituela lortu zuen erregetza, nahiz eta politikarako prestatuta ez egon. Narváezek agintzen zuen politikan. Guardia Zibilaren sorrera ere garai honetakoa da.
Narváezen gobernua
Estatu zentralizatua eta uniformea lortu nahi zuen, eta horretarako arau hauek egin zituen:
- 1845eko Konstituzioa: konstituzio moderatua, liberalismo kontserbadorean oinarritua. Oinarriak:
- Subiranotasun partekatua (erregea-Gorteak).
- Erlijio katolikoa bakarra eta ofiziala.
- Botere banaketarik ez.
- Sufragio zentsitarioa; honen bidez, Kongresuko kideak aukeratu.
- Gorteak bi ganbera: Kongresua eta Senatua (erregeak aukeratu).
- Milizia Nazionala desegin.
- Lurralde antolaketa: probintzietako diputazioak eta udalak.
- Ondasun desamortizatuen salmenta eten.
- Ikasketa planak egin zituen: hiru hezkuntza maila zituen eta Madrilen zentralizatuta zegoen.
- Tokiko eta probintziako administrazio legeak.
- Ogasun lege berriak.
- Kodifikazio Batzorde Nazionala eratu zen, administrazio berriaren oinarrizko kodeak sortzeaz arduratzen zena.
Horrez gain, Narváezek probintzien gobernua berrantolatu zuen eta hauteskunde ustelkeriaren sistema hobetu zuen.
Bravo Murillo eta moderantismo teknokratikoa
Bravo Murilloren helburua zor publikoa murriztea zen. 1851ean konkordatu bat sinatu zen Vatikanorekin, eta horrela, kleroaren ondasunen desamortizazioaren ondorioz sortutako arazoa konpondu zen.
1852an konstituzioa aldatzen saiatu ziren. Bravo Murillok dimititu egin zuen. Garai hartan, alderdi moderatua zatituta zegoen eta moderatuak oso ahulak ziren.
Negozio handietan ustelkeria kasu ugari ematen ziren. Giro politiko honetan, 1854ko altxamendua sortu zen, eta biurteko progresista etorri zen.
Biurteko progresista (1854-1856)
1854ko iraultza
1854an militar talde bat matxinatu zen Dulce eta O'Donnell jeneralen agindupean. Pronuntziamendu hori Vicálvarada izenez ezagutzen da.
Pronuntziamendu militarra pronuntziamendu zibil bihurtu zuten. Horretarako Manzanaresko Adierazpena idatzi zuten, alderdi progresistaren ohiko programa ezartzea eskatuz. Pronuntziamendua iraultza bihurtu zen, baina berandu iritsi zen, Europan iraultza 1848an sortu zelako kontuan hartuta.
Biurteko progresistako gobernuaren lana
Bi buruzagi egon ziren gobernuan: Espartero (progresista) eta O'Donnell (unionista). Lehen gobernua Esparterok zuzendu zuen. Madozen Desamortizazioa jarri zuen abian: Madoz Ogasun ministroak desamortizazio lege orokorra egin zuen 1855ean. Elizaren eta udalerrien ondasunei eragin zien. Ondasun nazionalizatu horiek 1855etik 1867ra saldu ziren. Burdinbideen lege nagusia ezarri zen (1855). Horrez gain, liberalismo ekonomikoa bultzatzeko eta Estatua modernizatzeko legeak ere abian jarri ziren. Zor publikoa arazo larria izan zen; Estatuak ezin zien militarrei eta funtzionarioei ordaindu.
Arazoen eraginez, Esparterok dimititu behar izan zuen, eta O'Donnell izan zen gobernua zuzentzen hasi zena.
1856ko Konstituzioa eta biurteko krisia
Konstituzio hau Non nata ere deitu zioten, ez baitzen indarrean jarri. Konstituzio progresista zen. Oinarriak:
- Subiranotasun nazionala.
- Sufragio zentsitarioa; honen bidez probintzietako eta udaletako gobernuak aukeratzen ziren.
- Bi ganberako parlamentua: Kongresua eta Senatua.
- Milizia Nazionalaren berrezarpena.
- Inprenta askatasuna.
- Erlijio askatasuna.
1856ko Konstituzioa ez zen indarrean jarri. 1856an Batasun Liberala sortu zen eta O'Donnell gobernuko presidentziara iritsi zenean sendotu zen. 1856an Valladolid eta Valentzian eman ziren matxinaden eraginez, O'Donnellek esku hartu behar izan zuen. Kongresua tropez inguratu eta parlamentua desegin zuen. Biurteko progresista amaitu zen eta O'Donnellen Batasun Liberala hasi zen.
Batasun Liberala (1856-1863)
O'Donnellek zuzendutako gobernu berriak biurtekoko politika eta lege guztiak deuseztatu zituen. 1845eko Konstituzioa berrezarri zuen, baina lege progresista batzuk (inprenta legea, adierazpen askatasuna) mantendu zituen.
O'Donnellek gobernuaren kanpo politikaren asmo nagusia ospea lortzea zen. Atzerriko gertaera garrantzitsuena Afrikako Gerra izan zen (1859-1860), eta aberriarekiko miresmen handia sortu zuen. Bestalde, O'Donnellek administrazio sistema berria osatzeko lege garrantzitsuak onartu zituen. Estatuaren gastuak handitu ziren.
Liberalismoaren krisia
O'Donnellen gobernuak krisia izan zuen 1863an, eta moderatu bat izendatu zuten gobernuburu. Batasun Liberalak eta progresistek hauteskundeetan parte hartzeari uko egin zioten. Gainera, moderatuak gero eta banatuago zeuden. Egoera horretan, Isabel II.ak 1864an Narváezi agindu zion gobernua eratzea.
Moderatuak eta unionistak txandakatzea zen hasierako asmoa. Ezin izan ziren bi helburu hauek abian jarri: botere txandaketa eta progresistak joko politikoan sartzea. Progresistak demokratengana hurbiltzen hasi ziren.
Krisi politikoa talde politikoen banaketaren, zor publiko handiaren eta erreginak gobernu gaietan esku hartzearen ondorioz gertatu zen. Erreginak gero eta ospe txarragoa zuen. Bere portaera pribatua kritikatuko dute, eta zor publikoa murrizteko bere ondare guztia ez emateagatik ere kritikatua izango da.
Gobernuaren aurkako zenbait altxamendu eta pronuntziamendu militar eman ziren. 1866an progresistek eta demokratek Ostendeko Ituna sinatu zuten Belgikan, erregina tronutik kentzeko.
1866an krisi ekonomikoa eman zen, industrian eta finantzetan eragina izan zuena. Trenbideek errentagarritasun txikia zuten. Hornigaien krisia ere sortu zen; behar handiena uzten klaseei eragin zien, eta herri matxinadak sortu ziren.
1868an Cadizen pronuntziamendua prestatu zuten, La Gloriosa izenez ezagutzen dena. Ondorioz, erregina atzerrira joan behar izan zen, eta horrela amaitu zen Isabel II.aren erreinaldia.
Seiurteko demokratikoa
Irailgo iraultza eta behin-behineko gobernua
Iraultza loriatsua
Altxamendu militarraren ostean, mugimendu iraultzaile bat sortu zen, Iraultza Loriatsua izenez ezaguna, progresisten eta unionisten aliantzaren eta demokraten babesaren ondorioz. Burges asko iraultzarekin bat egin zuten. Helburua erregina boteretik kentzea zen, eta iraultzak bidea eman zuen erreforma programa abian jartzeko. Ideia iraultzaileak alderdi demokratikoak sustatu zituen; sufragio unibertsala eskatu zuen eta erdiko klaseen eta langileen alde ere egin zuen.
Altxamendua Cadiztik penintsula osora zabaldu zen. Errege familia Donostian zegoen, eta iraultzaz ohartzean horri aurre egiten saiatu ziren, baina erreginak eta bere gorteak Frantziara joan behar izan zuten.
Gobernuak junta iraultzaile baten esku utzi zuen boterea iraultza bideratzeko. Madrilgo junta iraultzaileak behin-behineko gobernua eratzeko eskatu zion Serrano jeneralari. Juntak desegin zituzten (urriaren 13an), baina batzuek iraun egin zuten. Beraz, bi botere zeuden: juntak eta gobernua.
Behin-behineko gobernua eta hartutako neurriak
Lehen neurriek iraultza kontrolatzea zuten helburu: juntak desegitea, Milizia Nazionala berrantolatzea… Horrez gain, herritarren eskakizun batzuk onartu zituzten: kontsumo zergak kentzea, jaiotako esklaboen seme-alabak askatzea, hezkuntzaren erreforma eta inprenta askatasuna.
Urriaren 25ean, gobernuak erreformen programa aurkeztu zuen nazioari zuzendutako adierazpen baten bidez: sufragio unibertsala, erlijio-irakaskuntza eta inprenta askatasuna, elkartzeko askatasuna. Neurri ekonomikoak hartu zituzten finantza krisiari aurre egiteko: pezeta sortu zuten eta muga zerga librekanbista ezarri zen esportazioak eta inportazioak errazteko. Neurri sozialak burgesiari begira zeuden.
Behin-behineko gobernuak udal hauteskundeetarako deia egin zuen. 1869an, Gorte Konstituziogileak hautatzeko, progresistek eta unionistek lortu zuten gehiengoa. Gizonezkoen sufragio unibertsalaren bidez egin ziren hauteskundeak. Prozesu politiko horretan zehar, alde batera utzi ziren herri xeheko klaseen eskakizunak.
Serranoren erregeordetza
1869ko Konstituzioa
Oinarriak:
- Subiranotasun nazionala.
- Botere banaketa: legegilea Kongresuak eta Senatuak; betearazlea gobernuak; judiziala auzitegiek.
- 25 urtetik gorako gizonezkoen sufragio unibertsala. Honen bidez, senatariak eta Kongresuko diputatuak aukeratzen ziren.
- Bi ganberako sistema: Senatua eta Kongresua.
Erregeordetzako arazoak
- 1868an gerra kolonial bat Kuban.
- Karlisten eta alfontsinoen (borboitarrak itzultzearen aldekoak, Elisabet II.aren seme Alfontso izendatzearen aldekoak) etengabeko aurkaritza.
- Errepublikanoen etengabeko jazarpena, ez baitzuten irtenbide monarkikoa onartu.
- Herri xeheko klaseen ezinegona, ez baitziren beraien gizarte eskakizunak kontuan hartzen.
Errege baten bila
Bost errege-gai egon ziren, baina lau baztertu ondoren, Amadeo Savoiakoa hautatu zuten Espainiako errege. Garai hartako egoera ezegonkor eta korapilatsu horretan, Primek ahalik eta azkarren izendatu nahi zuen Amadeo errege ofiziala. Hori dela eta, Primek hautagaitza ofizialki aurkeztu zuen, eta Gorteetan botoa eman ondoren, Amadeok lortu zuen erregetza.
Amadeo I.aren erregealdia
1870. urtearen amaieran Prim hil egin zuten Madrilen, eta, beraz, erregearen babesle nagusia desagertu zen, eta horrek ezegonkortasuna ekarri zuen. Amadeo 1871an iritsi zen Madrilera, konstituzioa onartu zuen eta monarkia demokratikoa ezarri zuen. Armadako goi agintariek eta aristokraziak ez zuten erregea onartu, eta erregeak gobernua eratzeko eskatu behar izan zion Serranori.
Ezegonkortasun politikoa eta soziala
Arazo politiko nagusi bat Amadeoren aldeko alderdien barne banaketa izan zen, unionisten eta progresisten artekoa. Progresismoaren barruan bi joera zeuden: kontserbadoreak, unionisten babesa zutenak, eta erradikalak, alderdi demokratikotik banandutakoak. Bi joera horiek elkarren aurka egin zuten, eta gobernatzea ezinezkoa bihurtu zen.
Gobernuaren prestigio ahularen ondorioz, Amadeok Serrano izendatu zuen gobernuburu, baina gutxi iraun zuen gobernuan, eta Ruiz Zorrillak hartu zuen buruzagitza.
Gerrak eta armadako arazoak
Altxamendu karlista eta Kubako gerra izan ziren arazoak. Armadaren ezinegona areagotu zen, eta 1873ko otsailean Amadeok uko egin zion koroari. 1873an Kongresuak eta Senatuak, elkarrekin egindako bilkuran, boterea beren gain hartu eta errepublika aldarrikatu zuten.
Lehen Errepublika
Errepublika: erregerik ez duen sistema politikoa, non subiranotasun nazionalaren bidez presidentea aukeratzen den (Frantzia, Italia).
1873ko otsailean errepublika aldarrikatu zen.
Erregimen berriaren ahultasuna
Lehen Errepublika federalen eta unitarioen arteko gatazkek baldintzatu zuten, bakoitzak bere joera politiko eta proiektu desberdinak defendatzen zituelako. 1874an Pavía jeneralak estatu kolpea jo zuen, errepublika bertan behera utziz. Botere betearazleko lehen presidentea Figueras izan zen. 1869ko konstituzioari eutsi zion, monarkiari buruzko artikuluak kenduta. 1873ko maiatzean hauteskundeetarako deia egin zuten. Erradikalek hauteskundeak galduko zituztela uste zutenez, estatu kolpea prestatu zuten, baina porrot egin zuen. Hauteskundeak maiatzaren 10ean egin ziren, eta errepublika federala ezarri zen.
Errepublika federala
Federalismoa: botere banaketa. Tokiko botereak eta gobernu zentralaren botereak daude (koordinazio lana). Lurralde antolaketa (Alemania, Estatu Batuak).
Errepublika federala aldarrikatu ondoren, Pi i Margall izan zen gobernuko buruzagia. Ordena eta gobernua bermatzeko programa bat egin zuen. Bi gerrei (Karlista eta Kubakoa) aurre egin behar izan zien. 1873an greba orokorra izan zen. Pi i Margallek kantoien altxamenduei aurre egiteari uko egin zionez, Salmerón izendatu zuten errepublikako presidente.
Kantonalismoa: tokiko autonomia aldarrikatzen zuten, baina estatu berean.
Konstituzio federalaren proiektua: Pi i Margallek errepublika federalaren konstituzioa egiteko proiektu bat aurkeztu zuen, baina 1873ko proiektu hori ezin izan zen aurrera atera, Pi dimititu behar izan zuelako.
Errepublika zentralista
Zentralismoa: boterea estatuaren zentroan.
Salmerónek presidentetza utzi behar izan zuen, ez zuelako armada karlistarekin bat egin zuten bi militarren heriotza zigorra sinatu nahi. Castelar izendatu zuten presidente, errepublika zentralistaren aldekoa zena. Salmerónek sinatu nahi ez zituen heriotza zigorrak Castelarrek sinatu zituen. Pavía jeneralak estatu kolpea prestatu zuen, Kongresuaren eraikina inguratu eta bertara tiroka sartu ziren. Kongresua desagertu eta errepublika amaitu zen.
Serranoren gobernualdia
Helburua errepublika ezartzea zen, Serrano presidente izanik. 1874an estatu kolpe bidez Serrano jeneralaren diktadura ezarri zen, eta berak zuzendu zuen botere betearazlea. Ez zuten konstituziorik onartu; 1869koa etenda geratu zen, bizitza politikoa normalizatu eta ordena berreskuratu arte.
Borboitarren itzulera
Behin-behineko gobernuak Elisabet II.aren seme Alfontsoren itzulera prestatu zuen. Martínez Campos jeneralak berriz ere altxamendua prestatu zuen, baina Cánovas, sektore alfontsinoaren buruzagia, ez zen horren aldekoa. Cánovasek altxamendurik gabe ezarri nahi zuen monarkia. 1874ko abenduan Alfontso XII.a errege bihurtu zen. Serranok Frantziara alde egin behar izan zuen.
Foruak eta liberalismoa: gerra karlistak eta foruak indargabetzeko prozesua (1833-1876)
Foruak eta liberalismoa
Foruak lurralde baten aspaldiko ohituretan eta usadioetan oinarritutako legeak dira. Hasieran ahoz transmititzen ziren. XIV. mendetik aurrera idatziz jasotzen hasi ziren. Foruak lurraldeko erregeak edo jaunak onartzen zituen, eta lurraldearen arabera desberdinak ziren. Ezaugarriak:
- Derrigorrezko soldadutza egitetik salbuetsita egotea.
- Zergak ordaintzetik salbuetsita egotea.
- Aduanak barrualdean. Atzerriko produktuak inportatzeko askatasuna zegoen, eta Gaztelara eramateko soilik ordaindu behar ziren zergak.
- Kaperatasun unibertsala: biztanle guztiak berdinak legearen aurrean.
- Maiorazkoaren ezarpena: herentzia oinordeko bakarrari, seme zaharrenari ematen zitzaion. Helburua familiaren jabetza ez banatzea zen. Gainerako seme-alabak baliabide ekonomikorik gabe geratzen ziren; elizgizon bihurtu edo armadan sartzen ziren.
- Foru-baimenerako eskubidea: lurralde guztiek erregearen edo Bizkaiko jaunaren erabakiak egokiak ala ez erabakitzeko ahalmena zuten.
- Autonomia merkataritzarako eta ekonomiarako: zerga batzuk kendu zitzaketen, monopolioak ez eratzeko neurriak hartu...
Foru-erakundeak
Agintaritza nagusia Batzar Nagusia zen. Probintzia osoaren batzarra zen, eta gai ekonomiko eta judizialei buruzko legeak egiteko ahalmena zuen. Batzar Nagusiak batzarkidez osatuta zeuden. Batzarkide kopurua ez zen berdina lurralde guztietan, eta hiribildu bakoitzak bat bakarrik izan zezakeen. Diputazioak Batzar Nagusien erabakiak betearazteko organo betearazleak ziren.
XIX. mendean euskal foruak izan ziren eztabaidaren ardatz nagusia, foruak izatea ez baitzetorren borboitarren zentralismoarekin eta liberalismoarekin bat.
Liberalismoa ezarri zenean, 1812ko Konstituzioa onartu zen eta foruak deuseztatu zituzten, berdintasuna aldarrikatu nahi baitzuten. Hirurteko liberalean foruak eta foru-erakundeak deuseztatu ziren. Neurri honek protestak eragin zituen, baina protestak eta matxinadak amaitu egin ziren Fernando VII.ak berriro tronua hartu zuenean eta foruak berrezarri zituenean. 1833an erregea hil zenean, foruen aldekoek karlismoarekin bat egin zuten.
I. Gerra Karlista (1833-1840)
Karlismoa: 1820an sortu zen mugimendu politikoa. Antzinako erregimeneko oinarriak defendatzen zituen: monarkia absolutua, foralismoa, erlijioa… Kleroek, nekazari behartsuek, nobleziak eta foruen aldekoek defendatzen zuten ideologia hau.
Gerraren hasiera eta bilakaera
Lehen Karlistaldia Fernando VII.a hil zenean hasi zen. Erregeak bere alaba Isabel II.a izendatu zuen ondorengo. Absolutista sektore batek Fernando VII.aren anaia Karlos errege bihurtzea nahi zuen, ez baitzuten Lege Salikoa onartzen.
Lehen Karlistaldia Euskadin, Nafarroan eta Katalunian gertatu zen. 1833tik 1835era, lehen etapan eraso armatuak izan ziren, Zumalakarregi jeneralaren buru zela. 1835ean Zumalakarregi hil zen Bilboko setioan.
1835etik 1837ra, bigarren etapan, armada karlistak espedizioak egin zituen. Herrietako eta hirietako zibilek jarrera pasiboa izan zuten. Ekintza garrantzitsuena Errege Espedizioa izan zen, Karlos espedizioaren buru zela. Tropa karlistak 1837an iritsi ziren Madrilgo sarrerara, baina Isabel II.aren armadak atzera egiteko behartu zituen.
1837tik aurrera, hirugarren etapan, karlistak bi taldetan banatu ziren: kontserbadoreenak eta hain erradikalak ez zirenak. Hain erradikalak ez zirenak nagusitu ziren eta Bergarako Hitzarmena sinatu zuten, Espartero (Isabel II.aren armadako jenerala) eta Maroto (karlista) jeneralen artean. Kontserbadoreenek eta Karlosek ez zuten hitzarmena onartu, eta gerrak jarraitu zuen. Gerra 1840an amaitu zen, armada isabelinoa garaile izan zenean.
Euskadiko lehen karlistaldia
Don Karlos Euskadira iritsi zenean, Estatu karlista jarri zuen abian. Karlistek erabilitako lelo nagusia: “Jainkoa, Aberria, Erregea eta Foruak”. Karlistek Arabako hegoaldean eta Nafarroako nekazaritza eremuetan kontrol handia zuten. Hirietan, ordea, ideia liberalak zabaldu ziren.
Zumalakarregi jeneralaren eraginez, armadan aldaketa handiak eman ziren, eta bera izendatu zuten komandante buru. Askotan garaitu zituen tropa liberalak, eta hiri handiak izan ezik, Euskadi bere kontrolpean zuen. Zumalakarregik Gasteiz hartzea eta gero Madrilera joatea erabaki zuen. Karlosek, ordea, hiri handi bat konkistatu nahian, 1835ean Bilbo hartzea agindu zuen. Setio hartan, Zumalakarregi zauritu eta hil egin zen.
1835etik aurrera, bigarren etapa hasi zen. Espartero Bilboko setioa kendu zion Lucchanako gudua (Barakaldo inguruan) irabazi zuenean.
Hirugarren etapan, 1837ko apirilatik urrira bitartean, Errege Espedizioa egin zuten. Madrilgo sarrerara iritsi ziren, baina ez zuten bertara sartzea lortu. Aurrerantzean militarrek porrot egin zuten zenbaitetan, eta tentsioak ugaritu ziren. Maroto jeneralak buruzagitza lortu zuen, aurkariak fusilatzeko agindua eman zuen eta isilpeko tramiteak hasi zituen. Tramiteen ondorioz, 1839an Maroto eta Espartero Bergarako Hitzarmena sinatzera iritsi ziren, eta horrela amaitu zen Euskadiko lehen gerra karlista. Bergarako Hitzarmenean, Esparterok foruen aldeko defentsa Madrilgo Gorteen eskutik defendatzeko konpromisoa hartu zuen.
Ondorioak
Karlos eta bere jarraitzaileak erbesteratu egin behar izan zituzten. Euskadi suntsituta geratu zen, eta milaka hildako izan ziren.
Foru aldaketak
1839ko urriaren 25eko legean, Maria Kristinak foruak onartu zituen, konstituzioari kalterik egin gabe. Foru-erakundeen osaketa onartu zuen, Espainiako gobernuarekin negoziatzeko. 1840an Espartero gobernuan jarri zenean, foruak deuseztatu zituen dekretuen bidez eta foru erakundeak desegin zituen. 1841ean Ley Paccionada ezarri zuten Nafarroan; honekin onartzen zen Nafarroako Erresuma izan zenak foruak galtzea eta probintzia bihurtzea. Lege berezi bezala, autonomia zergetan eta ekonomiaren kudeaketan mantendu ziren. Negoziazio eta aldaketa ugari egon ziren Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan. 1844an moderatuak gobernura iritsi ziren eta foruak berrezarri zituzten. Seiurteko demokratikoan, errege faltarekin, karlistek beren eskubideak defendatzeko aukera ikusi zuten. 1872an Bigarren Gerra Karlista hasi zen, foruen defentsa aldarrikatuz. 1876an gerra galdu zen eta foruak deuseztatu ziren.
III. Gerra Karlista (1872-1876)
1872an hirugarren gerra karlista hasi zen. Karlisten altxamenduak Euskadin eta Kataluniako iparraldean izan zuten indarrik handiena. Armada berrantolatu zuten, eta tropa karlistek Euskadiko eta Nafarroako erdiko lurraldeak eta nekazaritza eremuak okupatu zituzten. Karlistak Montejurran garaile izan ziren. Hiri handiak karlisten kontra zeuden. Karlosek Bilbo konkistatzea erabaki zuen, eta lau hilabetez konkistatzen saiatu arren ez zuten lortu, baliabide gutxi zituztelako.
1874an gobernu aldaketa egon zen eta Alfontso XII.ak hartu zuen tronua. Armada liberalak arrakasta hartu zuen. Liberalek Lizarra hartu zutenez, gerra galdu zuten. Karlos eta milaka jarraitzaile Frantziara erbesteratu zituzten. Alfontso XII.ak foruak kentzea erabaki zuen; horretarako 1876ko uztailaren 21eko legea ezarri zuen, eta foruak eta foru-erakundeak deuseztatu ziren. Ondorioz, gobernu zentralak ezarritako diputazio probintzialak sortu ziren. 1878an kontzertu ekonomikoa sinatu zuten euskal probintzietako diputatuek eta gobernuak. Kontzertu ekonomikoa ogasun sistema bat da, zergak jasotzeko eta administratzeko. Diputazioek jasotzen zituzten probintzia bakoitzeko zergak.