Borboiak eta Liberalismoa Espainian eta Euskal Herrian

Historia5,13 KB

Lehen Borboiak eta Ilustrazioa

Zentralizazio politikoa: Nueva Planta Dekretuak

Zentralizazio politikoaren hasiera

Felipe V.aren erregealditik, Espainiako Borboiek beste gobernu eredu bat eraikitzeari ekin zioten: askoz ere zentralizatuagoa, Frantziakoaren modukoa. Hala, neurri erreformisten bidez, errege boterea izugarri indartu zuten.

Nueva Planta Dekretuak eta lehen erakunde erreformak

Nueva Planta Dekretuak Aragoin eta Valentzian aplikatu zituzten 1707an, Mallorcan 1715ean eta Katalunian 1716an. Eredu juridiko, politiko eta administratibo gaztelarra ezarri zuten; erresumetako berezitasunak eta Habsburgotarrek aurreko mendeetan izandako itunaren aldeko jarrerak bertan behera utzi zituzten. Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak baino ez zuten lortu beren foru erakundeei eustea. Euskal lurraldeek osorik mantendu zituzten beren autogobernurako arauak, eta baita lurralde horietako foruen ezaugarri nagusi ziren pribilegioak eta askatasunak ere. Salbuetsitako probintziak deitu zieten Arabari, Gipuzkoari eta Bizkaiari.

Kontseiluen sistema deuseztatu zuten. Estatu edo Despatxu Idazkaritzak sortu zituzten. 1713an, Lege Salikoa ezarri zuten, emakumeak tronuaren ondorengotzatik bazterturik uzten zituena.

Lehen matxinada

Felipe V.ak egindako erreformen artean, 1717koa dugu: barneko muga zergak kostako portuetara eraman zituen, penintsulako merkatua hobeto txerta zedin. Horrek kalte nabarmena egin zion Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako lurrek ordura arte izandako zerga salbuespen handiari. Neurri horren aurka altxatu ziren eta beren haserrea erakutsi zieten errege ordezkariei eta tokiko boterea kontrolatzen zuten lur-jabeei. Azkenean, Felipe V.ak, berriz ere, muga zergak Araba barnealdera eraman behar izan zituen.

Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarra

Felipe V.ak merkataritza konpainia pribilegiatuen sorrera sustatu zuen, hala nola Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarrarena. Donostiako merkatari eta lur-jabe boteretsuek sortu zuten. Konpainia horrek Venezuelarekin produktu trukeak egiten zituen esklusibotasunez, batez ere kakaoarena.

Fernando VI.aren erreforma egitasmoak

Felipe V.ak hasitako erreformek seme Fernando VI.aren erregealdian izan zuten jarraipena, bere ministro Ensenadako markesari esker. Herrialdea modernizatzeko, Karlos III.aren erreformismo ilustratua iragarri zuten.

Lehen Borboien kanpo politika

Frantziarekin zuen Familia Hitzarmenen bidezko adiskidetasuna eta Utrechteko Ituna izan ziren ezaugarri nagusiak.

Fernando VII.aren Hirurteko Liberala Espainian eta Euskal Herrian

Hirurteko Liberala

Espainian, iraultza liberala nagusitu zen berriro ere, 1820 eta 1823 urteen artean. Riegoren eta Quirogaren matxinada militarra Iberiar penintsulako beste hainbat tokitara zabaldu zen, eta 1820ko martxoan, Fernando VII.ak 1812ko Konstituzioa zin egin behar izan zuen, Cadizko Gorteen legedia berrezartzea onartuz.

Konstituzionalismo liberala

Gorteak bildu zirenean, zenbait joera nabarmendu ziren liberalen artean:

  • Asaldatuenak: Iraultza erradikala nahi zuten, herritarren parte-hartzea sustatu sufragio unibertsalaren bidez eta erregeari zeregin betearazlea soilik eman nahi zioten.
  • Moderatuenak: Erregeak erreformetan esku-hartze handiagoa izatearen aldeko ziren, haren zeregin betearazlea zabaldu eta sufragio mugatua nahi zuten.

Moderatuek zuten gobernuan indar gehien, baina asaldatuek aginte paralelo bat antolatu zuten armadan. Gobernu moderatuak Cadizko legeak aplikatzen hasi ziren: bertan behera utzi zituzten jaunen erregimena, maiorazkoak, Inkisizioa eta Jesusen Lagundia. Hamarrenak ere murriztu egin ziren eta elizaren ondasunak salgai jarri zituzten. Bestalde, inprimatzeko askatasuna aitortu zuten, foruak indargabetu ziren eta hezkuntza legea erregulatu egin zen.

Kontrairaultza indartzea

Politika liberalek erabateko oposizioa sortu zuten klero, noblezia, lur-jabe eta herritar batzuengan, ez baitzuten ikusten liberalek egoera ekonomiko larriari denbora laburrean irtenbiderik emango ziotenik. Fernando VII.ak laguntza eskatu zion Aliantza Santuari.

Foruen abolizioa Euskal Herrian Hirurteko Liberalean

Hego Euskal Herrian, erregimen liberala indarrean jarri zen, eta berriro ere bertan behera gelditu zen foru erregimena, konstituzio erregimena ezarriz. Probintziako Aldundiak eratu zituen, foru aldundien ordez, agintari berak izan ziren arren. Hauteskunde iruzurrak egon ziren. Muga zergak kostaldera eraman ziren, eta kanpotik zetozen produktuak garestitu ziren. Probintzien Gobernu Ekonomikorako Legea ezarri zen Euskal Herrian, Aldundien zereginak eta agintari politikoenak bereiziz.

Erreakzio kontraliberala Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian, erregimen liberalaren kontrako oposizioa antolatu zen, foru tradizioaren zuzeneko etsaitzat baitzuten erregimen hura. Foruen bidez autogobernua gauzatzeko, monarkia absolutistaren beharra zegoela zabaldu zen. Liberalismoaren kontrakoen propagandak foruak indargabetzeak ekarritako kalteak salatu zituen: kontsumoko produktuak asko garestitu izana, muga zergak kostaldera eramatearen ondorioz.

Deskargatu

PDF Word HTML