Biztanleria: Egitura Biologikoa, Ekonomikoa eta Demografikoa
MUNDUKO BIZTANLERIAREN EGITURA BIOLOGIKOA:
Munduan, biztanle adinduen proportzioa oso txikia da: % 8.
Herrialde garatuetan, garapen bidean dauden herrialdeetan baino haur gutxiago jaiotzen da. Bestalde, herrialde aberatsetan, biztanle adinduak urte gehiagorekin hiltzen dira. Hori guztia dela eta, herrialde horietan, biztanle adinduen indizea altua da, eta biztanle gazteenena, baxua. Herrialde pobreetan kontrakoa gertatzen da.
Nazio Batuen kalkuluen arabera, munduko biztanleen batez besteko adina 29,6 urte da.
BIZTANLERIAREN EGITURA EKONOMIKOA:
Bi multzo bereizten dira:
- Biztanleria aktiboa: lan egiteko prest dauden pertsonek osatzen dute. Biztanleria aktiboaren barruan, bi talde hauek daude:
- Biztanleria okupatua: lan ordaindua egiten dutenek osatzen dute.
- Biztanleria langabea: langabezian dauden eta lan bila dauden pertsonek osatzen dute.
2- Biztanleria ez aktiboa: lan ordaindurik egiten ez duten eta lan bila ez daudenek osatzen dute; hala nola 16 urtetik gorako ikasleek eta pentsiodunek. Mundu osoko langileek jarduera ekonomikoen hiru sektore hauetako batean egiten dute lan:
Lehen sektorea: Arrantza, nekazaritza, meatzaritza, basogintza eta abeltzaintza dira jarduerak. Gaur egun, gutxien garatuta dauden herrialdeak dira lehen sektoreko langile gehien dituztenak. Gehien garatutako herrialdeetan, berriz, biztanleen %10 baino gutxiagok dihardu sektore honetan.
Bigarren sektorea: Produktu naturalak eraldatzen dira. Beraz, industriaz ari gara. Munduko herrialde garatuenak izan ziren industrializatu ziren lehenak, XIX. mendetik aurrera. Gaur egun, herrialde garatuetako biztanleen %30 baino gutxiagok egiten du lan sektore honetan.
Hirugarren sektorea: Ondasunak ekoizten ez dituzten jarduerak dira; hau da, zerbitzuak ematen dituztenak. Hainbat jarduera barne hartzen ditu: merkataritza, garraioa, hezkuntza, osasuna, turismoa, etab. Herrialde bat zenbat eta garatuagoa izan, orduan eta biztanle gehiagok egiten du lan sektore honetan; batzuetan, %50ek baino gehiagok.
ERREGIMEN DEMOGRAFIKOAK:
Berezko hazkundearen erritmoa jaiotza tasaren eta heriotza tasaren araberakoa da. Hazkunde horrek aldaketa handiak izan ditu historian. Jaiotze tasak eta heriotza tasak denboran zehar izan duen bilakaera ezagutzeko erregimen demografiko aztertzen da:
1- Antzinako erregimen demografikoa: Herrialde garatuetan, XVIII. mendera arte iraun zuen. Jaiotze tasa altua, heriotza tasa altua, elikadura, higiene eta osasun baldintza txarren ondorioz. Heriotza tasa katastrofikoa: heriotza tasak bat-batean egiten zuen gora: gerren, goseteen edo epidemien ondorioz. Biztanleria hazkunde txikia.
2- Transiziozko erregimen demografikoa: Herrialde garatuetan, XIX. mendean eta XX. mendearen zati batean gertatu zen, eta, gaur egun, herrialde pobreetan jarraitzen du. Jaiotza tasa altua. Heriotza tasa baxua: bizi baldintzak orokorrean hobetu egin ziren, bereziki medikuntzan aurrerapenak egin zirelako. Biztanlerian oso hazkunde handia.
3- Erregimen demografiko modernoa: Herrialde garatuetan, XX. mendearen bigarren erditik aurrera gertatu zen. Jaiotza tasak bat-batean egin zuen behera: emakumeak masiboki hasi ziren lanean, familia eredu berriak sortu ziren, antisorgailuak eta familia plangintza garatu ziren. Heriotza tasa txikia. Hazkunde txikia edo oso txikia.
4- Erregimen demografiko erregresiboa: Herrialde garatu batzuk eredu honetara hurbiltzen ari dira. Jaiotze tasa txikia. Heriotza tasa zertxobait altuagoa, biztanleria zahartzearen ondorioz. Hazkunde negatiboa: hiltzen direnak gehiago direlako jaiotzen direnak baino.
MIGRAZIO MUGIMENDUEN KAUSAK:
Lurralde jakin bateko biztanleria hainbat kausa direla eta lekualda daiteke.
- Ekonomikoak: Emigranteak toki aberatsagoen eta lan eskaintza handiagoa duten tokien bila joaten dira. Emigrante horien profila askotarikoa da: prestakuntza handiko profesionalak eta espezializaziorik eskatzen ez duten lanpostuetan jarduten duten langileak.
- Politikoak: Emigrante batzuek gerretatik ihes egiten dute, edo erregimen politikoetatik, arrazoi erlijoso, ideologiko edo etnikoengatik jazartzen dituztelako. Emigrante horiek babes legala jasotzen badute harrerako herrialdean, errefuxiatu politiko esaten zaie.
- Sozialak: Arrazoi sozialak kausa ekonomikoekin lotuta daude. Harrerako lekuek aukera gehiago ematen dituzte hezkuntza edo osasun alorretan. Zenbait pertsonek segurtasunik gabeko egoeretatik ihes egiten dute, edota familiarekin elkartzeko emigratzen dute.
BIZTANLERIAREN BANAKETAREN EZAUGARRIAK:
Faktore fisikoek eta giza faktoreek baldintzatzen dute biztanleriaren banaketa munduan. Banaketa horrek honako ezaugarriak ditu:
- Biztanleriaren zati handiena ipar hemisferioan dago kokatuta.
- Itsasotik hurbil dauden eremuetan kontzentratzen da biztanleriaren zati handiena.
- Transiziozko erregimen demografikaren ondoriozko biztanleriaren gorakada hirien hazkundearekin dago lotuta. Gaur egun biztanleriaren erdia baino pixka bat gehiago hirietan bizi da.
- Biztanleriaren kontzentrazioa. Munduko biztanleriaren gehiengoa lurraldearen %20an bizi da. Hori dela eta, biztanle gutxiko guneak daude lurraldearen %43an, biztanleriaren %2 baino ez da bizi han. Okupazio txikiko guneak eremu hotzetan, basamortu beroetan eta oihan ekuatorialetan daude kokatuta.