Bizkaiko Burdingintzaren eta Siderurgiaren Garapena

Historia2,28 KB

Burdinaren ustiakuntza eta merkataritza

Abiapuntua burdin mineralaren erauzketa eta esportazioa izan ziren. Horrekin lortutako kapitala burdingintza industriaren oinarria eta garapenaren bultzatzailea izan zen. Altzairua lantzeko asmatu zen Bessemer bihurgailua Europako siderurgian aplikatu ondoren, fosfororik gabeko burdinaren eskaera handitu zen; horrelakoxea zen Bizkaiko burdin mea.

Hainbat abantaila zeuzkan:

  • Ustiapen erraza: Aire zabalean zegoenez, ustiatzeko errazagoa zen.
  • Kostu txikiak: Eskulanaren prezio murritzak ustiatze-kostu txikiak eragiten zituen.
  • Garraioa: Meatzeak itsasadarretik hurbil zeudenez, garraioak ez zuen arazorik sortzen.

Honek guztiak eta etekin azkarren usainak Euskal Herriko eta atzerriko kapitalistak meatze haietan inbertsioak egitera bultzatu zituzten. XIX. mendearen azken herenean meatzaritza-konpainia ugari sortu ziren, britainiarrak eta frantsesak, besteak beste. Azken Karlistaldia amaitu ondoren, produkzioa eta esportazioak nabarmen handitu ziren, gorenera iritsiz. Aberastasun-iturri handi hau Bizkaiko industrializazioaren finantziazio-bide nagusia izan zen.

Merkataritza-ontziteriaren bultzada

Ingalaterrara bideratzen zen burdinaren esportazioa izan zen, aldi berean, Euskal Herriko merkataritza-ontziteria bultzatu zuen faktore nagusia. Bilbotik abiatzen ziren ontziak meaz beteta, eta Ingalaterrako ikatzaz beterik itzultzen ziren, Bizkaiko siderurgia-enpresak hornitzeko. Askotan, kapitalista berak izaten ziren itsas enpresen eta meatzeen jabeak.

Industria siderurgikoa

Industria siderurgikoak paper garrantzitsua bete zuen Bizkaiko garapen ekonomikoan, Bilboko itsasadarra izanik gune nagusia. Teknologia Ingalaterratik edo Belgikatik ekarri zen eta merkatuak, nagusiki, penintsula barnekoak izan ziren.

1880aren hasieran eraiki ziren siderurgia-multzo handienak: La Vizcaya eta Altos Hornos de Bilbao, Espainiako siderurgia-multzo handiena eratuz. Ordutik aurrera, burdin eta altzairu ekoizpena hazi egin zen, XX. mendearen hasieran kopuru handienak lortuz. Industria mota honek bultzaturik, beste industria batzuk sortu eta garatu ziren, hala nola meatzaritza eta ontzigintza.

Deskargatu

PDF Word HTML