Bizitzaren Jatorriaren Teoriak
Louis Pasteur eta Berezko Sorkuntzaren Ezezkoa
Louis Pasteurrek, 1860an, berezko sorkuntzaren teoria okerra zela agerian utzi zuen. Esperimentuen bitartez frogatu zuen aireko mikroorganismoek materia organikoa deskonposatzen zutela, eta horrela, izaki bizidun guztiak beste izaki bizidun batzuetatik sortzen zirela ondorioztatu zuen.
1860an, Pasteurrek berezko sorkuntzaren teoria deuseztatu zuen esperimentu multzo bikain baten bidez. Esperimentu esteril batean, bakterioak eta legamiak ez zirela sortzen baieztatu zuen. Lagin bera airearekin harremanetan jartzen bazen, ordea, mikrobio-hazkuntza nabarmena gertatzen zen. Hortaz, mikrobioak ez dira berezko sorkuntzaren bitartez agertzen laginetan; airean daude, eta lagina kutsatzerakoan garatu egiten dira.
Pasteurrek zisne-lepoaren itxura zuen matraz bat erabili zuen bere esperimentuak egiteko. Matraz horren lepoa oso luzea zen, eta gero eta meheagoa, ahotik urrundu ahala, irekidura txiki batekin bukatuz; lepo horrek S itxura zuen. Matrazaren barnean haragi-salda ipini eta irakiten jarri zuen, saldan egon zitezkeen balizko mikrobioak suntsitzeko. S itxurak airearen sarrera ahalbidetzen zuen eta, aldi berean, mikrobioen sarrera matrazean zegoen saldaraino oztopatzen zuen, mikrobioak lepoaren behealdean harrapatuta geratzen zirelarik.
Panspermia
Panspermiaren teoria XIX. mendean agertu zen, eta Lur gaineko biziaren jatorria estralurtarra dela proposatzen du. Teoria honen arabera, izaki bizidunak ez ziren Lurrean sortu, kometa eta meteoritoetan etorri baitziren kanpoko espaziotik. Harkaitz handi horietan bakterio eta beste mikrobio batzuk egongo ziren, Lurra kutsatuko zutenak, bizia sortuz.
Panspermiaren aldeko zientzialariek argudiatzen dute mikrobio batzuk oso erresistenteak direla, eta gai direla Lurretik kanpoko espazioan bizirik irauteko, ikerketa batzuek frogatu dutenez. Teoria honek ez du biziaren jatorria argitzen; arazoa lekuz aldatzen du beste planeta batera, besterik gabe.
Exogenesia
Exogenesiaren teoriaren arabera, espaziotik iritsi dira biomolekula gehienak, bizidunok erabiltzen ditugun molekulak. Abiapuntu molekular honetatik, hasierako zelulak Lurra planetan sortu ziren.
Panspermia eta exogenesia, ezaugarri komun bat badute ere, ez dira sinonimoak. Ez dira sinonimoak zelula biziak eta biomolekulak, nahiz eta biak, teoria horien arabera, espaziotik iritsiak izan.
Sintesi Prebiotikoa
Bizia Lurra planetan bertan sortu da, hasierako milioi urteetan eratu ziren biomolekuletatik abiatuta. Biomolekulak ere Lurra planetan eratu dira.
1923an, Oparinek eta Haldanek adierazi zuten Lurraren historiaren garai jakin batean molekula organiko soil batzuk sortuko zirela, hasierako atmosferan ziren gasetatik.
1953ko urtean, Stanley Miller zientzialariak egiaztatu zuen Oparin eta Haldaneren hipotesia. Esfera batzuetan, hasierako atmosferak zituen osagaiak eta baldintzak erreproduzitu zituen (ura, metanoa, NH3, H2); dena berotu zuen eta deskarga elektrikoak eragin zituen, txinparta gisa. Beste matraze esferiko batean, bizidunetan erabiltzen diren molekula organiko anitz sortu zirela egiaztatu zuen, hala nola aminoazidoak eta gantz-azido batzuk.