Bizitzaren Filosofia: Dionisos eta Supergizakia
Aginte Nahia: Bizitzeko grina da, finean, bizidun orok, gizakiak barne, berezkoa duen sena. Haren helburua betetasuna eskuratzea da, bereari eutsiz, behar-beharrezkoa bada baita borroka eginez ere. Bizirauteko borondatea ahulduta aurkituko dugu erlijiopean bizi den banako menpekoa. Supergizakiak, aldiz, indartsu azalduko du, izan ere, nahi horren kontzientzia baitu gizaki berriak.
Bizitza: Bizitza da errealitate bakarra eta funtsezkoena. Heraklitok ikusten zuen bezala, bizitza etengabeko jarioa da, kontrakoen nahasketa amaigabea, poza eta mina, itzala eta argia inongo zentzu, orden edo norantza gabea. Bizitzan garrantzia duten gauza asko ez dira arrazoizkoak, grina, pasioa baizik. Den bezala onartu beharra dago eta aurrera egin, aitzakiatan edo beste nonbaiteko itxaropen faltsuetan ezkutatu gabe.
Dionisos: Greziar mitologiako jainkoa, Zeusen seme sasikoa, mozkorra, eroa, alaia, zatarra,... bere erdi-anaia Apoloren kontrakoa denean. Biak daramatzagu gure baitan gizaki orok, hori ukatzea izan da gure kultur tradizioak egindako akatsetako bat, gaitza. Nietzscheren arabera, Sokrates eta Platonek bere filosofia intelektualista eta metafisikoaren bidez lortu zuten balio dionisiakoak Mendebaldeko kulturatik desagertaraztea. Balio horiexek ezaugarritzen dute Supergizakiaren moral berria.
Erlijioa: Jainko transzendentearenganako sinesmen bezala hartua, erlijioak filosofia platonikoaren gezur metafisiko berbera defendatzen du, hots, beste mundu bat, zerutiarra, asmatzen da, dagoen mundu bakarra gutxiesteko. Erlijio oro gizakion ezinetik eta beldurretik sortzen da. Gainera, erlijioak esklabuen balioak predikatzen ditu: apaltasuna, otzantasuna, etsipena,... gizakiaren benetako izatearen kontra doazenak. Asmatutako kategorien bidez (arima, bekatua, penitentzia...) erlijioak bizitzaren kontrako eraso zuzena gauzatzen du.
Gainbehera: Bizitzaren benetakotasuna oztopatzen duen oro da gainbeheraren seinale. Ideologia ahulgarriek bizitza beherantz daramate, banako bakoitzak bere betetasuna lortzea galarazten dutelako. Bestalde, prozesu historiko gisa ere uler liteke kontzeptu hau Nietzscheren filosofian. Izan ere, gainbehera da Europa garai bateko sineste zaharretatik (indartsuak, naturarekin bat zetozenak) arrotzak dituen (ekialdekoak) egungo sineste ahuletara ekarri duena.
Jainkoa: Gizakiak bere ezinetatik abiatuz asmatu duen proiekzio transzendental eta faltsua.
Nietzschek bizitzaren “banpiro” gisa deskribatzen du, gizakiari berezko duen oro egitea debekatzen diolako. Kristautasunaren kasuan, Elizak gizartea menpeko bihurtu eta kontrolpean mantentzeko erabili du Jainkoa, bekatuaren eta gizaki errudunaren irudia indartuz. Supergizakia nagusituko bada, ezinbestekoa da Jainkoaren heriotza aldarrikatzea.
Supergizakia: Jainkoaren heriotzaren ondorio zuzena. Gizaki moral berria, botere nahia ezagutu eta onartzen duen izaki aktiboa, jaunen (ez morroien) balioen sortzailea. Historiari begira, supergizakia masako gizakiengandik bereizteko gauza izan den alea da, errealena, jatorrena, askeena. Zamariaren eta lehoi haserrearen ondotik datorren haur jaio berri librea.
Zaratustra: Zaratustra historikoak (Pertsia, K.a. VII. Mendea) monoteismoa eta ongiaren eta gaizkiaren arteko borrokaren doktrina erakutsi zituen. Horregatik Nietzschek izen bera aukeratu zuen, gezur haiek agerian jarriko zituen bere liburuko pertsonaiarentzat. Liburuko protagonistak alderantzizkatzen ditu historikoaren balio moralak, Supergizakiaren etorrera, botere nahia eta betiereko itzulera aldarrikatuz. Nietzscheren Zaratustrak Dionisos ordezkatu eta Supergizakiaren etorrera iragartzen du.