Bioteknologiaren Aplikazioak Industrian
Elikaigintzan
Bioteknologiari esker, gizakien nahiz abereen elikadurarekin lotutako produktu asko lortu daitezke. Produktu horietako asko organismo batzuen prozesu biokimiko naturalak baliatzen dituzten metodo tradizionalen bidez lortzen dira. Hartzidurak dira garrantzitsuenak.
Hartzidura Alkoholikoa
Ogia egiteko, Saccharomyces cerevisiae legamiaren anduiek esku hartzen dute. Glukolisi bidez degradatzen du irinaren almidoia, eta, azukreen hartzidura alkoholikoa egiten du, CO2 eta etanola sortuz. CO2-aren burbuilek ogia harrotzen dute eta etanola ogia erretzean lurruntzen da.
Ardoa eta garagardoa egiteko Saccharomyces cerevisiae legamiaren aldaerek esku hartzen dute. Ardoa: mahats-uraren azukreak hartzitu; eta garagardoa: maltaren azukreak (garagar hozitua eta txigortua da malta). Bi kasuetan, sortutako alkohola edarian kontserbatzen da.
Hartzidura Laktikoa
Hartzidura laktikoan Lactobacillus eta Streptococcus bakterioek esku hartzen dute. Oso antzinako teknikak aplikatzen dira. Uste da horiek esnea kontserbatzeko sortu zirela, laktosaren hartziduran sortzen den azido laktikoak pH-aren balioa 4tik 5era bitarteko balioetara jaisten duelako, eta, horrela, mikroorganismo patogenoak sortzea eragozten du.
Jogurta esne hartzitua da. Azido laktikoak ematen dio zapore bereizgarria; gainera, proteinak desnaturalizatzen ditu, eta hauspeatu egiten dira. Horregatik du jogurtak itxura erdilikidoa.
Gazta gaztanberarekin egiten da. Gaztanbera proteinak erreninaren bidez hauspeatuta dituen esnea da; errenina, berriz, gatzagiaren (esnea ematen duten abereen digestio-hodiko jariakina) entzima proteolitikoa da. Esnea bakterio laktikoak (hala nola Lactococcus, Lactobacillus eta Streptococcus) gehituta ere mamitu daiteke, esnea azidotzeaz gain, proteinak desnaturalizatzen baitituzte. Gero, lortzen den gaztanbera deshidratatu, gazitu, eta proteina zein gantzetan jarduten duten bakterio eta onddoak hazten diren inguruneetan inkubatzen da. Bakterio eta onddo horiek ematen dizkiote gazta mota bakoitzari zapore, aroma eta testurak (Penicillium roqueforti onddoak roquefort gaztari).
Industria Farmazeutikoan
Bioteknologiak kimikoki sintetizatzeko zailak edo garestiak diren farmakoak lortzeko prozesuak merkatzen laguntzen du, edo prozesu horien eraginkortasuna handitzen. Gehienetan, mikroorganismoak manipulatuz intereseko produktuak eraginkortasun handiz produzi ditzaten. Horrela ekoizten dira:
- Bitaminak eta entzimak (peptidasak, lipasak eta hialuronidasak).
- Antibiotikoak (penizilina eta estreptomizina).
- Hormonak (intsulina, hazkuntzaren hormona eta gatzapenaren faktoreak).
- Gaixotasun infekziosoen aurkako antigorputz espezifikoak dituzten serumak eta txertoak (mikroorganismo indargabetuekin edo patogenoen proteina antigenikoentzat kodifikatzen duten mikroorganismo baten edo batzuen genomaren sekuentzia birkonbinatuekin).
Industria Energetikoan
Bioteknologia bioerregaiak lortzeko aplikatzen da, batez ere.
Bioolioa
Bioolioa ekilore, soja, palma edo koltzaren plantazioetatik lortzen da. Batzuetan, genetikoki eraldatzen dira, labore horien landare-olio kantitatea areagotzeko, olio horiek motor dieselen erregai gisa erabiltzen direlako garraioan.
Bioetanola
Bioetanola hiri-hondakinen eta nekazaritzako nahiz abeltzaintzako hondakinen hartzidura alkoholikoaren bidez lortzen da, edota birrindutako edo zukututako arto, azukre-kanabera edo erremolatxatik.
Biogasa
Biogasa, funtsean, metanoz (CH4) eta karbono dioxidoz (CO2) osatutako bioerregai berriztagarria da, eta materia organikoa baldintza anaerobioetan hartzituta sortzen da. Biogas-instalazioetan produzitzen da, prozesu naturala azkartuz. Hondakin organikoak izaten dira abiapuntua (mindak, nekazaritzako azpiproduktuak). Horiek digestore batzuetara eramaten dira, eta han bakterioek oxigenorik gabe jarduten dute. Digestio anaerobioaren bidez, biogasa lortzen da, bai eta nekazaritzarako ongarri gisa erabiltzen den azpiproduktu bat ere.
Meatzaritzan
Bioprozesuak baliatzen dira mineral batzuk garbitzen eta berreskuratzen laguntzeko. Bakterioek eta onddoek egiten dute, metala inpregnatzen duten arroken substantzietan jardunez. Adibide bat kobrea lortzeko modua da; izan ere, bakterio kimiosintetiko batzuen jardunagatik erauz daiteke arroketatik.
Industria Kimikoan
Bioteknologia era askotako substantziak ekoizteko aplikatu da:
Entzimak
Onddoek eta bakterioek sortutako entzimak, ehungintzarako edo detergenteen eraginkortasuna areagotzeko erabiltzen direnak. Esaterako, detergente bioaktiboek lipasak izaten dituzte, eta oso eraginkorrak dira gantz-orbanak kentzeko.
Beste Substantzia Batzuk
Izaki bizidunetatik edo haien jardunetik lortutako substantziak, hala nola disolbatzaile, alkohol, plastiko, zuntz, erretxina eta bernizak.