Bioaniztasuna: Gure Planetako Bizitzaren Aniztasuna

Biologia2,36 KB

Lurrean bizi diren izaki bizidun guztien multzoari bioaniztasuna esaten diogu. Guztira 1.200.000 espezie inguru daude katalogatuta, baina zientzialarien ustez, 9 milioi inguru izango dira; beraz, espezie gehienak ez dira aurkitu oraindik.

Habitatak eta Espezieen Banaketa

Bizitzeko behar duten guztia eta aurrera egiteko baldintza ezin hobeak dituzten lekuetan bizi ohi dira espezieak. Leku horiei habitat deitzen zaie. Habitat batzuk, hala nola basamortuak, ez dira oso egokiak bizia egoteko, muturreko ingurune-baldintzak eta ur gutxi izaten baitituzte; beste batzuk, berriz, ezin hobeak dira, hala nola tropikoetako basoak eta koral-arrezifeak, eta haietan bizi dira planetako espezieen erdiak baino gehiago.

Bioaniztasuna murriztu egiten da ekuatoretik poloetarantz goazen heinean. Ipar poloan, adibidez, askoz izaki bizidun gutxiago bizi dira Amazonian baino. Lurrean nola banatuta dauden kontuan hartuta, bi motatako espezieak bereizten ditugu:

  • Kosmopolitak: Munduko hainbat lekutan bizi dira.
  • Endemikoak: Leku jakin batzuetan soilik bizi dira, eta gutxi hedatuta egon ohi dira.

Bioaniztasunaren Bilakaera eta Mehatxuak

Bioaniztasuna aldatuz joan da, Lurrean bizia sortu zenetik. Espezieak etengabe ari dira sortzen eta desagertzen –adibidez, dinosauroak eta mamutak desagertu egin ziren–. Alabaina, gaur egun giza jarduerak inoiz baino kalte handiagoa egiten dio bioaniztasunari.

Espezie asko desagertu egingo dira, haiek mehatxatzen dituzten egoerak ez badira aldatzen. Bioaniztasunaren etorkizuna arriskuan jartzen dute zenbait mehatxuk; mehatxu horietako batzuk dira, adibidez, giza jardueren ondorioz habitatak aldatzea, baso-suteak gertatzea, lurzoruaren okupazioa, baso-soiltzeak, kutsadura, espezieen legez kanpoko merkataritza, kontrolik gabeko ehiza eta arrantza, eta autoktonoak ez diren espezieak (hots, espezie inbaditzaileak) sartzea.

Bioaniztasuna Babesteko Garrantzia

Bioaniztasunari eusteko, beraz, ezinbestekoa da haren garrantziaz eta hauskortasunaz jabetzea eta kontzientzia hartzea. Horrez gain, funtsezkoa da bioaniztasunaren kontserbazioa sustatuko duten politikak bultzatzea, hala nola naturaguneak babestea, espezieen kontserbazioa bermatzeko proiektuak burutzea, eta ingurumen-hezkuntza sustatzea.

Deskargatu

PDF Word HTML