Bigarren Mundu Gerraren ondorioak eta NBEren sorrera
Alemaniaren banaketa eta berrantolaketa
Alemania lau sektoretan banatu zuten, eta bakoitza potentzia garaile baten administraziopean geratu zen: estatubatuarra, britainiarra, sobietarra eta frantziarra. Berlin, sobietarren eremuan bazegoen ere, berdin banatu zuten.
Alemaniatik nazismoa desagerraraztea eta gerrako kriminalak epaitzea erabaki zuten. Nurenbergeko epaiketetan epaitu zituzten.
Alemaniak ordaindu beharreko gerra-ordainak ezarri ziren.
Poloniaren mugak zehaztu ziren, bai eta gerraren ondorioz egingo ziren lurralde-aldaketak ere.
Azkenik, Parisko Konferentzian (1946-1947), gerran Alemaniaren laguntzaile izandako beste herrialde batzuekin itunak sinatu zituzten.
Nazio Batuen Erakundearen (NBE) sorrera
Nazioen Elkartearen eraginkortasunik eza ikusirik, 1945eko ekainean, San Frantziskoko Konferentzian bildu ziren berrogeita hamar herrialde baino gehiagotako ordezkariak, eta Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Sortze Gutuna idatzi zuten. Gutun horrek lau helburu nagusi jasotzen ditu:
- Nazioarteko bakea eta segurtasuna iraunaraztea: NBEko kide izateko, ezinbestekoa da indarra erabiltzeari uko egitea eta beste herrialde batzuekiko gatazkak modu baketsuan konpontzeko konpromisoa hartzea.
- Herrien autodeterminazioa: Herriek aske erabakitzeko eskubidea dutela onartzea, koloniei dagokienez.
- Giza eskubideak defendatzea: Sexua, adina, arraza edo erlijioa direla-eta bereizketarik egin gabe.
- Herrien arteko lankidetza baketsua sustatzea: Espezializatutako erakundeak sortu ziren, NBEko kideek elkarri lagundu ahal izateko arlo garrantzitsuenetan: nekazaritza eta elikadura (FAO), osasuna (OME), hezkuntza, zientzia eta kultura (UNESCO), lana (LANE), etab.
NBEk Segurtasun Kontseiluan hartzen ditu erabaki garrantzitsuenak; Estatu Batuek, Erresuma Batuak, SESBek, Frantziak eta Txinak osatzen dute kontseilu hori, eta beto-eskubidea dute. Estatu kide guztiek Batzar Nagusia osatzen dute; hark aholkuak soilik eman ditzake. NBEk, halaber, Idazkaritza Nagusi bat du.
Gerraren ondorioak: Giza galerak eta ekonomia
Giza galerak
Milioi asko pertsona baino gehiago hil ziren eta beste 3 milioi desagertu egin ziren. Hildakoen erdiak baino gehiago zibilak izan ziren. SESBek izan zituen biktima gehien. Gerrak biztanleriaren lekualdatze handiak eragin zituen, muga-aldaketen ondorioz. 1943an, Europan 40 bat milioi pertsona zebiltzan bizileku baten bila; esaterako, Txekoslovakiatik eta Poloniak nahiz SESBek anexionatutako lurraldeetatik kanporatutako 13 bat milioi alemaniar.
Ondorio ekonomikoak
Komunikabide-sarea birrinduta zegoen Erdialdeko Europan, petrolioa urria zen eta industria-ekoizpena murriztuta zegoen. Hiriak, soroak eta ekoizpen-egiturak erabat suntsituta geratu ziren gerraren ondorioz.
Estatu Batuei, berriz, gerrak onurak ekarri zizkien. Aliatuak armaz eta beste produktu batzuez hornitzeko ekoizle nagusia izan ziren, ekoizpen-gaitasuna handituz.