Bidaia Gida Turistikoa: Egitura, Edukia eta Ezaugarriak

Hizkuntza eta literatura4,79 KB

Zer da Bidaia Gida Turistikoa?

Leku baten berri ematen duen testu informatibo deskriptiboa da. Bidaia gida turista edo bidaiarientzat propio prestatutako liburua da.

Hiri edo lurralde bati buruzko geografia eta historiako informazio orokorra, hirietako planoak, lurraldeetako mapak eta hiria ezagutzeko beharrezko informazioa izaten du. Horrez gain, hiria ezagutzeko proposamenak eta ibilbideak jasotzen ditu.

Gida Turistikoaren Egitura Nagusia

  • Izenburua

    Laburra, zehatza eta erakargarria izan behar du. Tokiaren muina, “esentzia” laburbilduko du. Portada ere kontuan hartu beharreko elementua da, izenburua hantxe txertatu beharko baitugu.

  • Sarrera

    Testu labur bat da, normalean letra bereziaz eta modu berezian aurkeztuko dena, besteetatik bereizteko. Gure helburua argi uzteko, lanaren laburpentxo bat egiteko eta gure aukera justifikatzeko balio du.

  • Gorputza

    Gida bera da, informazio guztia biltzen duen testu osoa. Atal hau honela antolatuko da:

    • Atalka ordenatuta.
    • Irudiak eta baliabide grafikoak erabiliz hornituta.
    • Ezinbesteko gaiak:
      • Deskribapen testua (subjektiboa).
      • Ibilbide edo proposamenak: zer egin? zer ikusi? Nora joan?
      • Oinarrizko datu batzuk (geografikoak, historikoak...) (objektiboak).
      • Informazio praktikoa (aholkuak, non lo egin, non jan, garraioak, prezioak, eta abar).
      • Egin daitezkeen planak.
      • Hiriak edo tokiak eskaintzen duena: monumentuak, erakargarri diren tokiak, bisitatu beharrekoak.

Idazketa eta Estiloa

Nork idatzi? (Pertsona Gramatikala)

Pertsona desberdinak sar daitezke kontaketan. Normalean, deskribapenak egiteko eta historia edo datuak emateko hirugarren pertsonan idazten da, baina badira beste hainbat aukera, hala nola, bigarren pertsona erabiliz (irakurleari zuzenduz) edo pluralean “guk” erabiliz.

Hizkuntza Baliabideak

Adjektibo egokiak erantsi behar dira deskribapenak egiteko eta ibilbidea erakargarri egiteko. Horiez gain, oso inportantea da gauzak “polito esatea”, eta horretarako irudiak, konparazioak, pertsonifikazioak, metaforak eta abar erabiltzen saiatu beharko dugu.

Testuak ondo antolatzeko ezinbestekoa izango da denborazko eta lekuzko antolatzaileak (egiturak) erabiltzea, testuari kohesioa ematen diotelako.

Edukiaren Ezaugarriak

Lehen ere aipatu dugu: informaziorik esanguratsuenak eta modu erakargarrian aurkeztu behar dira.

Batzuetan testu objektiboak izango dira (datu geografikoak, ekonomikoak, informazio praktikoak eta abar), baina besteak subjektiboak (ibilbideak eta deskribapenak).

Arestian aipatutako egitura errespetatzen saiatu behar dugu: azala, sarrera, eta abar.

Aurkezpena eta Diseinua

Aurkezpen Formatua

Word formatua da egokiena. Baina PPTa ere egin daiteke, testuak estekatuz. Ausardiarekin, bideo dokumental tankeran ere egin daiteke.

Baliabide Grafikoak

Testuarekin batera argazkiak eta mapak jarri behar dira, hobeto ulertzeko. Idatzizko testuez gain, baliabide grafiko eta irudi ugari izaten ditu gidak: argazkiak, planoak eta krokisak, beti ere oinarekin eta dagokion azalpenarekin.

Bereizi egin behar dira informazio praktikoa eta aurrekontuak, beste era batean jarriz. Atal batzuk ere komeni da modu berezian jartzea. Gida turistikoa “begietatik” sartu behar den zerbait da.

Mapa

Hiria kokatzeko balio du. Horrez gain, egingo dugun ibilbidearen eta planaren isla izan behar du, modu grafikoan irudikatuko ditu gure ibilbidearen tokirik esanguratsuenak.

Argazkia

Testuari laguntzen dion irudia da. Argazki-oina behar du eta testuarekin nolabaiteko lotura ematen saiatu behar dugu, beti ere.

Gida Prestatzeko Prozesua

Zer egin behar da?

  1. Gustatzen zaigun hiri edo gunea aukeratzea. Helburua irakurlearengan proposatzen den txangoa egiteko gogoa piztea da.
  2. Leku horri buruzko informazioa bilatu.
  3. Erabaki hiriko zer leku erakutsi.
  4. Informazioa bildu eta erabaki nola aurkeztu.

Nondik atera informazioa?

Gida turistikoak (monografikoak, Udal liburutegiak edo liburu-dendak), turismo bulegoetako webguneak, bidai aldizkariak, bidai agentziak, bertara joan denari galdetu, bidaietan espezializatutako webguneak...

Ezaugarri Orokorrak

Hizkuntza aldetik

Testu argia eta ondo antolatua izan behar da: atalka antolatuko ditugu informazioa eta proposamen guztiak.

Deskargatu

PDF Word HTML