Askatasuna eta Patua: Estoikoen Ikuspegia
Kanpoko eta Barneko Askatasuna
Askatasuna zer den azaldu aurretik, bi askatasun mota bereizi behar ditugu:
Kanpoko Askatasuna
Nahi dugun tokira joateko eta egoki deritzogun moduan jokatzeko aukera izatea da, betiere legeak onartutakoaren eta bakoitzaren herrialdeko ohituren baitan. Askatasun hori galtzen dute gizabanakoek espetxeratutakoan, baita ia herritar guztiek diktaduraren menpe daudenean ere, adierazpen askatasuna, elkartzekoa, manifestatzekoa eta beste hainbat eskubide galtzen direnean.
Barneko Askatasuna (Nahimenaren Askatasuna)
Dagozkigun gauzei buruz bakoitzak bere erabakiak hartu ahal izatea da. Gauza bat edo bestea nahi izateko askatasuna. Nahimenaren askatasuna ere esaten zaio. Lo egiteko edo ez egiteko erabakia norberaren kontua da, nahiz eta norbaitek mugitzeko askatasunaren alderdi bat kendu.
Barneko askatasunik ez balego, ez luke inolako zentzurik izango askatasun politikoak eskatzeak. Barneko askatasuna askatasun morala da: bizitza norberaren irizpideen arabera bizitzeko gaitasuna izatea. Pertsona bati barneko askatasuna kenduz gero, nahimena kendu behar zaie (adibidez, hipnosia bidez edo sektek erabiltzen dituzten tekniken bidez).
Estoikoen Patuaren Doktrina
Estoikoen ustez, beharrezkoa da Kosmosaren ordena zein den jakitea, hartan nola jokatu jakiteko. Horretarako, Heraklito Efesokoaren doktrinara jo zuten.
Haren esanetan, denak arrazoiren bat du, eta arrazoien multzoak ezin duenez infinitua izan, lehenbiziko arrazoiren batek egon behar du ezinbestez, guztientzako balio duen arrazoi batek: unibertsoa zuzentzen duen legea.
Estoikoek Heraklitoren kosmologia hori hartu zuten, eta arrazoi hori unibertsoaren legea dela pentsatu zuten, baita Patua ere. Patuaren arabera, dena halabeharrez gertatzen da. Doktrina horren ondorioz, gizakiak ezin du ezer egin patuaren aurka.
Jakintsu Estoikoaren Eredua
Estoikoen ustez, hauxe litzateke jakintsu eredua: kanpoko zoriontasun oro patuaren esku dagoela ohartu eta barneko bakea lortzen saiatzen dena. Horretarako, beharrezkoa da sufrimendua eta besteen iritziak ez sentitzea. Zoriona lortzeko bide bakarra ez asaldatzea da (Apatia).
Bi Munduen Bereizketa
Estoikoak bi munduen arteko bereizketa egiten hasi ziren:
- Barneko Askatasunaren Mundua (Gure esku dagoena)
- Kanpoko Mundua (Ez dago gure esku)
Barne ondasunak ziurtatzea eta kanpokoak arbuiatzea da jakinduria. Horrela bihurtzen gara, Senekaren hitzetan, gure bizitzaren egile.