Arrazionalismoa eta Enpirismoa: Ezaugarri eta Desberdintasunak
Arrazionalismoaren ezaugarri orokorrak
Arrazionalismoa Descartesek sortutako sistema filosofikoa da, XVII. eta XVIII. mendeen artean indarra hartu zuena, batez ere Europan. Arrazionalismoaren ordezkari nagusiak Leibniz, Spinoza eta Malebranche direla esaten da.
Ezagutzaren jatorria eta zentzumenen kritika
Arrazionalismoa ezagutza arrazoimenetik datorrela pentsatzean datza, hau da, jatorrizko ideietatik. Gainera, zentzumenek ematen diguten ezagutza gutxiesten dute. Arrazionalistek diote zentzumenek askotan huts egitera eramaten gaituztela eta, bakoitzak errealitatearen pertzepzio bat duenez, ezinezkoa izango litzateke denok ezagutza berdinak izatea.
Ideiak eta egiaren irizpidea
Ildo beretik, arrazionalismoak dio ezagutzaren objektua ideiak direla; gauza bat ezagutu baino lehen, bere ideia ezagutzen dugu. Puntu honetan arrazionalismoa eta enpirismoa bat datoz, berdina defendatzen dute. Descartesek beti esaten zuen bezala, egiaren irizpidea nabaritasuna da eta ez dago aldez aurretik etorri ez daitekeen ezagutzaren mugarik.
Metodo deduktiboa eta kausalitatea
Bukatzeko, aipatzekoa da ezagutzaren eredua sistema deduktibo batena dela (premisetatik ondorioak ateratzea). Munduaren existentziari erreparatuta, arrazionalisten ustez, unibertsoan gertatzen den guztiak kausa bat du, eta kausa hori arrazoiak ezagutzen duela argudiatzen dute.
Enpirismoaren ezaugarri orokorrak
Enpirismoa XVII-XVIII. mendeetan Britainia Handian nagusiki garatu zen korronte filosofikoa da. Ideologia honen ordezkari esanguratsuenak Locke, Hume eta Berkeley izan zirela esaten da.
Esperientzia ezagutzaren iturri gisa
Enpirismoak ezagutza esperientziatik datorrela argudiatzen du; arrazionalismoaren aurkako pentsamoldea dela esan daiteke. Baina gauza batzuetan berdin pentsatzen dute: biek diote ezagutzaren objektua ideiak direla, hau da, ez ditugula gauzak zuzenean ezagutzen, hauen ideiak baizik.
Mugak eta metodo induktiboa
Ildo beretik, egia esperientzian ziurtatu daitekeena bakarrik dela esaten dute; hau da, bakarrik frogatu daitekeena izango da egia. Gainera, ezagutzaren muga esperientzia dela diote. Hala ere, haien metodoa induktiboa da eta metodo horren bitartez, natur zientzien eredua jarraituz, ezagutza lortu nahi dute.
Arrazoiaren mugak eta metafisika
Bukatzeko, lehen esan bezala, desberdintasun ugari ditu arrazionalismoarekiko. Hori dela eta, enpiristek diote arrazoia erabat mugatuta dagoela eta eduki metafisikoa arrazoiaren kanpo dagoela; orduan, gai horiek ezagutezinak izango dira.