Antzerkiaren Historia eta Euskal Antzerkiaren Urrezko Aroa
Antzerkia Europan: Errenazimentutik XVII. mendera
Errenazimentutik aurrera pixkanaka joan zen indartzen antzerkia Europan, XVII. mendean goia jo zuen arte. Italian, XV. mendean, antzerkigintza aldatu eta eraberritu zen. XVI. mendean, "Commedia dell'arte" izeneko antzerki mota berria sortu zuten. Pertsonaia ezagunak ere agertu ziren, hala nola: Arlekin (mirabe pikaroa), Kolonbina (neskame zuhurra), Politxinela (harroputza), eta abar.
Baina antzerkigintzak XVI-XVII. mendeetan izan zuen inoiz izandako garairik handienetakoa Ingalaterran. Antzerki konpainia mordoa osatu, antzoki piloa eraiki, eta kalitate handiko antzezlan ugari sortu ziren. Horien artean, aipagarriak dira:
- William Shakespeare (Ingalaterran)
- Lope de Vega (Espainian)
- Molière (Frantzian)
Genero Dramatikoa: Ezaugarriak
- Idatzita egon arren, antzezlanak agertokietan eta jendaurrean antzezteko eginda daude.
- Hizkuntza baliabideak eta baliabide eszenikoak nahasten dituzte.
- Argumentua elkarrizketen bidez ematen da aditzera.
- Egileak agertokiari nahiz pertsonaiei buruz ematen dituen ohar guztiak akotazioen bidez adierazten dira.
Argumentua ekitalditan zatiturik egon ohi da, eta ekitaldiak, berriz, eszenetan.
Euskal Antzerkiaren Urrezko Aroa
XIX. mendearen azken aldera arte ez dugu euskal antzerkigintzaren aztarnarik. Une hartan hasi zen euskal antzerki idatzia errotzen, Donostia aldean batez ere. Garaiko giro euskaltzalearen ondorioz, bultzada ikaragarria izan zuen antzerkiak, gainerako ekoizpen literarioek bezala. 1915. urtean, Donostiako Udalak Euskal Iztundea eratu zuen, Euskal Herriko lehen antzerki eskola izan zena. "Antzerti" izeneko aldizkari espezializatua ere sortu zen. 1934an, lehen Eusko Antzerki Eguna antolatu zuten. Urrezko aroa bizi izan zuen euskal antzerkigintzak sasoi hartan.
Marcelino Soroa (1848-1902)
1848an jaio eta 1902an hil zen Donostian. Zuzenbide ikasketak egin arren, gimnasioko irakasle aritu zen lanean. Amadeo Savoiakoa Espainiako errege jarri zutenean, hari buruzko bertso batzuk atera eta iparraldera joan behar izan zuen ihesi. Ziburun idatzi zuen bere lehen antzerki lana, Iriyarena. Donostiara itzultzean, beste lan asko sortu eta taularatu zituen, besteak beste: Anton Kaiku, Au Ostatuba!, Alkate Berriya, Urrutiko Intxaurrak...
Galderak eta Erantzunak
Zertaz ohartu ziren Eusko Pizkundea gauzatu zuten euskaltzaleak?
Herri nortasuna mantentzeko tresna nagusia hizkuntza zela pentsatu zuten orduko kultura-gizonek.
Zergatik eta zertarako sortu zen Euskaltzaindia?
Ikusita zer laguntza gutxi iristen zen euskal erakunde publikoetatik, euskara zainduko zuen erakunde bat beharrezkotzat jo zuten euskaltzaleek.
Zer esan nahi du Eusko Pizkundeak? Noiz gertatu zen?
"Berriz jaio" esan nahi du, eta euskal kulturaren azken Karlistaldiaren (1876) eta Gerra Zibilaren (1936) artean gertatu zen.