Antropologia Kulturala: Kontzeptuak eta Azpidiziplinak
Antropologia Kulturalaren Jatorria eta Xedea
Antropologia kulturala XIX. mendearen amaieran diziplina gisa sortu zen. Gizakiaren bizimodua oinarri hartuta hura aztertzea zuen xede: hots, sortzen duen kulturaren eta garapen-eremu duen kulturaren ikuspuntutik.
Antropologia kulturalaren ikerketa-objektu dira hauek guztiak, horietako bakoitzak gizakia ezagutzeko bidea ematen baitigu:
- Ahaidetasun-harremanak
- Antolaketa politikoa, ekonomikoa eta soziala
- Mitoak eta festak
- Sinesmenak
- Dieta
- Hiriak antolatzeko modua
Etnografia eta Etnologia
Antropologia kulturalak bi azpidiziplina ditu zutabe, bata bestearen osagarri: etnografia eta etnologia.
- Etnografiak herri baten bizimodua deskribatzen du; horretarako, ikertzailea ahalik eta era sakonenean barneratu beharko da ikertzen duen herri horretan.
- Etnologiak alderdi edo ezaugarri bat ikertzen du hainbat kulturatan.
Kulturaren Nozioa
Antropologoek ezagutzea komeni zaigun zenbait bereizketa egiten dituzte kultura ikertzeko. Hasteko, kultura hitza gutxienez bi zentzu hauetan erabili daiteke:
- Zentzu zabalean: gizateriaren ondare sozialaz ari da.
- Zentzu hertsian: ondare sozialak hartu dituen molde bereziez ari da.
Kulturaren Analisia eta Kontzeptu Nagusiak
Antropologia kulturalak diziplina akademiko gisa izan duen garapenari esker, giza fenomeno kulturalaren hainbat alderdiren berri ematen diguten zenbait kontzeptu definitu dira:
Protokultura
Hitzez hitz, denboran izan den lehenengo kulturaz ari da protokultura; ohiko kultura da, eta, beraz, landu gabea. Gizakiak berezkoa duen fenomenoa izan arren, hitz hori animalien zenbait jokaeraz aritzeko ere erabiltzen da, gizakiarena den bereizgarri baten tankerakotzat jotzen ditugunean.
Kultura Materiala eta Ez-materiala
Kultura materiala giza talde batek ekoizten eta erabiltzen dituen objektuez eratuta dago, bai eta talde horren erakunde eta egitura politikoez ere. Herri baten kultura materiala eta ez-materiala estu lotuta daude, eta ezinezkoa da jakitea bietako zein den oinarrizkoena edo funtsezkoena.
Subkultura eta Kultura Nagusia
Subkultura hitzak pertsona-talde bat deskribatzen du; taldeko kideek zenbait ezaugarri komun dituzte, gehienen bizimodu orokorraren edo kultura nagusiaren aldaerak direnak. Kultura guztietan daude zenbait gizarte-talderen subkulturak, lokalismoak edo partikularismoak.