Alfontso XIII.a eta Bigarren Errepublika: Historia Gakoak
Berrezarkuntzaren krisialdia (1902-1923)
Testuingurua: Alfontso XIII.a Borboikoak, hamasei urte bete zituen egunean hartu zuen boterea, 1902an. Kuba galdu berri izanak eta herrialdea modernizatzeko eskaerek markatu zioten erregetza, berrezarkuntzako ezaugarriekin jarraitzen baitzuten. Kuba ordezkatzeko eta Europako estatu askoren gisa, Espainia ere kolonia berrien bila aritu zen; xede horrekin, Marokoko iparraldeko konkista-gerran murgildu zen. Bestalde, barne-politikan hauteskunde-iruzurra gero eta ageriagoa eta kritikatuagoa zen: alderdi politikoak ados jartzen ez zirelako, ezegonkortasun politikoa gero eta nabariagoa zen. Horren guztiaren oihartzun gisa, gizartean gatazka handiak izan ziren:
1. Bartzelona, 1909: Aste Lazgarria
Espainiako armadak, Marokoko Rif ingurua konkistatzen zebilela, sarraski handia jasan zuen. Hildakoak ordezkatzeko, gobernuak 40.000 erreserbista errekrutatu zituen. Soldadu horietako asko, langile-mugimenduarekin batera, ez zeuden ados gerrarekin: gerrara aberatsen semeak ez zirela joaten (erredentzioa), hiltzeaz edo zauritzeaz gain gaixotasun tropikalen arriskua zegoela, eta marokoarren aurka ezer ez zutela zioten. Bartzelonan greba orokorra hasi zen eta astebetez, istilu ikaragarrien artean, grebalariek agindu zuten. Mugimendu antiklerikala indartzen ari zen eta elizak arpilatu eta erre zituzten. Gobernuak errepresio gogorraren bitartez zapuztu zuen Aste Lazgarria izeneko altxamendu hura: fusilatuak eta atxilotuak egon ziren eskarmentu gisa, eta 1927ra arte Marokoko kanpainak jarraitu zuen.
2. 1917ko krisia eta Annualeko hondamendia
Lehen Mundu Gerrak mesede egin zion estatuko ekonomiari, borrokalariek produktu asko inportatu baitzituzten Espainiatik. Produktuen jabeek (janaria, arropa, medikuntza-materiala, armak) nahiago zuten kanpora saltzea, gehiago ordaintzen zietelako. Egoera horrek eskasia eragin zuen Espainiako merkatuetan; herri xehea konturatu zen arazoak gehitzen ari zitzaizkien bitartean enpresariak aberasten ari zirela. Ondorioz, CNTk eta UGTk greba orokorra deitu zuten. Bidenabar, militarrek Defentsa Batzordeen bitartez politikan eragina izatea nahi zuten: Marokoko gerran protagonista zirela eta arazoak parlamentuak baino hobeto konponduko zituztela zioten. Ordea, benetako demokrazia eskatzen zuten alderdiek ez zuten militarren esku-hartzerik nahi, ustelak eta antidemokratak zirelakoan. 1917an hasita, politika hain zen nahasia, ezen 1923 bitartean 13 gobernu aritu baitziren. Hori gutxi balitz, Marokoko gerran armadak berriro suntsiketa pairatu zuen: Annualekoa, 1921ean.
Primo de Riveraren diktadura (1923-1931)
Arrazoi gisa Marokoko porrota, grebak, parlamentuaren kaxkarkeria eta Europako beste diktadurak erabiliz, Miguel Primo de Rivera jeneralak estatu-kolpea eman zuen Bartzelonan eta diktadura ezarri zuen. Alfontso XIII.ak onartu egin zuen: aurrerantzean Berrezarkuntza desagertu zen eta direktorio militarra izeneko gobernuak agindu zuen. Parlamentua itxi, alderdi politikoak debekatu, prentsa zentsuratu, eta langile-mugimendua zein nazionalismoak erreprimitu zituen. 1925ean, frantziarren laguntzarekin, armadak Alhucemasko garaipena lortu zuen Marokon eta Abd el-Krim lider etsaia atxilotu zuten; horrela amaitu zen gerra.
Direktorio zibila eta diktaduraren amaiera
Garaipenaren ondoren, direktorio zibilak ordezkatu zuen aurrekoa eta aldaketak eragin zituen diktadoreak: faxismoaren eredua jarraituz, Unión Patriótica alderdi politikoa sortu zuen. Ekonomia nazioartean hazten ari zenez, mesede egin zion Primo de Riverari; adibidez, herri-lanak sustatu ziren (errepideak, urtegiak) eta petrolioaren zein telefonoaren monopoliak osatu zituzten. Hobekuntza ekonomikoak, ordea, ez zuen estali diktaduraren aurkako ezinegona. Diktadorea babes politikorik gabe geratzen hasi zenean, erregeak berak dimisioa eskatu zion 1930ean, eta sistema demokratikora itzultzeko saiakerak hasi ziren.
Espainiako Bigarren Errepublika (1931-1936)
Berrezarkuntzako sistema politikoaren krisiak, atzerapen ekonomikoek eta gizarte-gatazkek XX. mendeko lehen hereneko testuinguru politiko, ekonomiko eta soziala baldintzatu zuten.
1.1. Errepublikaren aldarrikapena
1930eko urtarrilean utzi zuen kargua Primo de Riverak, eta Alfontso XIII.ak 1876ko Konstituzioa berrezarri nahi izan zuen. Erregearen aurkako jarrera agertu zuten alderdi politiko batzuek, diktadurarekin izandako loturak leporatuz. Abuztuan, Donostiako Ituna sinatu zuen oposizio politikoak, monarkia eraistea helburu. Mugimendu iraultzaileak porrot egin zuen eta militarren matxinadak ez zuen arrakastarik izan, baina gero eta biziagoa zen gizartean suma zitekeen haserrea. Egoera hartan, udal hauteskundeetarako deia egin behar izan zuen 1931ko apirilaren 12an. Oposizioak monarkiaren kontrako erreferendum bilakatu zituen hauteskundeak. Emaitzek hautagai errepublikano-sozialisten garaipena berretsi zuten. Alfontso XIII.ak abdikatu egin zuen eta apirilaren 14an Errepublika aldarrikatu zen. Alcalá Zamora buru zuela, behin-behineko gobernuak Gorte Konstituziogileetarako hauteskundeak deitu zituen. Errepublikanoek eta sozialistek irabazi ondoren, Zamora izan zen presidente eta Manuel Azaña gobernuburu. Abenduan onartu zen Konstituzioa. Hala ere, ondorengo gobernuak ezegonkorrak izan ziren, eta horrek Errepublikaren porrota ekarri zuen.
1931ko Konstituzioaren ezaugarri nagusiak
1931ko abenduaren 9an, Espainia honela definitu zen: "Espainia klase guztietako langileen Errepublika demokratikoa da, Askatasun eta Justizia erregimenean antolatuta". Ezaugarri nagusiak hauek izan ziren:
- Ganbara bakarreko sistema.
- Sufragio unibertsala, emakumeak barne.
- Autonomien aitortza eta euskararen zein beste zenbait hizkuntzen ofizialtasuna.
- Gizabanakoen eskubideen aitortza.
- Laikotasunaren defentsa.
1.2. Biurteko Erreformista (1931-1933)
Ezkerreko gobernuak erreformak bideratu zituen. Neurri garrantzitsuenak hauek izan ziren:
- Erreforma militarra: Bi helburu zituen armadaren berregituratzeak: indar armatuak profesionalizatzea eta erregimen demokratiko berriarekin ados ez zeuden militarren leialtasuna ziurtatzea, erretiroaren bidez. Honek egonezina sorrarazi zuen ofizialen artean, baina ez zegoen baliabide ekonomiko nahikorik hura gauzatzeko.
- Nekazaritzaren erreforma: 1932ko Nekazaritza Erreformatzeko Legea onartu zen lurrak hobeto ustiatzeko eta latifundismoa baztertzeko. Instituto de Reforma Agraria (IRA) lurrak jabe txikien artean banatzeaz arduratu zen. Porrot egin zuen hainbat faktorerengatik: lur-jabeen oposizioa, aurrekonturik eza eta gabezia teknikoak.
- Erreforma erlijiosoa: Helburua Elizaren eragina murriztea eta gizarte laiko bat bultzatzea zen. Dibortzioa eta ezkontza zibila onartu ziren, eta berehala lerrokatu zen Eliza Errepublikaren kontra.
- Erreforma sozialak: Hamarkada hasieran, Espainiako ehun biztanletik hogeita hamahiru analfabetoak ziren. Hezkuntzaren erreforma bideratzea erabaki zuten. Hobekuntzak ere bideratu ziren lanaren arloan, baina ezin izan zioten langabeziari aurre egin.
- Autonomien auzia: Konstituzioak autonomia onartu ondoren, 1932an Kataluniako autonomia-estatutua onartu zen. Euskal Estatutua (Lizarrako Estatutua deitua) 1931ko ekainean prestatu zen, baina atzera bota zen kontserbadorea zelako. Biurteko kontserbadorean, oztopatu egin ziren asmo autonomistak.
Erreformen kontra jo zuen muturreko eskuinak kolpe militar baten bidez 1932an (Sanjurjoren estatu-kolpea); ezkerrak, berriz, grebarako dei ugari eginez eta lurrak okupatuz erakutsi zuen bere desadostasuna.