Ahozko Literatura: Definizioa, Historia eta Adibideak

Hizkuntza eta literatura3,16 KB

Ahozko Literatura Unibertsala

Ahozko literatura unibertsala da, antzinako memoriaren zantzua da, eta kontalaria edo kantaria da protagonista. Kultura guztietan garatu da. Estilo propioa du: hizkera laburra, errepikapena, elipsia, onomatopeiak, errima... Ezaugarriak: kultura-testuinguru zehatza, belaunaldiz belaunaldi emanak, gai eta teknika zaharrak, anonimoak, aldaketekin sarritan, herri-memorian gordeak eta toki publikoetan kantatuak. Generoak: poesia (baladak, sehaska-kantak...) eta narrazioa (ipuinak, kondairak...). Lehen aztarnak Grezian aurkitu ziren, duela 3.000 urte. Erdi Aroan ipuinak garatu ziren. XIX. mendean Grimm anai alemaniarrek ipuin bilketa egin zuten.

Euskal Ahozko Literatura

Euskal ahozko literatura oso errotua dago (euskara berandu eraman zelako idazketara). Oso garrantzizkoak dira errimak, erritmoak, kantuak eta gorputz-adierazpenak, memorian gordetzeko paperetan bildu baino lehen. Ahozkotasuna egungo gizartean ahulagoa da (bertsolaritza kontuan hartu barik). Idatzizkoen biltzaileak hauek dira:

  • XVI. mendean: Esaera zaharren lehenengo bilduma, gero Garibai eta Oihenartenak.
  • XIX. mendean: Agosti Xahoren Euskal Kantak Herri Kantutegia.
  • XX. mendean: R. M. Azkueren Cancionero Popular Vasco, Manuel Lekuonaren Literatura Oral Vasca, eta J. M. Barandiaranen Eusko Mitologia.

Gaur egungo biltzaile eta aztertzaileak: J. M. Lekuona, A. Zabala, Gotzon Garate.

Esaera Zaharrak

Atsotitzek edo esaera zaharrek bizitzako hainbat gairi buruzko herri-jakinduria biltzen dute. Sententzia laburrak dira, gogoratzeko errazak. Askotan, errima erabiltzen da esaldiari indarra emateko; beste batzuetan, ordea, hitz-jokoak.

Kopla Zaharrak

Euskal literaturako altxorrik preziatuenetakoak dira koplak. Erdi Arokotzat jotzen dituzte adituek. Normalean, zortzi-hamar ahapalditik gorako segidetan kantatzen dira. Jairen baten inguruko koplak izaten dira: Santa Ageda eskea, Gabonetakoak... Egitura garbia dute, bi zatitan banatuta: lehenengo bi bertso-lerroetan, naturazko elementuren bat aipatzen da, eta beste bi lerroetan, desio edo nahiren bat azaltzen da.

Baladak

Baladak kantu narratibo laburrak dira, eta beste kantu batzuetatik bereizten dituzten ezaugarriak dituzte. Euskal literaturan, balada eta erromantze hitzak erabili izan dira, baina euskal baladek antz handiagoa dute Europa iparraldeko baladekin, Espainiako erromantzeekin baino.

Sehaska-Kantak

Euskal kantu tradizionalen artean, sehaska-kantak ere aurkitzen ditugu, maitasunezkoekin, erlijiozkoekin, erromantzeekin, eresiekin eta errondakoekin. Sehaska-kantak haurrak lotarazteko dira.

Ahozko Ipuinak

Ahozko ipuinak, izenak berak dioen bezala, ahoz kontatzen diren ipuinak dira. Gaur egun, telebistaren eraginez, ipuinak kontatzeko ohitura galbidean dago, baina gizakiaren historian zehar berebiziko garrantzia izan dute. Familia supazterrean bildu, eta etxeko zaharrek ipuinak kontatzen zizkieten gaztetxoei. Ipuinen bitartez, irakaspenak, balio moralak, arriskuen aurkako oharrak... bizitzarako baliagarri ziren eta diren bitartekoak jasotzen zituzten haurrek.

Deskargatu

PDF Word HTML