Agustin eta Tomas: Fedea, Arrazoimena eta Zoriontasuna

Filosofia eta etika3,14 KB

Agustin Hiponakoa: Fedea eta Arrazoimena

“Ulertzeko sinesten dut eta sinisteko ulertzen dut” formula honen bitartez laburbiltzen du Agustinek bere jarrera. Horrenbestez, Agustinentzat fedeak ez du arrazoimena ordezkatzen eta ezabatzen; alderantziz, fedeak arrazoimena eta ezagutza sustatzen ditu. Hots, arrazoimenak fedea indartzen du, bateragarriak baitira. Hortaz, Jainkoaren grazia beharko genuke arimaren purifikazioa lortzeko, eta beraz, zoriontasuna eta jakintza lortzeko. Izan ere, Agustin Hiponakoaren arabera, zoriontasuna arimari lasaitasuna ematen diona da, eta era berean jakinduria da, Agustinek lotura zuzena ezarri baitzuen jakinduriaren eta zoriontasunaren artean. Beraz, zenbat eta gehiago jakin, orduan eta Jainkotik gertuago egongo gara, zoriontsuak izateko aukera handiagoa izango dugularik.

Zoriontasuna eta Jainkoaren Ezagutza

Agustin Hiponakoarentzat gizakiaren helburua zoriontasuna lortzea da, hots, ideia gorena edo Jainkoaren ezagutza izatea. Izan ere, zoriontasuna lortzeko ezin gara ontasun hutsaletan oinarritu; perfektua eta betierekoa den ontasuna behar da: egonkorra eta suntsiezina den ontasuna edo ideia, hots, Jainkoa. Zoriontasuna bizitzaren helburu gorena da, eta hori lortutakoan, arimak lasaitasuna lortzen du, arimaren purifikazioa lortuko dugu, hain zuzen ere. Beraz, zoriontsu izateko eta Jainkoaren ezagutza izateko, Jainkoaren ideia izan behar dugu, eta hori lortzeko, bertuteak landu beharko ditugu, bizioak saihestuz. Horrela, zoriontasuna ez datza ontasun material eta suntsigarriak edukitzean, hauek galtzean zoriontasuna desagertu egiten baita. Benetako zoriontasun absolutua edukitzeko eta jakintza lortzeko, derrigorrezkoa da ongi bizitzea, eta ongi bizitzeak Jainkoaren nahia betetzea esan nahi du, hau da, maitasunaren agindua betetzea. Baina zoriontasuna aurki dezaketen bakarrak arima espiritu lohitik garbi dutenak dira. Beste era batera esanda, gaiztakerietatik eta bekatutik libre edo garbi dauden arimak, eta garbitasun hori Jainkoaren graziaren bidez soilik lor daiteke.

Tomas Akinokoa: Jainkoaren existentziaren frogak

Tomas Akinokoarentzat Jainkoaren existentzia ez da ebidentzia bat, ezin baitugu zentzumenen bidez hauteman. Hortaz, argudioak bilatu behar ditugu Jainkoaren existentzia frogatzeko. Hori abiapuntutzat hartuta, Tomas Akinokoak Jainkoarengana iristeko bost bide arrazional bereizten ditu:

  • Mugimendua: Jainkoa Lehen Motor gisa hartzen da, inork mugitu ezin duena eta mugimenduaren oinarria dena.
  • Kausa Eragilea: Jainkoa azken kausa da.
  • Kontingentzia: Jainkoa beharrezko izaki bat da; beti existitu dena, existitzeari utzi ezin diona eta diren gauza guztien Izatea dena.
  • Perfekzioaren Mailak: Jainkoa guztiz perfektua da.
  • Kosmosaren Ordena: Jainkoa Goi Adimen bat da, unibertsoa diseinatu duena.

Hala ere, Tomas Akinokoarentzat, bere bost bideak ez dira Jainkoaren izate sakoneraino iristen; gizakia arrazoimenaren bidez Jainkoarengana nolabait gerturatzeko eraikitako bideak besterik ez dira, baina benetako bide baliagarri bakarra fedearena da.

Deskargatu

PDF Word HTML