Agustin Kardaberaz eta Manuel Larramendi: Euskarazko Literaturaren Suspertzaileak
Agustin Kardaberaz: Hernaniko Seme Misiolaria
Agustin Kardaberaz Hernaniko seme honek jesuiten ikasketak burutu eta gero, Bilbo, Oñati eta Loiolako egoitzetan bizi izan zen. Irakaskuntzan jardun zuen batzuetan, baina batez ere herriz herri sermoigintzan. Osasun aldetik makaldu zenean, Loiolako komentuan ia irtetzeke egon zen 12 bat urtean. Orduan idatzi zituen bere euskarazko libururik gehienak. Ez zitzaion zahartzaro lasaia egokitu, izan ere jesuitak egotziak izan ziren. Kardaberazek Italiara jo behar izan zuen eta hara iritsi eta laster hil zen. Kardaberazek moldatu zituen lanik gehienak bere lanbidearekin zeukaten zerikusia, misiolaritzarekin. Horregatik eliz gaiei buruz idatzi zuen batik bat. Dozenatik gora liburu erlijioso utzi zigun, gipuzkeraz eskuarki, baina bizkaieraz ere bai inoiz. Badu arlo horretatik at geratzen den lan bitxi bat ere: Euskararen Berri Honak. Apaizei eta eskoletako maisuei eskainia da, euskaraz ondo irakurri, idatzi eta hitz egiteko erregelak ikas ditzaten.
Sarrera: XVIII. Mendeko Euskarazko Literatura
XVIII. mendeko lehen mendeetan geldo xamar aritu zitzaigun hegoaldeko euskarazko literatura. Kristau ikasbideetarako dotrinak eta antzekoak bakarrik kaleratu ziren. Manuel Larramendi jesuitak suspertu zuen apur bat egoera hau mendearen erdialdean. Larramendi hil ondorengo urtean jesuitak atzerriratu egin zituzten. Mendearen bukaerara arteko epean oso liburu gutxi argitaratu zen euskaraz. Jesuiten kanporatzea beherakada literario honen arrazoietariko bat izan badaiteke ere, ez dugu ahastu behar mende honetako azken herenean Espainiako agintari borboiek eragozpen handiak jarri zituztela, erreinuko hizkuntza ez ofizialetan idatzitako liburuak argitaratu ahal izateko.
Manuel Larramendi: Euskararen Defentsan Borrokalaria
Manuel Larramendi andoaindarrak Jesusen Konpainian egin zituen ikasketak. Salamancan goi mailako hizlaria eta irakaslea izan genuen 10 urtez. Karlos II.a erregearen alargunaren aitorle gisa aritu zen 3 urtez eta harrezkero, heriotza arte, Loiolan kokatu zen, baina ez komentuan sartuta egoteko. Makina bat ibilaldi egin zuen Gipuzkoan zehar sermoigintzan eta aholkulari bezala. Hizlari iaio eta zorrotza bazen, idazten ere ez genuen kamutsa. Beste ororen gainetik, euskaldunen hizkuntza du idazgairik kutunena: euskararen azterketa eta defentsan egin zituen bere ahaleginik behinenak. Ezin aipatu gabe utzi, lan historiko, politiko eta autobiografikoak.
Larramendiren Obra Nagusiak
- De la Antiguedad y Universalidad del Bascuence en España. Euskararen apologia sutsua dugu. Ordurako, han-hemenka, gure hizkuntzaren aurka kanporatzen ari ziren iritzi eta erasoiei aurre egiten dien liburua. Tubalismoan sinesten du, euskara Babeleko hizkuntzen nahasmenduan sortutako mintzairetako bat baita, eta, garai batean penintsula iberiar osoan zehar hedatzen baitzen.
- El Imposible Vencido. Arte de la Lengua Bascongada. Euskararen lehen gramatika dugu obra hau. Izenburu horrek erronka bati erantzuten dio: denbora hartako jakintsurik gehienen ustez, euskara ezin zen egokitu gramatika baten arau eta legetara. Larramendik euren ustea ustela dela erakutsi nahi die, ezina ekinez garaitu egiten dela erakutsiz.
- Diccionario Trilingue del Castellano, Bascuence y Latin. Larramendiren lanik erraldoiena bi tomotan. Hiztegian bertan gaztelerazko berba dator lehenik, euskal ordaina ondoren eta latinezko azkenik. Batzuetan, euskarazko hitz egokirik aurkitzen ez duenean, neologismoak asmatzen ditu. Ez da dena fantasia eta asmakisuna.
Larramendiren Eragina
Nabarmen bere ordenakide batzuei eragin zien arren, iparralderaino ere iritsi zen aita Manuelen itzala, J. Egiategiz hitz egiten ikusi genuen bezala. Hurrengo mende osoan ere idazle askok aitortuko diote berekiko duten zorra. XVIII. gizaldian bera baino zerbait gazteago ziren bi jesuita gipuzkoar izango ditu jarraitzailerik finenak: Kardaberaz eta Mendiburu. Milaka orrialde idatziko du euskaraz batak zein besteak.