Agustin Hiponakoa eta zoriontasunaren bilaketa
Agustin Hiponakoaren, apezpiku izango zenaren, ikuspuntua aldatuz joan zen bizitzan zehar. Hori bai, aldaketen sustraietan gizakia zoriontsu bizitzea beti agertzen da. Azkenean, zahartzean, poztasun hori Jainkoarengandik eskuratuko du, eta lotura estua azpimarratuko du Jainkoaren eta poztasunaren artean. Hala ere, ibilbide horretan etapa asko garatu behar izan zituen, nerabe zenetik zahartzarora heldu arte.
Gaztetasuna eta plazera: Carpe Diem
Hasiera batean, nerabezaroan, Agustinek poztasuna aurkitu zuen sexuan eta gozamenetan. Kontua zen ardurarik gabe bizitzea, gazteek ohi duten bezala: carpe diem!, gozatu momentua! Baina urteak pasatu ahala, ardurak pizten dira. Agustinek seme bat izan zuen, eta burua bere lekuan jarri behar izan zuen.
Filosofiatik erlijiora
Orduan, poztasunaren jatorria beste edonon ipini zuen: filosofian, hasieran, eta erlijioan azken garaian. Azken garai hartan bai, Jainkoaren eta zoriontasunaren loturak estuak dira, baina ez lehenago. Prozesuan bertan ikusten ditugu aldeko eta aurkako argudioak: Agustinen bidea edo hausnarketa erlijio katolikoan amaitzen da; Jainko bakar bat dago, On Gorena, eta Hari esker onak gara eta pozik bizi ahal gara. Baina, zergatik ez amaitu prozesua beste edozein geltokitan?
Zoriontasuna: Objektiboa ala subjektiboa?
Ibilbidea geltoki askotatik pasatu da, eta pentsa dezakegu Agustin hil zitekeela edozeinetan; esaterako, pozik bizi zenean bere andrearekin eta beraien semearekin. Garai hartan Agustinek ezin zuen esan ez zegoela pozik, bere kontzientziarekin bakean baitzegoen. Esan dezakegu, orduan, garai edo egoera bakoitzak bere irtenbideak dituela? Hori bada, poztasuna ez da zertan Jainkoarengan egon. Hau da, poztasuna zerbait objektiboa ala subjektiboa ote da?
Gaur egungo gazteak eta poza
Egia esan, ez dakit eta zaila da nire iritzia adieraztea. Nire inguruan dauden gazteek gozatu egiten dute, beharbada horrelako galdera sakonak egin barik. Hainbat modu ikusten ditut:
- Batzuek porroak erretzen dituzte, eta pozik ikusten ditut.
- Beste batzuek ligatu nahi dute, eta lortzean, poza handia da!
- Batzuk atsedenaldietan bazter batean geratzen dira, soil-soilik poesia irakurtzen.
- Beste batzuk lagunekin edo futbol partidak ikusten egoten dira behin eta berriro.
Nor naiz ni haiei esateko ez direla pozik bizi?
Ondorioa
Bukatzeko, eta Agustinek berak egiten zuen bezala (denboraz edota espazioaz mintzatzean), zoriontasuna zer den galdetzen badidazue, ez dakit; baina galdetzen ez badidazue, orduan bai, badakit.