Agustin Hiponakoa: Fedea eta Arrazoia Erdi Aroko Filosofian
Testuinguru filosofikoa: Agustin Hiponakoa (354-430)
Kristautasuna K.o. I. mendean jaio zen, Palestinako judu pobreen artean, baina pixkanaka Erromatar Inperio osora zabaldu zen. Hasiera batean jazarria izan bazen ere, 392. urtean Teodosio enperadoreak Inperioko erlijio ofizialtzat ezarri zuen; horrela, jazartua izatetik jazarle izatera pasa zen.
Kristautasunaren garapena eta filosofia
K.o. IV-VIII. mendeen artean, elizgizonek kristautasunaren dogmak ezarri zituzten. Horretaz gain, filosofia eta erlijioa lotzen saiatu ziren, Jainkoaren existentzia frogatzeko helburuarekin. Lehenengo filosofo kristau hauek platonistak ziren, baina erlijioarekin zerikusia zuten edo Jainkoa existitzen dela frogatzeko teoriak bakarrik hartzen zituzten. Filosofo hauen gai nagusiak hauek izan ziren:
- Erlijioa.
- Jainkoaren existentzia.
- Filosofia eta fedearen arteko erlazioa.
San Agustin Hiponakoa: Erdi Aroko filosofiaren hasiera
Garai honetako adibiderik garbiena San Agustin Hiponakoa (354-430) dugu. Filosofia arloan, ederki uztartu zituen Platonen pentsamendua eta kristautasuna; esan liteke berak eman ziola hasiera Erdi Aroko kristau filosofiari.
Eszeptizismoaren aurkako jarrera
San Agustinek eszeptikoen aurka jo zuen. Izan ere, haien baieztapenean kontraesan bat dagoela uste zuen: "Ez dago egia unibertsalik" baieztapena egia bada, kontraesan bat dago euren planteamenduan. Hortaz, berak egia unibertsala existitzen zela defendatu zuen.
Arrazoia eta fedea
Gehien landuko duen gaia arrazoiaren eta fedearen arteko erlazioa da. Erlazio hau esaldi famatu batean laburtu zuen: "Ulertu sinesteko eta sinetsi ulertzeko". Berak uste du mundua interpretatzeko fedea behar dugula eta Biblia interpretatzeko ulermena beharrezkoa dela.
Historiaren ikuspegi lineala
Agustin historia interpretatuko duen lehenengo filosofoa da. Aurreko filosofoek historiaren inguruan ikuspegi zirkularra zuten (gauzak behin eta berriz errepikatzen direla). Agustinentzat, aldiz, historiak hasiera eta bukaera bat du; beraz, ikuspegi lineala dauka eta historiak helburu bat duela uste du.
Bi motatako pertsonak daudela dio: Jainkoari jarraitzen diotenak (Eliza) eta jarraitzen ez diotenak (Estatua). Historia, funtsean, bien arteko gatazka da.