Absolutismoa eta Parlamentarismoa: Frantzia eta Ingalaterra
Urrezko kaiola bat nobleentzat: Frantzia
Frondea Luis XIV.a oso gaztea zela gertatu zen, eta eragin handia izan zuen harengan. Hain zuzen, Versailles eraiki zuen Parisko istiluetatik aldentzeko eta noblezia handia —zenetaz ez baitzen inoiz fidatu— erakartzeko; horrela, hobeto kontrolatu ahal izango zuen, eta gobernu-ardurak emanez saritu.
1.2 Parlamentarismoa: Ingalaterrako kasua
Zenbait lurraldetan, gorte eta parlamentuek gobernuaren boterea kontrolatzen zuten, esaterako, Venezian eta Probintzia Batuetan. Zenbaitetan, subirano baten asmo absolutistei aurre egin behar izan zitzaien, hala nola Ingalaterran. Estuardo etxea Parlamentuaren kontroletik askatzen saiatu zen, eta gerra zibila (1642-1648) piztu zuen.
Armada parlamentarioek, Oliver Cromwell (Lord Protector) buru zutela, garaipena lortu ondoren, Karlos I.a exekutatu zuten eta errepublika ezarri zen, Cromwellek diktadura baten moduan gobernatu zuena. Hura hiltzean, Estuardo etxea berrezarri zen, Jakue II.aren bidez, absolutismoa inposatzeko ideiarekin. Egoera horrek Parlamentuarekin beste gatazka bat eragin zuen, Iraultza Loriatsua (1688) ekarri zuena.
Jakue II.a erregea uzkaili zuten eta Parlamentuak errege-erregina hautatu zituen: Maria II.a, erregearen alaba, eta haren senar Gilen III.a Orangekoa. Baldintza batekin hautatuak: Eskubideen Adierazpenaren zina egitea; horrek monarken boterea mugatu zuen eta eskubide indibidualak aitortzen zituen.
Ingalaterrako Parlamentua
Bi ganbera zituen:
- Lorden Ganbera: Herrialdeko noble garrantzitsuenek eta Eliza anglikanoko apezpikuek osatzen zuten.
- Komunen Ganbera: Erresumako hiri eta konderrietako ordezkariek osatzen zuten. Kideak bozketaz hautatzen ziren, baina soilik jabe handiek parte hartzen zuten. Ez zen sistema demokratikoa, biztanleriaren gehiengoak ez baitzuen bozkatzeko eskubiderik.
Ingalaterrako monarkia parlamentarioa
Erregea
- Estatuburua da.
- Gobernua izendatzen du.
- Legeak aurkezten ditu, onartuak izateko.
- Kanpo-politika zuzentzen du.
- Eliza anglikanoa kontrolatzen du.
Parlamentua
- Errege-erreginak kontrolatzen ditu.
- Legeak onartzen ditu.
- Zerga berriak onartzen ditu.
- Gobernuaren egitekoa kontrolatzen du.
- Errege-erreginei kexak aurkezten dizkie.