Absolutismoa eta Liberalismoa: Fernando VII.aren Erreinaldia
Fernando VII.aren Erreinaldiaren Garaiak (1814-1833)
1814an, Independentzia Gerra amaitu zen. Fernando VII.a itzuli zen, eta berarekin absolutismoa etorri zen, 1812ko Konstituzioa indargabetu baitzuen. Gerraren ondorioz, Espainiako estatuko ekonomia lur jota zegoen. Hiru garai desberdintzen dira bere erreinaldian:
1. Seiurteko Absolutista (1814-1820)
Gorteetako diputatuen herenak Fernando VII.ari absolutismoa berriz ere ezartzeko eskatu zion, eta erregeak, erbestetik etorri bezain laster, hori egin zuen. Erregimen Zaharraren itzulera izan zen. Estatua krisian zegoen, zerga sistema ez baitzen orekatua, aberatsek ez zutelako ordaintzen. Erregea liberalen aurka joan zen, eta errepresio gogorra izan zen. Horregatik, liberalak eta frantsestuak erbestera joan ziren.
Erregearen nahiei aurre egiteko, armen bidea aukeratu zuten liberalek. Modu honetan, estatu kolpeak ematen saiatu ziren, baina galdu egin zuten. Azkenik, 1820an, Riegok arrakasta izan zuen, eta liberalismoa berrezarri zuen Espainian.
2. Hirurteko Liberala (1820-1823)
1820an, Riegoren pronuntziamendua eman zen Cadizen. Riegok Fernando VII.a 1812ko Konstituzioa onartzera behartu zuen; ondorioz, berriz ere erreforma liberala gauzatu zen. Estatuaren zorra gutxitzeko, Elizaren ondasunak eta herri lurrak desamortizatzen hasi ziren.
Boterean zeuden liberalen artean, bi talde sortu ziren:
- Moderatuak: 1812ko Konstituzioaren aldekoak.
- Erradikalak: Riegoren aldekoak eta Konstituzioa aldatu nahi zutenak.
Liberalen aurka, Euskal Herrian eta Katalunian hainbat talde armatu sortu ziren. Talde horiek absolutismoaren aldekoak ziren. Riegoren liberalismo saiakerak gutxi iraun zuen, Europan indar absolutistak indartsu zeudelako eta Aliantza Santuak Espainiako liberalismoa deuseztatzeko erabakia hartu zuelako. 1823an, berriz ere Fernando VII.a eta bere absolutismoa berrezarri zituzten.
3. Hamar Urteko Absolutista (1823-1833)
1823an, absolutismoa ezarri zuten Espainian. 1812ko Konstituzioa bertan behera gelditu zen, eta liberal iraultzaileak zapalduak eta atxilotuak izan ziren. Baina erregeak eta bere inguruko agintariek ikusi zuten erreforma liberal batzuk behar-beharrezkoak zirela Estatuak aurrera egiteko. Horregatik, erreforma batzuk egin ziren administrazioan.
Horrek absolutisten artean banaketa eragin zuen:
- Absolutista Moderatuak: Fernando VII.aren inguruan bilduak.
- Absolutista Erradikalak: Carlosen inguruan bildu zirenak.
Fernando VII.ak absolutista sutsuenekin arazoak izateaz gain, ia bere erreinaldiaren bukaera arte ez zuen oinordekorik izan. María Cristinarekin ezkondu zen, eta Isabel izeneko alaba izan zuten. Baina Espainiar Estatuan emakumeak ezin ziren erreginak izan (Lege Salikoa). Fernandok lege hori ezabatu zuen (Pragmatika Santzioa), eta horrek absolutista sutsuen haserrea eragin zuen.
Fernando VII.a 1833an hil zen, eta bere alaba txikiegia zenez gobernatzeko, bere emaztea erregeorde bihurtu zen. Bi talde agertu ziren:
- Isabelinoak: Liberalak eta absolutista moderatuak.
- Karlistak: Absolutista erradikalak eta foruzaleak.