Absolutismoa eta Liberalismoa Espainian: 1814 eta 1836ko Testuak
Pertsiarren Manifestua (1814)
Testu honek Pertsiarren Manifestuaren hainbat zati jasotzen ditu. Izen hori ematen zaio hasieran erreferentzia egiten duelako pertsiarrek erregea hiltzean anarkiaz beteriko bost egun igarotzen zituztela monarkia indartzeko.
Testuaren Izaera eta Jatorria
Testu historikoa da, eskutitz bat hain zuzen ere. Edukiari dagokionez, politikoa da, absolutismoaren berrezarpenaren aldeko adierazpena egiten baita bertan. Jatorriaren arabera, lehen mailako testua da, gertaeraren garaiko testua baita.
Cadizko Gorteetako diputatu absolutistek idatzi zuten, Espainiako Fernando VII.ari ("Jauna") zuzenduta. Nahiz eta hasiera batean testu pribatua izan behar zuen, interes soziala zuenez, espainiar guztientzat argitaratu zuten. Egileen asmoa Cadizko Gorteekin amaitu eta absolutismoa berrezartzeko eskaera egitea zen.
Testua 1814ko apirilaren 12an argitaratu zen Madrilen, Fernando VII.a Frantziatik Espainiara itzuli zenean, Espainiak Independentzia Gerran garaile atera eta okupazio frantsesa penintsulan amaitutzat eman ondoren.
Manifestuaren Egitura
Testuan hiru atal bereiz ditzakegu:
- Manifestuaren sarrera.
- Monarkia absolutuaren aldeko defentsa.
- Cadizko Gorteen lana baliogabetzeko eskaera erregeari.
Testuinguru Historikoa: Independentzia Gerra eta Absolutismoaren Berrezarpena
Pertsiarren Manifestua idaztera iristeko, hainbat gertaera jazo ziren aurretik. XIX. mendearen hasieran, erregea, Karlos IV.a, oso ahula zen, eta benetan boterea kontrolatzen zuena bere balidoa, Godoy, zen. Aldi berean, Napoleonek Portugaleko lurrak konkistatu nahi zituen, eta beraz, Fontainebleauko Ituna (1807) sinatu zuen Espainiarekin.
Baina bere tropak Portugalen finkatu beharrean, Espainian finkatu zituen. Napoleonek Karlos IV.a eta bere semea, Fernando VII.a, abdikatzera eta Frantziara erbesteratzera behartu zituen. Horrela, bere anaia Josef I.a jarri zuen tronuan. Egoera horretan piztu zen Independentzia Gerra (sei urte iraun zuena).
Josef errege izendatuta, herria banatu egin zen: alde batetik, Josef I.aren jarraitzaileak (Afrantsesatuak), eta bestetik, Fernando VII.aren aldekoak. Azken hauen artean ere bereizketa bat zegoen: liberalak eta absolutistak. Hauek Cadizko Gorteetarako deialdia antolatu zuten 1810ean.
Erregeordetzak Gorteak bildu zituen Cadizen, merkataritza gune garrantzitsua zelako. Garrantzia hori zuenez, burgesiaren presentzia somatzen zen, eta horrekin batera, haien ideia liberalak. Cadizen gehiengoa liberalak zirenez, konstituzio liberal bat onartu zuten: 1812ko Konstituzioa. Honek ideia liberalak gauzatu nahi zituen, Antzinako Erregimena apurtuz eta botere banaketa lortuz. 1812tik 1814ra egon zen indarrean.
Independentzia Gerra amaitzean, Valençayko Itunaren (1813) ostean, frantsesak kanporatuak izan ziren eta Fernando VII.ak hartu zuen erregeordetza. Fernando iristean, dokumentu hau entregatu zioten, eta honek erregearen botere absolutua ezarri eta 1812ko Konstituzioa bertan behera utzi zuen, Seiurteko Absolutista (1814-1820) ekarriz, Riegoren Pronuntziamendura arte.
Ondorioak
Absolutismo horren ondorioz, berriz ere ezarri ziren estamentuak, foruak, Inkisizioa, feudalismoa eta ezberdintasun juridikoak. Gainera, ideia liberalak zituzten hainbat intelektual erbesteratu zituzten.
Baina, Konstituzio hau izan zen Latinoamerikako kolonien independentzia sustatuko zuen ideologiaren oinarria.
Halaber, iraganeko absolutismoaren eta liberalismoaren arteko tirabirek erakutsiko dute 1812ko Konstituzioan jaiotako ideia liberalak betirako mantenduko direla Espainian. Ideologia hau indartuz joango da, absolutismoa ahultzen doan heinean.
Mendizabalen Desamortizazio Dekretua (1836-02-21)
Testuaren Izaera eta Egilea
Bertan dugun testua Mendizabalen Desamortizazio Dekretua da, 1836an idatzia. Testu juridiko eta legegilea da, edukiari dagokionez ekonomikoa. Lehen mailako testua da. Egunkari batean argitaratu zen, beraz, dokumentu publiko bat da.
Egilea Juan Álvarez Mendizabal da. Mendizabal joera liberal progresistakoa zen; Riegorekin eta Quirogarekin 1820ko altxamenduan parte hartu zuen, eta 1823an absolutismoa berrezarri zenean, Ingalaterrara erbesteratu zen. Londresen nazioarteko ospea eskuratu zuen, hiriko finantza-zirkuluetan.
Espainiara iritsi zenean, kargu ezberdinak izan zituen: Ogasun ministroa, Lehen ministroa eta Maria Kristinaren garaian Gobernuko buruzagia. Herritarren eskubideak aitortu behar zirela berretsi zuen eta Milizia Nazionala berantolatu zuen.
Dekretua Maria Kristinari zuzenduta zegoen, eta haren bidez Espainiako nazioari. Testua liberalismoaren garaian kokatzen da, Lehen Gerra Karlista gertatu zenean. Kontuan izan behar da testua gerra garaian idatzi zela.
Desamortizazioaren Helburuak
Dokumentuaren lehen atalean, desamortizazioaren arrazoiak azaltzen ditu bereziki. Kleroaren ondasunak (lurrak, monasterioak...) nazionalizatu eta enkanteen bidez saldu nahi zituzten. Arrazoi nagusiak hauek ziren:
- Hildako aberastasuna berpiztea.
- Herriaren zoriontasuna lortzea.
- Ekonomia garatzea, batez ere industria eta merkataritza (oso atzeratuta baitzeuden).
- Aberria zabaltzea, biztanleria Isabel II.aren monarkiarekin identifikatuz, askatasunaren eta ordenaren ikur izanik.
Testuinguru Historikoa: Karlistaldiak eta Liberalen Gorakada
XIX. mendearen hasieran, gobernuan, liberalen eta absolutisten tirabiren ondorioz, hainbat talde politiko sortu ziren. Alde batetik, absolutisten artean Karlistak zeuden, Fernando VII.aren anaiaren, Karlos Maria Isidroren, jarraitzaileak. Eta bestetik, liberalak bi korronte nagusitan banatuta zeuden: liberal moderatuak (monarkia moderatua defendatzen zutenak) eta progresistak (erregearen boterea mugatu eta Cadizko Gorteen jarduera legegilearen alde zeudenak).
Hamarkada Gaitzesgarriaren (1823-1833) amaieran, absolutismoa krisian zegoen, eta erregeak ondorengotza ziurtatu nahi zuenez, 1789ko Berrespen Pragmatikoa ezarri eta Lege Salikoa indargabetu zuen. Horrela, erregearen alabak, Isabel II.ak, tronua eskuratzeko eskubidea lortu zuen.
1833an Fernando VII.a hil zenean, bere anaia Karlos errege izendatu beharrean, Isabel II.a bi urterekin erregina izendatu zuten, eta horrek karlisten haserrea piztu zuen, Lehen Gerra Karlistari bidea emanez.
Isabelek bi urte besterik ez zituenez, bere ama Maria Kristina izendatu zuten erregeorde. Honek Errege Estatutua onartu zuen, baina Gerra Karlistarekin batera ogasun krisi handia sortu zen. Une hartan, Espainiaren egoera kezkagarria zen, ekonomia oso ahula zelako. Gerraren gastuez gain, Amerikako kolonien independentzien eraginez diru-sarrerak txikiak ziren.
Hortik gutxira, liberalak gobernura iritsi eta Espainiako Antzinako Erregimenaren oinarriak desagerrarazteko estatu liberal berriaren oinarriak abian jarri zituzten. Desamortizazio honen helburuak Gerra Karlistari aurre egiteko dirua lortzea eta lurjabe ertainen klase bat sortzea ziren.
Ondorioak eta Eragina
Baina neurri hau ez zen nahiko eraginkorra izan: denbora gutxian ogasunaren zerga txikitzeko dirua jaso arren, martxan zegoen gerra zibilean erabili behar izan zuten diru hori.
Halaber, ustiatu gabeko hainbat lur martxan jarri ziren; aldiz, ez ziren lantze-teknikak eta ustiaketa-sistemak garatu. Gainera, ekonomia sustatu beharrean, nekazariek erabiltzen zituzten lurrak burgesen eta nobleen esku geratu ziren, eta hauek zerga handiagoak jarri zituzten, nekazariei hainbat oztopo sortuz.
Bestalde, kleroaren ondasunak nazionalizatu zituztenez, Vatikanoarekiko harremanak apurtu zituzten, 1851ra arte harremanak berriz ere normalizatu zituztenean.
Egoera ikusita, gobernu progresistak Gorteetarako deia egin zuen, eta 1837ko Konstituzioa eratu zen.