1937ko Gerra Bizkaian: Eusko Jaurlaritza eta Gernika
Gerra Bizkaian (1937): Eusko Jaurlaritzaren sorrera
Bigarren fasea Autonomia Estatutua onartu ondoren garatu zen, eta Eusko Jaurlaritzak gidatu zuen. Bizkaia izan zen gerra-eszenatokia. Frankisten presioa lasaitu egin zen, indar guztiak Madril inguruan bildu baitzituzten. Bitarte hartan, Eusko Jaurlaritzak Eusko Gudarostea (euskal armada) sortu zuen.
1936ko urriaren 17an, Hernaniko kanposantuan, frankistek Jose Ariztimuño 'Aitzol' hil zuten. Erlijioaren izenean altxatu zirenek Aitzol bezalako beste 15 apaiz ere hil zituzten Euskal Herrian.
Baina egun horietan bi prozesu abiatu ziren: Autonomia Estatutua eta Eusko Jaurlaritzaren eraketa. Jose Antonio Agirre lehendakariak gidatu zuen Euskadi autonomo hura, ia independentea, Bizkaira mugatuta, Gipuzkoako eta Arabako bi zatirekin.
1936ko urriaren 1ean, Francok bere lehen gobernua osatu zuen egunean, Madrilgo Gorteek Euskal Autonomia Estatutua onartu zuten. Urriaren 8an, Gernikako Juntetxean bildutako zinegotziek Jose Antonio Agirre lehendakaria izendatu zuten.
Eusko Jaurlaritzaren osaketa
Gobernuan elkarlanean aritu ziren alderdi guztiak:
- Lehendakaritza eta Defentsa: Jose Antonio Agirre (EAJ)
- EAJ: Hiru sailburu (Leizaola, De la Torre eta Monzon, Ertzañaren sortzailea)
- PSOE: Hiru sailburu
- Errepublikanoak: Bi sailburu
- EAE-ANV: Sailburu bat
- Euskadiko Partidu Komunista: Sailburu bat
Bizkaiaren aurkako ofentsiba eta indar desoreka
1937ko udaberrian hasi ziren Bizkaiaren kontrako gudu gogorrak, matxinatuek Madrilen porrot egin ondoren. Askoz ere soldadu eta baliabide gehiago erabili zituzten faxistek: alemanen Condor Legioaren eta italiar faxisten abiazioa eta infanteria, armada profesionala eta erreketeak.
Indar militarren konparaketa
- Frankistak: 40.000-60.000 soldadu, 200 artilleria-pieza eta 100 hegazkin.
- Eusko Gudarostea: 40.000 soldadu, 100 artilleria-pieza zahar eta 12 hegazkin.
Teknika militar berri batzuk plazaratu ziren fase honetan: hegazkinek eta artilleriak hartu beharreko lekuak bonbaz barreiatzea, eta zibilen kontrako bonbardaketak etsaia beldurtzeagatik. Emilio Mola jeneralak ofentsibari ekin zion 1937ko martxoan, eta Bizkaia "desegin edo apurtuko" zuela agindu zuen irratitik edota idatziz. Nazien eta italiarren laguntzarekin, aireko nagusitasunak faxisten alde desorekatu zuen gerra.
Intxortako defentsak eta Gernikako sarraskia
Eibar eta Elgeta ziren Gipuzkoan Euskal Armadak kontrolatutako herri bakarrak, eta horien inguruko mendietan, Kalamuan eta Intxortan batez ere, zeuden eginak lubakiak eta defentsarako posizioak. Ofentsiba nagusia martxoaren 31n hasi zuen Molak, baina inguru horretan ez zen lerroak hausteko saiorik egon apirileko azken astera arte. Artilleria eta hegazkineriaren bitartezko biguntze lana izan zen ordura arte frankistek egin zutena. Euskal Armadaren lerroak zigortu eta erretaguardia astindu zituzten hegazkinen bidez. Frontea apirilaren 26an hautsi zen.
Gernikako bonbardaketa (1937ko apirilak 26)
Gernikan 1937ko apirilean errefuxiatu asko zeuden (3.000 lagun). Hilaren 26a hileko azken astelehena zen, gainera, feria eguna. Hegazkinak –alemanak gehienak, lehen pasaldiak egin zituzten Savoia italiar batzuk salbu– arratsaldeko 15:30ak aldera hasi ziren bonbak jaurtitzen. Junker-52ak gehienak, eta Heinkel-111 batzuk ere bai, modelo berriak azken horiek. Burgos eta Gasteiztik abiatu ziren hegazkinak.
Pasaldi batzuetan hiruzpalau hegazkin, beste batzuetan dozena bat ere bai. Bonbak tonaka jaurti zituzten:
- Batzuk suntsitzaileak, 250 kilokoak.
- Beste heren bat edo su-eragileak.
Batzuen indarrarekin etxeak apurtu, eta besteekin hondakinak sutu, dena kalkulatua ahalik eta kalte handiena eragiteko. Gernikako etxeen %75 txikituta geratu ziren. Helburu militar posibleak, arma-fabrika batzuk eta Errenteria auzoko zubia ukitu barik utzi zituzten, hiru ordutan 22 hegazkinek astia izan bazuten ere.
Burdinazko Hesiaren traizioa eta Bilboren erorketa
Bilbo Metropolia inguratzen zuen Burdinazko Hesia zen, 1937ko apirilaz geroztik, Bizkaian geratzen zen azken defentsa. Burdinazko Hesia fortifikazio-lerro bat zen, lubaki eta bunkerrez osatua. Obraren arduraduna, Goikoetxea, frankisten lerroetara pasatu zen, zonalde ahulenen inguruko informazio osoa emanez.
Azken ofentsiban beren indar guztiak eman zituzten faxistek: infanterian nafar erreketeak, mairuak, soldadu matxinatuak, Italiako brigadak eta airez, alemanak. Antzuak izan ziren Jose Antonio Agirrek Errepublikako Gobernuari eginiko eskariak: artilleria eta hegazkinak. Batailaren egun haietan, Burgos aldean izandako hegazkin-istripu batean hil zen Mola jenerala.
Lemoa galdu ostean, azken asaltoa iritsi zen, Burdinazko Hesiak zeukan lekurik ahulenean, Fika herriaren inguruan, amaitu barik zegoena. Jose Antonio Urgoitia, Artilleriako tenientea, Bilboko azken defentsan:
"Lau kilometroko tarte hartan kilometro bakoitzeko batailoi bat egongo zen gure gudariena. Eta eurak ipini zuten hiru brigada, 20.000 gizon. Lau kilometrorako 150 artilleria pieza ipini zituzten, eta frontean bota zituzten 40.000 obus tiro. Lau pieza zituzten ehun metroko, eta mila proiektil jausi ziren ehun metroko ekainaren 12an. Dena txikitu zuten."
Zuloa zabaldu eta berehala barneratu zen etsaia, gutxienez 10.000 gizon sartu ziren. Horrez gainera, 70 bonbardero egon ziren, eta 50 kaza. Abioiek dena metrailatzen zuten eta laguntasuna ezinezkoa zen. Hiru hilabete Otxandiotik Bilboraino eustea asko izan zen. Frontean 12.000 gizon hil ziren eta zaurituak 20.000. Armada 70.000 lagunekoa zen, baina zinturora ailegatu zenean, 40.000 edo 35.000 bakarrik ziren. Erasoa hasi eta 24 ordura Burdinazko Hesia apurtuta zegoen. Ekainaren 19an hartu zuten Bilbo nazionalek.
Jaurlaritzak Labe Garaiak eta industria bere hartan uztea erabaki zuen. Suntsipena eremu militarrera mugatu behar zela erabaki zuten, eta sabotaje batzuk egin ziren, Galdakaoko Explosivos Rio Tinto dinamita-lantegian. Baina industria handia ez zuten apurtu edo saboteatu.