1917ko krisialdia: Errestaurazioaren gainbehera

Historia2,6 KB

1917ko krisialdia

1917ko krisialdiak Errestaurazioa gehiago ahuldu zuen. Sei urtetan 14 gobernu egon ziren, baina egoerak berdin jarraitu zuen Primo de Riveraren diktadura arte. Krisia hiru protestek eragin zuten:

A) Militarren protesta

Arrazoi ezberdinengatik, militarrek ondoeza handia zuten: Marokoko gerraren porrota, soldata txikiak... Gainera, desprestigiatuak sentitzen ziren. Ondoeza horren ondorioz, 1916. urtean, Defentsa Batzordeak sortu ziren infanteriako adarrean. Bertan eskaera profesionalak egin zituzten:

  • Errege-faboreak desagertzea.
  • Soldatak bizi-kostuaren arabera ezartzea.

Eskaerak alor politikora zabaldu ziren: Gobernuan txandatzen ziren alderdien sistema ustelaren kritika, parlamentuaren eraginkortasun ezaren kritika eta kezka biziak langileen eta katalan autonomisten aldarrikapenen aurrean. Hurrengo gobernua Defentsa Batzordeak desegiten saiatu zen, baina militarrek estatu-kolpea emango ote zuten beldurrez, mantendu egin zituzten.

B) Krisi politikoa: Parlamentarien Biltzarra

Gorteak, arazoak planteatuko ote ziren beldur, itxita zeuden. Baina oposizioko alderdiek Gorteak zabaltzeko eskatu zuten. Erantzuna ezezkoa izan zenez, katalanistek, errepublikazaleek eta sozialistek, Cambó buru zutela, eskaera batzuk egin zituzten:

  • Alderdien txandaketari bukaera ematea.
  • Kontzentrazio-gobernu bat sortzea (alderdi politiko ezberdinetako behin-behineko gobernua).
  • Konstituzioaren erreforma egitea, sistema politiko espainiarra demokratizatzeko.
  • Autonomia Katalunia eta Espainiako beste lurraldeentzat.

Gobernuak Ligaren beldur, Cambó gobernuan sartu zen eta kendu nahi zuten sistema politikoa sendotu zuten.

C) Krisi soziala: 1917ko greba orokorra

Lehen Mundu Gerraren ondorioz, hazkunde ekonomiko handia egon zen Espainian, gerrak Europara esportatzeko aukera eman zuelako. Inportazioak murriztu eta industrializazioa bizkortu egin zen. Etekinaren igoera handia egon zenez, merkataritza-balantzaren emaitza positiboa izan zen lehenengo aldiz XX. mendean, baina horrek prezioen igoera eta langileen ondoeza sortu zuen, eta gatazka ugari piztu ziren.

Abuztuan, CNTk eta UGTk greba orokorraren deialdia egin zuten. Baina ejertzitoak zapaldu eta errepresio handia erabili zuen; hildako eta zauritu asko egon ziren. Hala ere, ejertzitoak denbora asko behar izan zuen greba hori mendean hartzeko. 1917ko krisia gaindituta zegoen arren, arazoak bertan jarraitzen zuten. Ejertzitoak Errestaurazioaren sistema eta monarkia salbatu eta, azkenean, diktadura ezarri zuten.

Deskargatu

PDF Word HTML