1876ko Konstituzioa: Testua, Azterketa eta Berrezarkuntzaren Testuingurua

Historia7,75 KB

Testua: 1876ko Konstituzioa

Sarrera

Aurrean dugun testua Madrilen, 1876ko ekainaren 30ean, aldarrikatu zen Konstituzioaren zenbait artikuluk osatzen dute. Testu historikoa da, lehen mailako informazio iturria delako, izaera juridiko-politikoa baitauka. Egilea kolektiboa da: 1876ko urtarrilean sufragio unibertsalaren bidez hautatu ziren Gorteetan Alderdi Kontserbadoreak nagusitasuna lortu zuen. 39 diputatuz osatutako batzordeak landu zuen testua, baina Cánovas izan zen benetan kodigo berria egituratu zuena.

Antonio Cánovas del Castillo (1828-1897) XIX. mendeko bigarren zatiko politikari nagusia izan zen. O'Donnellen Batasun Liberaletik zetorren; Biurteko Aurrerakoiari hasiera emango zion Manzanareseko Adierazpena idatzi zuen Seiurteko Iraultzaren ostean. Borboiei leial izaten jarraitu zuen, Alderdi Alfonsinoa antolatu zuen eta 1874an Saguntoko eta Sandhursteko Adierazpenen ondoren, Alfontso XII.a errege izatera iristea lortu zuen. 1897an, anarkista batek tiroz hil zuen Arrasateko Bainu Etxean zegoenean.

Azterketa

Testuan Cánovasen sistemaren ideia nagusiak islatzen dira. Lehenik, sarrera dugu: lehen hiru lerroetan Alfontso XII.a eta Gorteak testuaren emaile gisa agertzen dira. Ondoren, zenbait artikulu azaltzen dira. Hauek dira alderdi garrantzitsuenak:

Soberania konpartitua

Erregearen eta Gorteen artean (18. art. eta sarrera). Konstituzioaren ezaugarri nagusia da. Cánovasentzat herri baten "barruko konstituzioa" antolaketa politikoaren ardatza zen, mendeetako tradizioa zuten erakundeetan oinarrituta: Monarkian eta Gorteetan, alegia.

Eskubideen onarpen zabala

Gutxienez paperean (4, 6, 9 eta 13. art.), 1869ko Konstituzioaren eredua jarraitzen da. Baina praktikan murriztu ziren. Adibidez, inprimatze-askatasuna murriztu zen 1879ko inprimatze-legearen bidez, Berrezarkuntzako sistema politikoari erasotzea edo sistema zalantzan jartzea delitutzat ezarri zelako. Liberalen gobernuak, Sagastaren eraginez, legea aldatuko du eta Prentsa Lege berria aterako du, zentsura mugatuz.

Aginte banaketa

Aginte banaketari eusten zaio: aginte legegilea erregeak eta Gorteek konpartitzen dute (18. art.). Gorteak bi ganbarak osatzen dituzte: Senatua (20. art.) eta Kongresua (27. art.). Senatua ganbara elitista dela egiazta daiteke, bere osaketa eta senatari izendatu edo hautatzeko baldintzak zehazten baitira. Kongresua osatzeko hauteskunde sistema ez da zehazten; 1878ko hauteskunde legeak sufragio zentsitarioa ezarri zuen, eta horrek herritarren parte hartzea biztanleen %5era murriztu zuen. 1890era arte ez da gizonezkoen sufragio unibertsala onartuko. Bi ganbarek funtzio legegilea izango dute.

Konfesionaltasuna eta tolerantzia

Estatua konfesionaltasunaren alde agertzen da, baina beste sinesmenekiko tolerantea da (11. art.), kultu publikoa onartu gabe. Formula eklektiko honekin, alde batekoak eta bestekoak pozik geratu ziren. Cánovasek bilatzen zuen, alde batetik, Aita Santuak karlistei ematen zien laguntza ekonomikoa amaitzea; bestetik, liberal aurrerakoiagoak asetzea.

Iruzkina

Testua garai historiko baten adierazlea da, eta Berrezarkuntzaren hasierarekin lotu behar dugu. Errepublika 1874ko hasieran amaitu zen Pavíaren estatu kolpearen bidez, eta ondoren Serranoren agintaritzapean behin-behineko gobernu bat osatu zen. Garai hartan arazo ugari zeuden: Gerra karlista, Kubako gerra, langileen protestek eragindako ezegonkortasun soziala... Horren aurrean, Cánovas del Castillok Seiurteko Iraultzaren aurreko egoerara itzultzea proposatu zuen, orduan zeuden balio moderatuak berreskuratuz. Sandhursteko aldarrikapenaren bidez, Alfontso XII.a bakegile gisa agertuko da.

1874ko abenduan, Sagunton, Martínez Campos jeneralak estatu kolpe bat eman zuen eta, ondorioz, Alfontso XII.a errege aldarrikatu zuten. Horrela hasi zen etapa berri bat: Berrezarkuntza edo Errestaurazioa. Helburua zen ordena publikoa berreskuratzea eta oreka oinarri zuen sistema ezartzea. 1876ko urtarrilean egindako hauteskundeetan Kontserbadoreak nagusitu ziren; Gobernazio Ministeriotik emaitzak manipulatu ziren, Alderdi Kontserbadoreari gehiengo zabala emateko.

Sistema canovistaren oinarriak

Cánovasek martxan jarriko zuen sistemaren oinarrien artean, konstituzioaz gain, beste oinarri bat nabarmendu behar da: indar politikoen arteko adostasuna bilatzea. Horren ondorioz, bi alderdi liberal handi antolatu ziren:

  • Alderdi Kontserbadorea: alde batetik, Cánovas zen buruzagia, eta garai bateko moderatu eta unionistak bildu zituen.
  • Alderdi Liberal Fusionista: bestetik, liberal progresistak bildu zituen. Buruzagi nagusia Práxedes Mateo Sagasta izan zen.

Alderdi hauek elite-alderdiak ziren, masa-alderdiekin zerikusirik gabe. Goi mailako burgesia zen haien oinarria. Bi alderdiek txandakatu zuten boterea aurrez adostutako moduan. Txandakatze eraginkorra lortzeko, hauteskundeen manipulazioa beharrezkoa zen: beraz, bi alderdien txandakatzea hauteskunde-iruzurrean oinarritu zen. "Parlamentu egokia" aurkitzeko, laukitxoen sistema deritzona erabiltzen zen, borondate nazionala faltsutzeko. Formula horren arabera, Gobernuaren onespena zuten hautagaien zerrenda bat egiten zen, eta hautagai ofizial horiek hauteskundea egin aurretik ia-ia irabazita zeukaten. Paktua ezinezkoa edo zalantzazkoa zenean, emaitzak bermatzeko mota guztietako presioa egiten zen: indarkeria, iruzurra, botoak erostea eta abar. Horri hauteskunde-iruzurra deitzen zitzaion.

Hori guztia bermatzeko, alderdi ofizialak probintzietan egituratuta zeuden eta bertako agintea kazikismoaren bidez kontrolatzen zuten. Kazikeak herriko ahaltsuenak izaten ziren eta praktikan diputatu "ofizialarentzat" botoak batu eta hauteskundeak erabiltzeko ardura zuten agente politikoak ziren. Inguruko gobernadore zibilarekin edo Madrilgo buruzagiekin harremanetan, botoen truke mesede emaile bihurtzen ziren; nekazari-eremuetako arazoetan jaun eta jabe ziren, eta jarraitzaile sutsuak biltzen zituzten.

Azkenik, sistema canovistaren osagai hauek azaldu ondoren, legealdi honen ezaugarri nagusiak aipatu behar dira:

  • Hertsadura politikoa: horren adierazle izan zen probintzien Foruak kentzea.
  • Zentralizaziorako joera: probintzietako hiriburu gehienetan eta hiri handietan alkateak Gobernuak aukeratzen zituen.
  • Kontrol ideologikoa: inprimatze-askatasunak legedi murriztailea izan zuen (1879ko inprimatze-legea), batez ere hasierako urteetan. Gobernu liberalek, geroago, joera hori aldatuko zuten.

Ondorioa

1876ko Konstituzioak garrantzi handia izan zuen, monarkia konstituzionala eta sistema bipartidista ezarri zituelako, bakea, segurtasuna eta egonkortasuna ekarriz herriari. Hala ere, espainiarren beharrei eta arazoei ez zien erantzun: erregearen gehiegizko aginteak sistemaren kontrakotasunak agerian utziko zituen, desberdintasun sozialak mantenduko ziren eta gizartearen zati handi baten miseria areagotuko zen.

1845eko Konstituzioaren oinordetza moderatua jaso zuen, baina aipatu bezala, 1869koaren alderdi nagusi batzuk ere bildu zituen; esaterako, eskubideei dagokienez. Aipagarria da, gainera, bi alderdien arteko adostasunarekin lortutako lehen konstituzioa izan zela, eta ez alderdi batek inposatutakoa. Testu irekia eta malgua idatzi zen, eta horrek egoera desberdinetara egokitzea ahalbidetu zuen. Berrezarkuntzako sistemak ondo funtzionatzeko ezinbesteko tresna izan zen konstituzio hau, eta horrela izan zen Alfontso XIII.aren eta Maria Kristinaren ordezkaritza bitartean. Cánovas del Castilloren erailketak eta Kubako hondamendiak sistemaren krisia ekarri zuten. Alfontso XIII.aren erregealdian beherakadan sartuko da. Konstituzioa indarrean mantendu zen 1923. urtera arte, Primo de Riveraren diktadura iritsi zen arte.

Deskargatu

PDF Word HTML