1876ko Foruen Abolizioa: Berrezarkuntza, Kontzertu Ekonomikoa eta Nazionalismoa

Historia2,68 KB

1876ko Foruen Abolizioa eta Ondorioak

Testu honek Euskal Foruen abolizioa jasotzen du, eta horrek euskal lurraldeko biztanleentzat eragindako aldaketa nagusiak: soldadutza egitera joatea, estatuko gastuetan parte hartzea eta Espainiako konstituzioa onartzea.

Kontzertu Ekonomikoa eta Industrializazioa

Gerora, ondorio gisa, Kontzertu Ekonomikoa azpimarratu behar dugu. Cánovas del Castillok, gobernuburu zela, euskal probintzietako ordezkariekin itun hau sinatu zuen. Itun horren arabera, Aldundiek finantza-autonomia izan zuten. Hauek urtero adostutako kopuru bat estatuari eman behar zioten. Autonomia administratibo honekin inbertsioak eta zerbitzu asko garatu ziren, azken finean industrializazio prozesua ahalbidetuz.

Nazionalismoaren Sorrera

Foruen abolizioa euskal gizartean errotutako gaia izango da aurrerantzean, eta horren ondorioz korronte abertzale bat sortu zen: Sabino Aranaren nazionalismoa, hain zuzen ere.

Berrezarkuntza eta Karlistaldiaren Amaiera (1874-1876)

Foruen abolizioa ahalbidetu zuen legea Berrezarkuntzaren garaian idatzi zen.

Alfontso XII.aren Berrezarkuntza

1874ko abenduaren 1ean, Alfontso printzeak Sandhursteko Manifestua irakurri zion nazioari Sandhursteko akademiatik. Cánovasek idatzitako manifestuan, Espainiaren arazoetarako irtenbide bakarra tradiziozko monarkia berrezartzea zela zioen. 1874aren amaieran, Martínez Campos jeneralak Alfontso XII.a Espainiako Errege izendatu zuen eta armadaren gehiengoaren babesa lortu zuen berehala. Horrela, hasi zen Berrezarkuntza. Cánovas gobernuburu izan zen eta monarkazale guztiak Alfontso XII.a errege izango zenaren inguruan adiskidetzea lortu zuen. Erregea 1875eko urtarrilean sartu zen Madrilen.

III. Gerra Karlista (1872-1876)

Lehenengo arazoetako bat gerra karlista izan zen, eta 1876an amaitu zen karlisten porrotarekin. Horren ondorio zuzena foruen abolizioa izan zen.

Karlistaldiaren Jatorria eta Babesa Euskal Herrian

3. Gerra Karlista 1872ko apirilean hasi zen, Amadeo Saboyako monarkiaren garaian. Honen abdikazioaren ondoren, I. Errepublikaren garaian karlismoak jarraitzaileak irabazi zituen eta Euskal Herrian garrantzi handia hartu zuen neokarlismoak. Hirietako liberal foruzale askok, jabeek eta kontserbadoreek karlismoaren alde egin zuten, ordena lortzeko aukera zelakoan. Isabel II.a tronutik kendu zutenean eta agintea hutsik geratu zenean, karlismoan ikusi zuten galdutako ordena berrezartzeko aukera. Beraz, Karlos VII.aren monarkia ezartzeak tradiziozko gizartearen ordena, katolizismoa eta foruen berezitasunak mantentzea zekarren. Mugimendua Katalunian, Nafarroan eta Euskal Herrian garatu zen.

Deskargatu

PDF Word HTML