1876ko Foruak Abolitzeko Legea: Testuaren Azterketa
1876ko uztailaren 21eko Legearen Kokapena
Aurrean daukagun testua, 1876ko uztailaren 21eko Legea kokatze aldera, Hirugarren Karlistaldian Alfontso XII.ak eta Gorteek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleriari idatzitako lege bat izan zen. Idatzi honen asmoa foruak kentzea da, eta lehen mailako iturri bat dela esan dezakegu. Formaren aldetik, juridikoa da, eta eduki ekonomiko zein politikoak ditu.
Testuaren Azterketa
Testuaren azterketari hasiera emateko, komeni da lehenik eta behin kontzeptu hauek argitzea, testua hobeto ulertu ahal izateko:
Kontzeptu Garrantzitsuak
Foruak: Euskal lurraldeek zituzten lege bilduma idatzia da, usadio eta ohituretan oinarrituta dagoena.
Ideia Nagusien Laburpena
Idatzian azaltzen diren ideia nagusiak honela labur daitezke:
Sarrera: Alfontso XII.ak Gorteek agindutakoa berretsi egin duela eta herritarrei jakinarazten ari zaiela ikus dezakegu.
Lehenengo artikulua: Soldaduskara joateko derrigortasuna eta herritar guztiek ondasunen arabera zergak ordaindu behar dituztela dio, eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako biztanle guztiek ere betebehar horiek bete behar dituztela.
Bigarren artikulua: Legeen arabera hiru probintzia horietatik soldadu kopuru bat aurkeztea zehazten du.
Hirugarren artikulua: Lehenengo artikuluan bezala, hiru lurraldeak derrigortuta daudela zergak ordaintzera adierazten du.
Laugarren artikulua: Gobernuari baimena ematen zaio hiru lurraldeetako probintzien baieztapenarekin, haien foru-araubide zaharretan aldaketak egiteko.
Testuinguru Historikoa: Hirugarren Karlistaldia
Testuinguruari dagokionez, Hirugarren Karlistaldian (1872-1876) kokatuko litzateke. Egoera horretara iristeko kontuan hartu behar da aurretik izandako bi gerra karlistetan foruekiko arazoak ez zirela konpondu.
Bestalde, Seiurteko Demokratikoan (1868-1874) La Gloriosa iraultzaren ondorioz, karlistek Amadeo Saboiakoa Espainiako erregea izatea ez zuten onartu, beraiek Karlos VII.a baitzuten hautagai bezala. Horren ondorioz, gerra deklaratu zioten Amadeo Saboiakoari. Gerra hori arrazoi ideologiko zein dinastikoen ondorioa izan zen.
Gerran Bereizitako Bandoak
Bi bando bereizi ziren gerra honetan:
Karlistak: Monarkia tradizionala nahi zuten, foruak babesten zituzten, eta beren liderra Karlos VII.a zen. Pertsonaia nagusiak Santa Cruz apaiza, Oilo jenerala, nekazal eremuak eta foruzaleak ziren.
Liberalak: Liberalismoaren defentsa egiten zuten, monarkia moderatuaren alde zeuden (eta geroxeago errepublikaren alde). Taldea Amadeo Saboiakoak, Concha jeneralak, errepublikarrek, Alfontso XII.ak, burgesiak eta armadak osatzen zuten.
Gerraren Bilakaera eta Amaiera
Hasieran karlistak liberalak baino ahulago ibili ziren. 1872. urtean Zornotzako Hitzarmena eman zen, non karlisten amore ematea sinatu zen. Karlista batzuk ez zuten bake hitzarmen hori onartu eta ez zituzten armak entregatu. Ondoren, Santa Cruz apaiza lidertzat jarri zen eta bere agintepean karlistak indartzen joan ziren.
1873. urtean Amadeo Saboiakoak abdikatu egin zuen eta parlamentuak errepublika aldarrikatu zuen. 1874. urtean Martínez Camposen estatu-kolpearen ondorioz, monarkia berrezarri zen Espainian. Bilboko setioan berriro ere gainbehera gertatu zen eta bando liberala irten zen garaile. Emaitza horiek ikusita, Karlos VII.ak ihes egin behar izan zuen 1876an.
Urte horretan, Berrezarkuntza Garaian, Alfontso XII.aren erregetza liberalean, Hirugarren Gerra Karlista amaitu zen eta foruen galera ekarri zuen. Nahiz eta 1878. urtean Kontzertu Ekonomikoak, hau da, zergak bertan ordaintzeko eskubidea, berreskuratu zituzten.
Balorazioa
Idatzia baloratzeko orduan, nabarmentzeko dokumentua dela esan daiteke, izan ere, epe motzera eraginkorra izan zen, legea aplikatu baitzen eta foruak indargabetzeko prozesuaren barruan azken pausoa izan baitzen. Beste aldetik, hainbeste mende pasatu ondoren euskal jendeak euren eskubideak galdu zituzten, baina egia da, bestalde, bi urte pasa ondoren euskal lurraldeei Kontzertu Ekonomikoak onartu zizkietela.