1855eko Burdinbideen Legea: Analisia eta Testuinguru Historikoa
Aurrean dugun testua Espainiako 1855eko Burdinbideen Lege Orokorraren zati bat da, hainbat artikulu azalduz.
Sailkapena
- Gaia: 1855eko Burdinbideen Lege Orokorraren zati bat da, eta helburua trenbidearen eraikuntza suspertzeko abantailak ematea da.
- Testu mota: Iturriari dagokionez, testu historikoa da, eta edukiari begiratuta, juridikoa eta ekonomikoa.
- Egilea: Parlamentuan eztabaidatu ondoren, Sustapen ministroak (Francisco de Luxanek) sinatu zuen eta erreginak berretsi.
- Hartzailea: Madrilgo Gazetan argitaratu zen, beraz, publikoa da eta trenbidea egiteko emakidak lortu nahi zituzten partikularrei eta konpainiei zuzenduta zegoen.
- Garaia: Isabel II.aren erregealdian, Biurteko Aurrerakoian (1854-1856), Espartero eta O’Donnell-en gobernuaren garaian argitaratua dago.
Analisia
Testu honek Burdinbideen Lege Orokorra aztertzen du.
Emakidak eta Liberalizazioa
- 4. eta 6. artikuluek argi uzten dute gobernuak, Gorteetatik pasa gabe eta, noski, ustelkeria bultzatuz, linea bakoitzaren eraikuntza enkante publikoan emakidak lortuko dituzten “partikularrei eta konpainiei” emango diela.
- 4. artikuluan liberalismo aurrerakoien oinarrizko printzipioa islatzen da: sektorea liberalizatu. Burdinbidearen emakidak enkante publikoen bidez baimenduko dira.
- 6. artikuluan, konpainia pribatuek eraikiko dutela eta ustiatzeko epea 99 urtekoa izango dela zehazten da. Epea amaitzean, burdinbidearen jabetza Estatuaren esku geratuko da.
Kanpoko Inbertsioa eta Abantailak
- Lege honek aukera eman zien kanpoko enpresei (frantsesei batez ere) eraikuntzak egiteko. Hauek izango dira behar diren kapitala eta teknologia jarriko dituztenak.
- 8., 19. eta 20. artikuluek konpainia hauek lortutako abantailak deskribatzen dituzte.
Baldintza Faboragarriak
Legeak baldintza oso faboragarriak ezartzen zituen. Kontuan hartu behar dugu burdinbidearen eraikuntza oso garestia zela Espainian, orografia malkartsuagatik, eta irabaziak lortzeko itxaropenak eskasak, atzerapen ekonomikoa zela eta. Horregatik, baldintza faboragarriak ezarri ziren:
- Estatuaren laguntza ekonomikoa: Estatuak eraikuntza finantzatzen lagundu zuen, burdinbide kilometro bakoitzeko diru kopuru bat emanez eta enpresei “gutxieneko interes finkoa”, %6ko irabaziak, ziurtatzen zien (8. artikulua). Diru honen zati bat Madozen desamortizazioaren bidez lortu zen.
- Kapitalaren babesa: Estatuak babestuko zituen trenbidearen eraikuntzan inbertitutako kapitalak, “konfiskazio hipotetikoetatik libre” geratuko baitziren (19. artikulua).
- Inportazio librea: Burdinbidearen eraikuntzarako behar ziren produktu guztien inportazio librea onartzen zen, zergarik ordaindu gabe. Baldintza hau oso erakargarria zen atzerritar konpainientzat, haien industrietarako oso onuragarria baitzen.
- Pribilegioak: Konpainiei lurrak desjabetzeko pribilegioak eman zitzaizkien, baita “egur eta larreen aprobetxamendua langileentzat eta animalien mantenurako” ere (20. artikulua).
Legearen Emaitzak
- Baldintzak oso faboragarriak zirenez, konpainia askok (gehienak atzerritarrak, eta batez ere frantziarrak) kontzesioak lortu zituzten.
- Burdinbidea, beraz, kapital eta teknologia atzerritarrekin egin zen, batez ere frantziarrarekin, nahiz eta kataluniarren, euskaldunen eta valentziarren parte hartzea ere ezagutu, bakoitza bere gunean aritu zelarik.
- Trenbide zati ugari eraiki ziren: 1855-1865 artean 5.000 km; 1865-1875erako 1.000 km gehiago (1866ko krisi ekonomikoaren ondorioz).
- 30. artikuluak burdinbidearen zabalera finkatzen du: “metro bat eta 80 zentimetrokoa” izango dela dio. Zabalera hau Europan ezarritakoa baino zabalagoa zen, eta honek Espainiaren garapena eragotziko zuen.
- Burdinbide sare erradiala sortu zen. Madril periferiako hiri garrantzitsuenekin elkartu zen (gobernuaren nahia) eta lehengaien produkzio eskualdeak itsas portuekin (konpainia eraikitzaileen nahia, espainiar meategi asko ustiatzen baitzituzten). Hainbat eskualde (Galizia, Almeria, barnealdeko zona asko), ordea, isolatuta geratu ziren.
Testuinguru Historikoa
Biurteko Aurrerakoiaren Hasiera (1854-1856)
- Hamarkada Moderatuaren amaiera: Moderatuen aurkako oposizioa handitu zen. Erregimena geroz eta kontserbadoreago bihurtu zen. Senatuak kexak azaldu, eta gobernuak senatariak kargutik bota zituen.
- 1854ko Iraultza: Militar moderatu batzuek (O’Donnell) pronuntziamendu bat egin zuten Vicalvaron. Arrakasta izateko aurrerakoien laguntza behar zen, eta haiek erakartzeko Manzanareseko Adierazpena aldarrikatu zen.
- Mugimenduaren hedapena zela eta, Isabel II.ak aurrerakoiei boterea eskaini behar izan zien, Espartero gobernu buru izendatuz eta Biurteko Aurrerakoia hasiz.
- Gobernua bi buru militarrek presiditu zuten: Espartero (lehendakaria) eta O’Donnell (lehendakariordea).
Ekintza Legegilea eta Ekonomikoa
- Oso ekintza legegile zabala eman zen, liberalismoa eta askatasuna zabaltzeko asmotan. Joera politiko berriak azaleratu ziren: demokratak, errepublikarrak eta langile mugimenduak.
- 1856ko Konstituzioa idatzi zen, baina aldarrikatu ez zenez, non nata izenarekin ezagutzen da. Subiranotasun nazionala eta aginte banaketa bezalako neurri aurrerakoiak ezarri ziren.
- Madozen Desamortizazioa (1855): Berrikuntza ekonomikoetan garrantzitsuena izan zen. Jabetza kolektiboko ondasun guztiak salgai jarri ziren (Elizarenak, herriarenak...). Diru gehiena trenbidearen eraikuntzan erabiliko zen. Ondorioz, nekazarien egoera ekonomikoa larriagotu zen, burgesiak onurak lortu zituen eta Vatikanoarekin arazoak sortu ziren berriro.
Biurtekoaren Amaiera
Gobernu aurrerakoiak aurkako oposizioa izan zuen: karlistena (altxamendu armatuak), moderatuena eta ezker erradikalaren presioa (ahalegin politiko iraultzaileak). Krisia sakonduz joan zen eta 1856an O’Donnellek estatu kolpe bat eman zuen, Espartero jenerala eta alderdi aurrerakoia agintetik baztertuz. Biurteko Aurrerakoia hasi zen bezala amaitu zen, beraz.
Ondorioak
Trenbidearen Eragina Espainiako Ekonomian
Trenbidearen eragina Espainiako ekonomian historialarien artean oso eztabaidatua izan da. Esan dezakegu trenbidea ez zela izan Espainiako ekonomia modernizatu eta garatzeko funtsezko baliabidea.
- Espainiako sarea (erradiala) beranduegi, presaka, aurreko ikerketarik gabe, eta arrazoi sendoei ez, baizik eta interes espekulatiboen baitako trazaketa batekin eraiki zela baieztatzen da.
- Beste Estatuetan gertatu ez zen bezala, trenbideak ez zuen industria nazionala suspertu, atzerritar konpainiek beharrezko materialak inportatu baitzituzten muga-zergarik ordaindu gabe. Hemengo siderurgiaren atzerapena kontuan hartuz (Bizkaiko gune siderurgikoa, 1880tik geroztik garrantzi izugarria izango duena, oraindik ez zen sortu), hura ez zegoen prestatuta trenbidearen eraikuntzak sortutako eskariari aurre egiteko.
- Ondorioz, trenbidearen eraikuntza negozio handia izan bazen, ustiapena, berriz, defizitarioa izan zen, industriaren garapena txikia izatean, garraiatzeko merkantziak falta baitziren.
- Dena den, ukaezina da trenbidea aurrerapauso handia izan zela, eta Espainiako lurraldeak komunikatzeko eta merkatu nazionala sortzeko oso lagungarria.