1839ko Urriaren 25eko Legea eta Foruen Bilakaera

Historia9,75 KB

Testuaren sailkapena

Aztertuko dugun testua 1839ko urriaren 25eko Legea da. Testua lehen mailako iturria da. Izaera juridikoa du, eduki politikoa duelarik. Testua Gorteek idatzi zuten eta Maria Kristina erreginordeak onartu zuen 1839ko urriaren 25ean. Euskal probintzietako erakunde eta herritarrei zuzenduta dagoenez, testu publikoa dela esan daiteke.

Dekretu honekin, gobernu zentralak euskal foruak errespetatu zituen, baina Konstituzioaren arabera foru horietan aldaketak egiteko ate bat zabaltzen zuen.

Testuaren analisia

Testuaren hasierako paragrafoan, Maria Kristina erreginordeak, bere alaba Isabelen izenean eta 1837ko Konstituzioaren arabera, Gorteetan emandako lege hau onartu zuela esaten da. Argi ikus daiteke indarrean dagoen sistema politikoa monarkia konstituzionala dela, Gorteek egindako legea (legegilea) erreginak berretsiko (exekutiboa) duela adierazten duelako.

Ondoren, lehen artikuluaren arabera, Euskal Probintzia eta Nafarroako foruak errespetatu egingo ziren, baina Konstituzioa kaltetu gabe.

Amaitzeko, bigarren artikuluaren arabera, gobernuak, Gorteei baimena eskatuta, edozein unetan foru sisteman aldaketak egin ahal zituen, baina foru erakundeak entzun ondoren. Irakurritakoaren arabera, Espainiako Konstituzioak protagonismoa hartuko luke, foruen gainetik jarriz, edo are gehiago, foruen abolizioa gerta zitekeen.

Dekretuaren amaieran argi esaten da nola bete behar den esandakoa.

Hitz teknikoak

  • Isabel II.a: Fernando VII.aren eta Maria Kristinaren alaba. 1843an, hamahiru urte zituelarik, erregina izendatu zuten. Bere erregealdian, militar liberal “ezpatazarrek” gobernatu zuten: Espartero, Narváez eta O´Donell.
  • Maria Kristina Borboikoa: Isabel II.aren ama eta erreginordea, bere alabak adin nagusitasuna bete arte.
  • Gorteak: Sufragio zentsitarioz hautatutako diputatuek osatuta, legeak egiteko ardura dutenak.
  • Foruak: Euskal lurraldeetako usadio edo ohiturak lege bihurtuak.
  • Konstituzioa: Estatu baten oinarrizko antolaketa zehazten duten arau juridikoen multzoa. Estatu bat antolatzen duen lege gorena.

Testuinguru historikoa

Lege honen jatorria Lehen Gerra Karlista amaitu ondoren emandako Bergarako Besarkadan (1839) aurkitzen da. Bakea sinatzean, Madrilen liberal moderatuek gobernatzen zuten, Maria Kristina erreginordea zelarik, eta hauen helburuetariko bat sistema liberala finkatzea zen. Une honetan 1837ko Konstituzioa zegoen indarrean, eta neurri liberal ekonomiko gisa Mendizabalen desamortizazioa eman zen.

Gerra Karlistaren jatorria

Azal dezagun nola heldu garen egoera politiko honetara. Fernando VII.aren erregealdiaren azken urteetan oinordekotza arazoa sortu zen, erregearen heriotzarekin gerra zibila bilakatu zena. Bere alaba Isabel jaio aurretik, Fernando VII.ak Lege Salikoa deuseztatu zuen; horri esker, Isabelek Espainiako tronua heredatuko zuen eta erregearen anaia Karlos Maria Isidrok koroa heredatzeko itxaropenak galdu zituen. Familia gerra izateaz gain, ideologia biren arteko gerra ere izan zen:

  • Alde batetik, liberalismoa sendotu nahi zuten taldeak (liberalak).
  • Bestetik, absolutismoa sistema politiko gisa berreskuratu nahi zutenak (karlistak).

Karlistak eta Liberalak

Karlisten taldea nekazariek, behe-nobleziak, elizgizonek, artisau txikiek eta jabe txikiek osatzen zuten. Hauek foruak, jaun-erregimena, integrismo katolikoa eta absolutismoa defendatzen zituzten. Bestetik, liberalen taldea goi mailako nobleek eta burgesek osatzen zuten. Hauek Frantziako Iraultzaren ideien defendatzaileak eta industria iraultzaren aldekoak ziren. Politikan, Konstituzioaren aldekoak ziren eta askatasuna, berdintasuna, botereen banaketa, desamortizazioa, askatasun erlijiosoa eta subiranotasun banatua defendatzen zituzten. Horrela, hauek estatu liberalaren finkapena betirako nahi zuten.

Gerraren bilakaera

Gerra 1833an hasi eta 1839an bukatu zen. Hiru etapa izan zituen:

  1. Lehenengo etapa (1833-1835): Karlistek bataila batzuk irabazi zituzten, baina Zumalakarregi buru militarra galdu zuten Bilboko setioan.
  2. Bigarren etapa (1835-1837): Karlistek penintsulatik espedizioak antolatu zituzten.
  3. Hirugarren etapa (1837-1840): Karlisten zatiketa gertatu zen; karlista batzuk gerrarekin jarraitu nahi izan zuten eta beste batzuk bakea sinatzearen aldekoak ziren.

Gerra Bergarako Besarkadarekin (1839) bukatu zen. Itun honetan, karlistek Isabel II.a erregina gisa onartu zuten eta liberalek foruak errespetatzeko konpromisoa hartu zuten. Urte berean, 1839ko urriaren 25eko lege berriak euskal foruak berretsi zituen, baina monarkiaren batasun konstituzionalari kalterik egin gabe. Modu horretan, gobernuak bi printzipioak bateratu eta foruetan beharrezko aldaketak egiteko askatasuna zuen. Planteamendu hau oso zaila da ulertzea, bi testuek jatorri politiko eta errealitate desberdinak dituztelako.

Hurrengo urteetan, Nafarroan Hitzartutako Legearekin (1841), Nafarroako foru erregimenaren bukaera etorri zen. Esparterok gauza bera nahi zuen euskal probintzientzat, baina herriaren oposizioa zela eta, ez zuen lortu bere helburua. Horrela, 1844an moderatuak itzultzean, foruak 1876. urtera arte mantendu egin ziren.

Ikuspegi ekonomikotik, euskal lurraldeetan burgesiak prozesu industrializatzailea bultzatu zuen. Talde honentzat, foruetan agertzen ziren lege batzuk industrializaziorako onuragarriak ziren (adibidez, barne merkatuaren babesa). Horregatik, liberal moderatuek ez zuten hain txarto ikusten forua, eta bake garai bat zabaldu zen, karlistak eta liberal progresistak boteretik baztertuz.

Ondorioa

XIX. mendean, liberalismoa agertu zen. Sistema zentralista bat izan zen, eta behin eta berriro Madrilgo gobernua Konstituzioa inposatzen saiatu zen. Orduan, euskal foruak zalantzan jarri ziren.

Horrela, 1839ko Legearekin bi estatus juridiko desberdin parekatu nahi ziren, baina hori ez zen posible izango praktikan, haien jatorriak eta funtzionamendua desberdinak zirelako. Horregatik, lege honen atzean, foruen indargabetze prozesu bat ezkutatzen da, non denboraren poderioz Espainiako Konstituzioa bere lekua hartzen joango zen. XIX. mendeko joera politiko berriekin, foruek “konstituzionalizazio” prozesu bat jasan zuten, hau da, Konstituzioak euskal foruen gainetik jartzeko aukera izan zuen.

Hala ere, Esparterok boterea utzi zuenetik (1843) foruak abolitu arte (1878), hiru probintzietako foru sistemak egoera arraro bat bizi izan zuen; gobernuak inoiz betetzen ez zuen foruak aldatzeko mehatxua egiten zuen bitartean, foru erregimenak inoiz baino garapen handiagoa lortu zuen.

Azkenean, 1876an, azken gerra karlista eman ondoren, Espainiako Gorteek foruak abolitu zituzten gerraren aitzakia erabiliz.

Ariketak

1. Ariketa: Karlismoa eta Liberalismoa

Karlismoa

  • Nor: Karlos Maria Isidro infantearen jarraitzaileak: baserritarrak, jabetza galtzeko arriskua duten jabeak, artisau eta merkatari txikiak, elizgizonak...
  • Non: Landa eremuan.
  • Zergatik: Gizarte tradizionalaren defentsa egiten dute, jauntxoak sistema liberalera ez dira egokitzen, kleroa desamortizazioaren beldur da.

Liberalismoa

  • Nor: Burgesak, hirietako merkatari handiak, herri lurrak erosteagatik aberastu diren herritarrak.
  • Non: Hirietan.
  • Zergatik: Aduanak kostaldera eraman nahi dituzte, sistema ekonomiko eta politiko liberalarekin jarraitu nahi dute.

2. Ariketa: Apostolikoak eta Foralistak

  • Apostolikoak: Karlosen dinastia defendatzea nahi dute; haientzat Karlos ukiezina da.
  • Foralistak: Akordio batera iritsi nahi dute, foruak mantentzea baino ez dute nahi.

3. Ariketa: Bergarako Itunaren ondorioak

Foruzale liberalek harrera ona egin zioten lege honi, foruak berresteaz gain (1837ko Konstituzioan abolitu ziren), haien esparru konstituzionala Isabel II.a erreginaren koroa onartzen baitzuten eta, zehazki, Espainiako Konstituzio liberalaren esparruaren barnean egokitu zen. Foruak berretsi egin ziren, baina ez ziren lege berezi gisa onartu, monarkiaren konstituzio berriaren mende baizik. Horrez gain, Don Karlos alde egin zuen.

4. Ariketa: Foruen ezeztapen prozesua

1839ko Urriaren 25eko Legea

  • Galdu zena: Botere legegilea, foru legea.
  • Mantendu zena: Foruak, baina Konstituzioaren menpe.

Nafarroako Lege Paktatua (1841)

  • Galdu zena: Nafarroako erresuma izaera galdu, aduanak kostaldera eraman, eta Nafarroako gastuak soldadutzara bideratu.
  • Mantendu zena: Eskubide administratibo eta fiskalak.

Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Legea (1841)

  • Galdu zena: Foru baimenak, Batzar Nagusia, Foru Diputazioa, legediak Konstituzioaren eta Estatuaren menpe.
  • Mantendu zena: Eskubide fiskalak eta militarrak.

Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Legea (1844 eta 1845)

  • Galdu zena: Foru baimenak eta aduanak ez ziren berrezarri.
  • Mantendu zena: Batzar Nagusia, Foru Baimena.

5. Ariketa: 1878ko Kontzertu Ekonomikoaren Legea

Euskal lurraldeen eta Estatuaren arteko harreman finantzarioa eta zerga-harremana eratzeko modua da. Estatuaren aurrekontu orokorretan zehaztutako kontribuzioak, errentak eta zergak ordaintzeko beharra adierazten da. Foru Aldundiak behartuta daude itundutako zereginak ordaintzera.

Deskargatu

PDF Word HTML