1812ko Konstituzioaren iruzkina eta testuingurua
1812KO KONSTITUZIOAREN IRUZKINA
Aurkezpena
Testu hau Espainiako lehen Konstituzioaren zati bat da. Cadizen, 1812ko martxoaren 19an idatzita dago. Testu politiko-juridikoa da. Cadizen bildutako diputatuak idatzi eta erregeari eta herritar guztiei zuzendu zioten, beraz, testu publikoa da. Oso momentu kritikoan idatzi zen: Espainia frantsesen aurkako independentzia-gerran murgilduta zegoen, Napoleonen tropek Espainia inbaditu zutelako eta koroa bere anaia José Bonaparteri eman ziolako. Bitartean, Karlos IV.a eta Fernando VII.a bahituta zeuden eta agintean hutsunea zegoen. Bere helburua Espainiako erregimen politikoa aldatzea zen, monarkia parlamentarioa ezarriz.
Azterketa
Sarreran aipatzen da Espainiak monarkia konstituzionala duela; Gorteek egin eta berretsi dutela Konstituzioa erregearen izenean, gatibutasunean dagoela.
Artikuluen laburpena
- 1. art. Espainiako nazioaren osaketari erreferentzia egiten zaio; Amerikan dauden koloniak ere barne direla adierazten da.
- 3. art. Espainol guztien arteko berdintasuna eta subiranotasun nazionala aldarrikatzen dira; hau da, boterea herriarena dela eta legeak denon artean ezarri behar direla azpimarratzen da.
- 8. art. Zergak ordaintzea espainol guztien betebeharra dela adierazten da.
- 12. art. Erlijio ofiziala katolikoa dela; bestelakoak debekatuta daudela adierazten da.
- 14. art. Gobernu mota: monarkia ez absolutoa ezartzea da helburua.
- 15. art. Botere legegilea: legeak egitea Gorteen eta erregearen lana dela aipatzen da; monarkia parlamentarioa eratuz subiranotasun partekatua ezarri nahi izan zen (aginten banaketa).
- 16. art. Botere judiziala: pertsonak epaitzeko ahalmena auzitegiek dutela aldarrikatzen da lehen Konstituzio honetan.
- 371. art. Espainiar guztiek beren ideia politikoak argitaratzeko edo idazteko ahalmena dutela aldarrikatzen da.
Testu inguru historikoa
Garai honetan Espainia egoera berezian zegoen. Alde batetik, independentzia-gerra gertatzen ari zen. Frantziak Espainia inbaditu zuen, Fontainebleauko hitzarmenaren ondorioz, eta hauek inbasioaren aurka agertu ziren, nahiz eta frantsesek inposatutakoa aprobetxatu. Bestetik, iraultza liberalaren eraginak indarra hartu zuen. Espainiako populazio guztiek ez zuten onartu inposaturiko errege berria, José Napoleon, eta beraz, boterea ilegaltzat hartuta, boterea berrantolatu zuten juntetatik. Junta zentral bat eratu zen eta Gorteak deitu ziren. Liberalek antzinako erregimenaren aurka agertu ziren eta horretarako idatzi zuten konstituzio hau. Leku jakin batean gauzatu zen: Cadiz izan zen frantsesek inbaditu ez zuten leku bakarra, eta bertan bildu ziren liberalak beraien ekintzak aurrera eramateko.
Gorteen osaera kontuan hartu behar da testua ulertzeko. Cadizen gertatutako gertaeren ondorioz, gerrako oztopoengatik goi noblezia eta Elizako hierarkia ia ez ziren ordezkatuta egon; erdiko klasekoak —elizgizonak, abokatuak, funtzionarioak eta katedradunak— izan ziren nagusi, eta horrexegatik ideia liberalek eragin handia izan zuten testuan. Konstituzio honetan, Espainiako lehenengoa eta Gorte konstituziogileek egina, zehatz arautzen dira bizitza politikoari eta hiritarren eskubideei lotuta dauden gai guztiak. Nazioaren ideia Estatu bateratua dela agertzen da; horren arabera espainol guztien eskubideak erreinuetako eskubide historikoen gainetik ipinita daude.
Herritarren berdintasuna lortzeko zerga sistema bakarra ezarri zen. Subiranotasun nazionala aldarrikatu zen eta erregeari pribilegioak kendu zizkioten; aginten banaketa ezarri zen. Fernando VII.a Espainiako errege bezala onartzen zen, baina ez errege absolututzat, baizik eta errege konstituzionaltzat.