Zoriontasuna eta Jakituriaren Arteko Harremana San Agustin eta Tomas Akinokoaren arabera
San Agustinen Bizitza Zoriontsuaz liburuko pasarte honetan, zoriontasunaren eta jakituriaren arteko harremana aztertzen da. Gizakiok, zoriontsu izateko, gure nahiak asetuko dituen ziurtasuna bilatzen dugu bizitzan. Ziurtasun horrek berak egiten gaitu zoriontsu. Era berean, inor ezin da jakintsu izan zoriontsu ez bada; beraz, akademikoak ez dira jakintsuak.
Ezagutza edo zientziaren egiek baino, jakituriaren egiek egiten gaitu ase eta zoriontsu. Ondorioz, jakituria eta zoriontasuna gauza bera direla esan dezakegu.
Akademikoak
Platonen akademian gelditu ziren filosofoei egiten die erreferentzia. Filosofo hauek, akademian egon arren, ez zuten platonismoa jarraitzen, eszeptizismoa baizik. Haien ikuspuntutik, egia ezin da ziurtasun osoz defendatu, ezagutezina delako. Ziurgabetasun honek gizakia zalantzarako bultzatzen du, eta iritzi moralen desatxikipena gomendatzen du.
Jakintsua
Jakintsua da zalantza guztiak gainditu eta bere pentsamenduaren ziurtasunean egia aldaezinak aurkitu dituen pertsona. Egia guzti horren kausa, Jainkoa, ere aurkitzen du. Beraz, jakintsua segurtasuna eta lasaitasuna eskaintzen dioten ondasun iraunkorretan murgilduta bizi da.
Askatasuna Agustinen Pentsamenduan
Askatasunari buruzko Agustinen pentsamendua teologikoa da. Agustinen arabera, gizakia askea da, eta askatasunik gabe ezinezkoa da gizaki izatea. Gizakia erabakiak hartzeko eta nahimenen autodeterminazioa erabiltzeko gai delako da gizaki.
Gizakiak Jainkoa aukeratu behar du zoriontsu izan nahi badu. Baina Agustin Hiponakoaren arabera, ez dago askatasunik obligaziorik gabe. Gizakiak ongirako joera izan behar du, eta gizakiarentzat ongi hori Jainkoa da. Gizakia Jainkoa maitatzera behartuta dago. Jainkoa lortzeko askatasuna du, baina Jainkoa ez badu lortzen, zoriongabekoa izango da. Jainkoa zerbitzatzen duenean izango da aske eta lortuko du zoriontasuna.
Gaitza laguntzarik gabe egiten du gizakiak, baina ongia egiteko Jainkoaren laguntza behar du. Gaitz morala aukeramenaren erabilera okerretik dator, eta gizakia da horren erruduna, ez Jainkoa. Aukeramena ez da ongi absolutua, gaitzerako arriskua dakarrelako. Hala ere, ongi bat da, zoriontasunerako baldintza baita. Gizakiaren helburua zoriontsu izatea da, eta horretarako Jainkoa maite behar du.
Arrazoimena eta Fedea Tomas Akinokoaren Arabera
Tomas Akinokoak errealitatea ezagutzeko bi bide bereizten zituen: arrazoimena eta fedea. Filosofiak arrazoimena erabiltzen du, eta ezin du onartu argudiotatik kanpokorik, ezta erlijio gaiez ere. Arrazoimenaren bidez aurkitutako egiak egia naturalak dira. Teologiak, aldiz, Jainkoaren errebelazioa du abiapuntu; beraz, teologiaren egiak fedezko egiak dira, Jainkoak esandakoak. Bi bideak autosufizienteak dira, bakoitza bere kabuz egia lortzeko gai delako: teologia errebelazioa erabiliz, eta filosofia logikarekin. Beraz, gizakiak egia osoa aurkitzeko bi ezagutzak behar ditu. Sinesmenaren bidez ezin dira egia matematikoak ezagutu, eta dedukzioz ezin dira mirariak frogatu.
Filosofiaren esparrua egia naturalarena da; arrazoimenaz ez zaizkigu errebelatzen, beraz, ezin daitezke sinesmenez ezagutu. Teologiaren esparrua, aldiz, fedearena da, eta ezin dira arrazoimenaz ezagutu, gizakiarentzat ulertezinak baitira. Eduki komunetan arrazoiaren eta fedearen artean kontraesanik balego, teologiak izango luke lehentasuna.