Zoriontasuna, batasuna, Ongia eta Egia
Zoriontasuna: Betikoak eta perfektuak diren ideiak (adibidez, Zuzentasuna eta Ongia) kontenplatzerakoan eta ezagutzerakoan lortzen da, baita jakinduriaren eta egiaren bilaketaren muturrean ere. Arimaren harmonia eta bertutea ere ezinbestekoak dira zoriontasunaren bidean. Zuzentasuna lortzeko, gizatalde bakoitzak bere eginbeharrak bete behar ditu, norbere interes pribatuak alde batera utziz eta herriaren onerako biziz eta lan eginez. Horrela, Ongia ezagutuz, zoriontsuak izango gara, bai gu bai gizartea.
Herriaren batasuna: Pertsona bakoitza ongien dakien zereginetan aritzen denean lortzen da hiri harmoniotsua, zuzena eta, ondorioz, zoriontsua. Bakoitzak bere interes propioa (familiarena, lagunena...) bilatzen duenean, batasuna eta harmonia galtzen dira, eta estatuaren gainbehera eta usteltzea dator. Herriaren batasuna lortzeko, beharrezkoa da ikasketa prozesu (hezkuntza) antolatua, norberaren gaitasunak zeintzuk diren ikusteko eta horien arabera hiriak behar duen zereginetan jarduteko. Norberaren gaitasunaren arabera aritzeak zoriontasuna eta herriaren batasuna dakartza.
Ongia: Ideia gorena, ideien munduaren gailurrean dagoena eta bide neketsu baten azkenean sumatzen dena. Ongia eguzkiarekin parekatzen da; eguzkiak ahalbidetzen du gauzak izan eta ikus daitezen. Era berean, Ongiak izanarazten ditu Ideiak eta ezagugarri bihurtzen ditu. Ideietan parte hartzen duen neurrian dela mundu sentigarria ona eta benetakoa, berau ezagutu behar du bizitza publiko zein pribatuan ondo jokatu nahi duenak. Horrela bada, agintari zuzenak Ongia ezagutu behar du, eta hiri zuzenean Ongia ezagutu duena izan behar da agintari. Asko izan dira Ongiaren existentzia objektiboa ukatu dutenak, baina Platonek bere bizitza guztian defendatu zuen.
Egia: Errealitatearen isla den adierazpena. Adierazpen horietako batzuk zentzumenetan oinarritzen dira, eta besteak arrazoimenean. Lehenak ezin dira egia izan, aldatu egiten baitira talde eta pertsona batetik bestera. Are gehiago, pertsona berarengan ere aldatu egin daitezke une batetik bestera. Egia, berriz, unibertsala eta aldaezina izan behar da. Zentzumenetan oinarritutako adierazpen horiek egia izan beharrean iritzia dira, eremu sentigarriari buruzkoak direlako. Platonen ustez, egia badago eta bilatu egin behar da. Egia aurkitzeko, arrazoimena erabili behar da eta bide horretan ideiak ezagutu.