Ziklo Zelularraren Kontrola, Zahartzea eta Heriotza
Ziklo zelularraren kontrola
Zelula anitzen ziklo zelularra hainbat faktoreren araberakoa da:
- Ehun mota:
- Indibiduoaren bizitzan zehar ziklo zelular osoak izaten dituzten zelulak daude (globulu gorriak).
- Bizi-baldintzen aldaketa edo asalduraren bat gertatzen denean bakarrik ziklo zelular osoa burutzen duten ehunetako zelulak (larruazaleko zelulak).
- Sekula zatitzen ez diren zelulak dituzten ehunak (neurona helduak).
- Mantenugai-falta, tenperatura eta pH-aldaketak.
- Elkarren ondoko zelulen arteko kontaktuak.
- Zelulak aurretik izan dituen zatiketa-kopuruak:
- Zenbat eta zaharragoa izan organismoa, orduan eta gutxiago zatituko dira organismo horren zelulak.
- Telomeroak, ziklo zelularrak egitearen ondorioz, txikitzen dira, eta horregatik murrizten da zatiketa-kopurua.
- Zelula mota batzuetan (hazi-zeluletan eta odol-zeluletan) hori ez da gertatzen. Telomerasa izeneko entzima aktibo bat dago. Entzima horrek etengabe ematen die DNA kromosometako poloei, ez txikitzeko.
- Entzima hori minbizidun zeluletan ere aktibo egoten da.
Kontrol-mekanismoak
Ehun batzuen eta besteen ziklo zelularrak mekanismo batzuen kontrolpean daude, zelulak organismoari bere osotasunean komeni zaion erritmoaren arabera zati daitezen.
Proteinen eginkizuna eta faseak
Ziklo zelularraren kontrola une jakinetan aktibatzen diren zenbait proteinaren sintesiaren bidez gauzatzen da. Substantzia horiek oso kantitate eskasean aurkitzen dira.
- Substantzia talde batek abiatze-puntutik (murrizketa-puntutik) igaroarazten du: aldi horretan zelulak jadanik hazita daude eta DNAren bikoizketa-etapari (S faseari) ekiteko prest.
- Batzuetan, murrizketa-puntura iritsi aurretik, zelulak G1 fasetik atsedena hartzera (G0 egoerara) igarotzen dira, eta egoera horretan egunak, asteak edo urteak pasa ditzakete.
- Beste substantzia batzuek mitosiaren aitzindari gisa jarduten dute, zelulak mitosiari ekiteko prest dagoen ala ez kontrolatuz.
Mekanismo hori ezinbestekoa da zelulen eta indibiduoen iraupena arriskuan jarriko lituzketen egoerak saihesteko.
Zelularen zahartzea eta heriotza
Zahartzearen ezaugarriak eta mugak
- Zahartzea: zelulek hil aurretik jasaten duten endekapen morfologiko eta funtzionala.
- Heriotza: prozesu guztien etendura eta zelulak osatzen dituen materiaren sakabanaketa da.
Ia zelula somatiko guztiek (gorputzeko organo eta atalak eratzen dituztenak) zailtasunak dituzte mugarik gabe zatitzeko. Behin zatiketa-kopuru jakin batera iritsi ondoren, zatiketa-erritmoa murriztu egiten da. Ondoren, zelulek zatitzeari uzten diote, hainbat endekapen-aldaketa jasan eta hil egiten dira.
Heriotza eragiten duten faktoreak
- Indibiduoaren adina: indibiduo gazteen ehunak adinez zaharragoak direnak baino gehiagotan zatitzen dira.
- Indibiduoen bizitzaren ohiko iraupena: bizitza laburreko espezietatik lortutako ehunak bizitza luzeagoa dutenenak baino gutxiagotan zatitzen dira.
- Zelularen heriotzaren eragileak:
- Geneak: zahartzea eta heriotza kodetzen duten geneek proteina batzuk kodetzen dituzte; proteina horiek zelularen osagaiak degradatzen dituzten entzima gisa jarduten dute.
- Erroreak: zelulek erroreak metatzen dituzte enbrioi-zeluletatik abiatuz gertatzen diren zatiketetan zehar. Erroreak proteinen sintesian azaltzen dira.
- Kopia erredundanteak: kromosometan gene-sekuentzia errepikatu asko agertzen dira. Kopia horiek bizitzan zehar kalteak jasaten dituzten geneak ordezkatzeko balio dute. Kopia guztiak kaltetuta daudenean, ezinezkoa da ordezkapena eta hainbat akats agertzen dira zelulen aktibitatean.
- Glukosa: bizitzan zehar proteina jakin batzuk aldarazten dituen agente gisa jardun dezake.
- Erradikal askeak: talde funtzional erabat erreaktiboak dira. Produktu sekundario gisa lortzen dira erreakzio metaboliko askotan eta kalteak eragiten dizkiete zelulen osagaiei (mintzetako gantz-azidoei, proteina batzuei eta kromosomei).
Heriotza motak: Nekrosia eta apoptosia
- Nekrosiak eragindako heriotza zelulek lesio bat jasan (zauria, infekzioa, agente kimikoa, odol-zirkulazioaren etena...) eta horrek eragindako kalteak konpontzeko ahalmena gainditzen denean gertatzen da. Hanturazko erreakzioa eragiten du.
- Apoptosiak eragindako heriotza (heriotza zelular programatua) zelula berak kontrolatzen duen prozesua da. Zelularen autosuntzipenaz arduratzen diren entzimak aktibatzen ditu.