Ziklo Biogeokimikoak: Oxigenoa, Karbonoa eta Fosforoa
Ziklo biogeokimikoa: Bizitzarako beharrezkoak diren elementu kimikoek geosferan, atmosferan, hidrosferan eta biosferan barrena egiten dituzten ibilbide konplexuek osatzen dituzten zikloak.
Erreserborio edo biltegi: Elementu batek denbora gehien igarotzen duen ingurunea.
Oxigenoaren zikloa
Airearen %21 oxigenoa da, atmosferan oinarrizko biltegia dago. Oxigenoaren zikloa karbonoarenarekin lotuta dago, fotosintesi eta arnasketari esker. Fotosintesian CO2 erabili eta O2 askatu, eta arnasketan alderantziz. Oxigenoaren parte bat mineralen oxidazioan erabiltzen da eta geosferan harrapatuta geratzen da. Beste parte bat atmosferan betetzen da, estratosferan erradiazio ultramoreek oxigenoa ozono bihurtuz. Zikloa osatzeko, errekuntzetan kontsumitzen da O2.
Karbonoaren zikloa
CO2 bizidunen materia organikoa osatzeko funtsezko karbono iturria da, atmosferan eta uretan egoten da. Zikloaren lehenengo urratsa organismo klorofilodunek, fotosintesiaren bidez, CO2 karbohidrato bihurtzen dutenean da. Elikadura katean zehar karbono konposatuak izaki bizidun batetik bestera doaz. Horiek berriro CO2 bihurtzen dira, bizidunen arnasketa prozesuaren eta haien hondar eta hilotzen deskonposaketaren bidez; zikloaren fase biologikoa da. Prozesu geologikoak ere baditu; materia organikoaren zati bat lur azpian metatu eta eraldatzen da. Horren emaitza petroleoa, ikatza eta gas naturala dira. Beste prozesu batzuen bitartez, uretan disolbaturiko CO2 zati bat harri sedimentario bihurtzen da. Harriak dira karbonoaren erreserborio nagusiak. Sumendien erupzioak ere CO2 berreskuratzeko bide dira, baita errekuntzak ere.
Fosforoaren zikloa
Funtsezko elementua sistema biologikoentzat, hainbat molekula garrantzitsuen osagaia baita. Lurrazalean, ioi fosfato eran aurki daiteke. Landareek xurgatu, finkatu eta fosforo organiko bihurtzen dute. Kate trofikoan barrena garraiatzen da eta deskonposatzaileek berriz fosfato inorganiko bihurtzen dute. Fosfatoak harri fosfatodunetatik eta errauts bolkanikoetatik askatzen dira; urak era disolaezinean garraiatzen ditu aintziretara edo itsasora. Fosfatoa kate trofikoetan sartzen da, fitoplanktonaren edo algen bidez, eta fosforo organiko bihurtzen da. Organismo horiek hil ondoren, hondora joaten da fosforoa. Fosforo horren parte txiki bat kenduta, beste guztia alde sakonetan sedimentatu eta ziklo geologiko sedimentarioa igarotzen da. Urteetan hainbat tona fosil geratzen dira. Diagenesiaren bidez, harri bihurtuko dira, eta biltegi horretan geldituko dira berriro eskuragarri bihurtu arte. Horregatik, fosforoa da ekosistemen faktore mugatzaile nagusia. Fosforoaren ehuneko txikia lehorrera iristen da (guano, arrainen eskeletoak).