XX. mendeko krisi ekonomikoak eta gerrak
Depresio Handia
Depresio Handia, Beheraldi Handia edo 1929ko Krisia ere deitua, 1929ko urrian hasi zen mundu mailako krisi ekonomikoa izan zen eta 1930. hamarkada osora luzatu zen, bereziki urterik latzena 1934a izan zelarik. Krisi ekonomiko hau Bigarren Mundu Gerraren hasierarekin amaitu zen.
1920ko hamarkadak nazioartean suposatu zuen ekonomiaren oparotasuna 1929ko urriaren 24ean amaitu zen, Ostegun Beltzarekin. Krisi ekonomikoak produkzio industrialaren jaitsiera, nazioarteko merkataritzaren etetea, demokrazien ahultzea krisi berriari aurre ezin izateagatik eta, azkenik, Bigarren Mundu Gerraren hasiera erakarri zituen.
29ko Kraxaren hasiera bera ere eztabaida-gaia izan da autore ezberdinen artean. Peter Teminek Lehen Mundu Gerra ostean sortu zen depresioan ikusten du: 29ko krisia bi Mundu Gerren artean izandako depresio ekonomikoaren barruan kokatzen du testuinguru zabalago batean. Beste autore askok, Galbraith, Kindleberger edota Friedmanek esate baterako, krisia 1929an hasi zela diote; baina krisiaren hasieraren arrazoiak oso ezberdinak dira autoreen artean.
Bankuak kaltetuta atera ziren burtsaren espekulazioan zuten garrantziarengatik; 5.000 banku baino gehiago itxi egin ziren, edota ordainketa etenduran deklaratu zuten. Banku gehienak erregionalak ziren eta horrek inguruko egoera ekonomikoaren oso menpeko bilakatzen zituen.
AEBn soldatak % 25 jaitsi ziren lehenengo lau urtetan, baina prezioen jaitsiera dela eta soldata errealak hazi egin ziren. 1933an, Rooseveltek New Deal egitasmoa martxan jarri zuen, soldata errealak hazi egin ziren; langabezia-tasa, ordea, mantsoago berreskuratu zen. Teminek AEBko egoera Alemania naziarekin alderatu zuen: Alemanian langabezia-tasa asko jaitsi zen; soldata errealak ere, jaitsi ziren.
Faxismoa
Mugimendu politiko autoritario ultranazionalista izan zen. Faxismoaren beste ezaugarri batzuk antikomunismoa, antiliberalismoa, agintaritza bakar eta absolutua, demokraziaren aurkakoa eta populista aldi berean, eta indarkeriaren erabilera sistematikoa ere izan ziren. XX. mendean garatu zen, Lehen Mundu Gerratik Bigarren Mundu Gerrara bitartean eta Europan bereziki, non Benito Mussoliniren agintaritzapeko Italia eta Hirugarren Reich Alemanian izan ziren erregimen politiko faxista nagusiak. Hain zuzen, erregimen faxista horiek izan ziren Bigarren Mundu Gerraren eragile nagusiak eta milioika pertsonaren heriotzenak, zuzenean. Hori dela eta, faxista hitza adiera gaitzesgarrian eta irain politiko moduan ere erabiltzen da egun, aurkari politikoak agintekeriaz jokatzen duela eta indarkeria helburu politikoekin erabiltzen duela adierazteko, faxismoaren adiera hertsi eta jatorrizkoari itzuri eginez. Hain zuzen, bi mundu gerren arteko aldi historikora mugatuta, jarraipenik gabeko fenomeno politikotzat jo da; hala eta guztiz ere, geroztik faxismoaren ideologia jasotzen duten alderdi eta mugimenduak izan dira, baina aurreko mugimendu nagusitik bereizteko, neofaxismo izenpean bildu dira.
Bigarren Mundu Gerra
1939ko irailaren 1etik hasita 1945eko irailaren 2ra arte egon zen gerra edo gatazka armatu handi bat izan zen; Europa, Afrika eta Asian gertatu zen eta 70 herrialdek baino gehiagok hartu zuten bertan parte, eta ez bakarrik kontinente horietakoek, Amerika eta Ozeaniako herrialde batzuek ere hartu baitzuten parte. Nagusiki, herrialde horiek denak bi aliantza militarretan banatu ziren:
- Aliatuak: Erresuma Batua, Frantzia, Estatu Batuak eta Sobietar Batasuna, batez ere.
- Ardatzeko potentziak: Alemania, japoniar Inperioa eta Italia, batez ere.
Historiako gerrarik handiena izan zen, milioika militar mobilizatu zituen eta beste edozein gerratan baino jende gehiago hil zen: hildakoen zenbaki zehatzak jakiterik ez dago, baina adituen ustez, 40 eta 50 milioi pertsona artean hil ziren, gehienak zibilak (hau da, soldaduak ez); haietako 6 milioi baino gehiago Holokaustoaren biktimak izan ziren, hots, naziek beste arraza batzuetako pertsonak eta, bereziki, juduak hiltzeko zuten planaren biktimak. Arma nuklearrak erabili diren gerra bakarra izan da.
Gerra piztu baino lehenago, 1930eko hamarkadan zehar, Japoniak, Italiak eta Alemaniak gerra ekintza batzuk egin zituzten. Japoniak Txinako lurralde batzuen inbasioa hasi zuen 1931n, Asiako britainiar eta holandar koloniak ere inbaditu zituen, eta geroago, Estatu Batuetako Pearl Harbor portua eraso zuen Hawaiin. Italiak, Benito Mussoliniren Alderdi Faxista aginteaz jabetu zenean, Etiopiaren ekialdeko zati bat konkistatu zuen 1935ean. Alemanian, Adolf Hitlerrek eta bere alderdi naziak Europako hainbat lurralde okupatzeko planak zituzten eta, horrela, 1938ko martxoan, alemaniar tropak Austriara sartu eta herrialde hori anexionatu egin zuten.
Gerra Hotza
Bigarren Mundu Gerraren ondoren Estatu Batuak eta Sobietar Batasunak buru zituzten bi herrialde taldek bizitako tentsio garaiari deritzo. Bi modelo ekonomiko, sozial eta politikoren arteko gatazka izan zen, baita Europak munduan galdu berri zuen nagusitasunarengatik ere. Aliatuen arteko tentsioa gerra bukatu aurretik hasia zen eta 1991. urtean Sobietar Batasuna desegartzerarte iraun zuen.
Bigarren Mundu Gerran lagun izan baziren ere, AEB eta SESB ez ziren bata besteaz fido. Aliantza bai, baina deskonfiantza ere bai. Gerra amaitu zenean, tentsioa begibistan zegoen eta Potsdam, Teheran eta Jaltan behin eta berriro ikusi zen Winston Churchill eta Harry S.Trumanek ez zutela begi onez ikusten Iosif Stalinen Sobietar Batasuna.
Estatu Batuek kapitalismoaren defentsa sutsua egiten zuten eta demokrazia eta askatasunaren ordezkari kontsideratzen ziren. Sobietar Batasunak, berriz, sozialismoa eta justizia soziala defendatzen zuen, burgesiaren kontra eta gizartearen arazoak konpondu nahian.
Bi erraldoi hauen erdian, Europa eta Asia bi bloketan banatu ziren. Mundu guztian ibili ziren bi potentziak aliatu bila eta AEB-k Europa Mendebaldea, Ozeania eta Amerika bereganatu zituen, Kuba edo Nikaragua bezalako kasu isolatuak salbu. SESB-ek, bere aldetik, Europa Zentral eta Ekialdean lortu zituen lagunak eta Korea Iparraldea ere bai, 38º paraleloz gora zegoena, alegia.
Bi potentzia nagusiak ez ziren inoiz gerra batean aurrez aurre ikusi, zenbait alditan gertu egon ziren arren, eta guda nuklearrarekiko beldurra handia izan zen arren. Hala ere, Estatu Batuek eta Sobietar Batasunak euren aliatuak erabili zituzten borroka militarra aurrera eramateko.
Gerra hotza 1991n amaitu zen; hala ere, haren ondoriozko gatazka batzuek diraute gaur egun oraindik ere, Korea da haietako bat. Ipar Korean erregimen komunista dago, sobietar estalinismoaren eta txinatar maoismoaren oinordekoa. Ipar Koreako erregimen politikoari buruz esan ohi da lehen erregimen dinastiko komunista dela. Kim Il-sungek 1945etik 1994ra gobernatu zuen, eta hil zenean (1994) haren seme Kim Jong-ilek eskuratu zuen boterea.
Gatazkarik ezaguneetakoa Cubako misilen krisia da eta filma eta liburu ugari egin dira. Bi aste iraun zuen bakarrik baina momentu horretan ikaragarri tentsio handia egon zen eta Estatu Batuak eta Sovietar Batasuna guerra nuklear bat hasteko oso gertu egon zirela esaten da.