XIX. Mendeko Historia: Liberalismotik Inperialismora

Historia15,32 KB

XIX. Mendeko Kontzeptu Historikoak

Inperialismoa

A eta B herrialdeen artean muga-zerga bat jartzen da. Horrela, A-k ezin dizkio B-ri produktuak saldu, eta B-k A-ri ere ez. Orduan, A-k B konkistatzen du bertan saldu ahal izateko.

Errestaurazioa

Napoleondar Gerretan Frantzia galtzaile atera ondoren, Europako herrialde nagusiak Iraultza aurretik indarrean zegoen Erregimen Zaharra berrezartzen saiatu ziren (monarkia absolutua eta estamentuen pribilegioak). Lan zaila izan zen, liberalismoaren ideiak jada sustraitzen hasiak zirelako.

Liberalismo moderatua

Horien iritziz, subiranotasun nazionalak ez zuen esan nahi herritar guztiek parlamentuetan parte hartzea, gizon aberatsek soilik baizik. Beraz, sufragio zentsitarioa defendatu zuten, aberastasunean oinarritua. Talde hau burgesiak osatzen zuen, eta 1820-1830eko iraultzak bultzatu zituen, herriaren parte-hartzea mugatuz.

Liberalismo erradikala

Aurreko liberalismotik joera aurrerakoiago bat sortu zen. Honek gizonezkoen sufragio unibertsala eta, ondorioz, herri-subiranotasuna defendatzen zituen. Gizonen (eta, geroago, emakumeen) askatasuna eta berdintasun soziala azpimarratzen zituen, eta eredu errepublikanoa nahiago zuten monarkikoa baino. Talde anitza zen, eta 1848ko iraultzetan nagusitu zen, herritarrekin batera.

Estamentu-gizartea

Liberalismo politikoa ezarri zenean, nobleziak eta kleroak Erregimen Zaharrean zituzten pribilegio legalak galdu zituzten. Gizon-emakume guztiak legearen aurrean berdinak zirela zioen printzipioak indarra hartu zuen eta desoreka juridikoak desagertu ziren, baina desoreka ekonomikoek jarraitzen zuten (gaur egun bezala).

Klase-gizartea

Liberalismotik sortutako gizarte liberal berriak pertsonak klasetan sailkatu zituen, ondasunen arabera. Antolamendu berri honek gizartean mugimendua gertatzeko aukera eman zuen, pertsonak aberasteko edo pobretzeko.

Sekularizazioa

Iraultza liberalekin Estatuaren eta Elizaren arteko banaketa gertatu zen. Horrek gizartean sekularizazio-prozesu geldo bat abiarazi zuen. Elizak irakaskuntzan zuen monopolioa galdu zuen, Estatuak hezkuntzaren esparruan zuzenean parte hartu zuelako (Elizak ikastetxe erlijiosoak sortu zituen). Zenbait kasutan, gizartearen sekularizazio-prozesuak Elizaren aurkako jarrera gogorra ekarri zuen, Elizak ez baitzuen boterea galdu nahi.

Nazionalismoa

Herri batek bere burua gobernatzeko duen eskubidea defendatzen du. Jatorria liberalismoan du (gizaki baten eskubideak herri bati ematean). XIX. mendean sortu zen, eta hasieran gutxiengoen ideologia zen, burges eta intelektualena, baina 1848tik aurrera liberalismoa sustraitu egin zen, sufragio unibertsala zabaltzen zihoan heinean.

Bigarren Industria Iraultza

1870ean, industria-iraultza bigarren fase batean sartu zen, eta 1914 arte aurrekaririk gabeko garapena egon zen arlo ekonomiko guztietan. Gainera, industria-iraultza Europako beste herrialde batzuetara ere zabaldu zen, munduko gune nagusi bihurtuz, Estatu Batuekin batera.

Bigarren Industria Iraultzaren arrakastaren arrazoietako bat oinarrizko garapen zientifikoa izan zen, bai eta ikerketa zientifikoaren eta enpresen arteko harreman estuagoa ere.

Energia-iturri berriak

Bigarren Industria Iraultzan energia-iturri berriak agertu ziren, hots, elektrizitatea eta petrolioa, aurrekoak (ikatza eta lurruna) pixkanaka ordezkatuz.

  • Energia elektrikoa: XVIII. mendetik ezagutzen bazen ere, produkzio industriala ezinezkoa izan zen 1872ra arte. 1883an hasi ziren garraiatzen, eta 1878an bonbilla asmatu zen. Hasieran argiztapenean soilik erabili bazen ere, berehala hasi zen mekanizazioan energia-iturri gisa erabiltzen, eta ondoren beste asmakizun garrantzitsu batzuetan: telegrafoa (1837), telefonoa (1876) eta irratia (1890).
  • Petrolioa: Industriaren sektorean petrolioa ere mantso ezarri zen. Hasieran, olioa ordezkatu zuen soilik zenbait eginkizunetan, eta gero energia-iturri gisa erabiltzen hasi zen, industria petrokimikoa ere sortuz. Baina benetako hedapena autoaren garapenarekin eta errekuntza-motorra asmatu zenean etorri zen.

Puntako sektore berriak

Bigarren fase honetan, industria-sektorea dibertsifikatu egin zen, eta berriak sortu ziren energia-iturri, teknologia eta asmakizun berrien ezarpenari esker:

  • Metalurgiak eta siderurgiak zabalkuntza handia izan zuten, burdinaz gain altzairua (burdina eta karbonoa) azaldu zelako. Horrek aukera gehiago eskaini zituen eta hainbat sektore garatu zituen (garraioak, nekazaritza, armagintza, makinak, etab.).
  • Industria kimikoak, ikerkuntza eta aurkikuntzei esker, gero eta garrantzi handiagoa izan zuen, produktu berriak sortuz: botikak, plastikoak, ongarriak…
  • Industria mekanikoa izugarri hedatu zen eta eguneroko bizimoduan eta ohituretan txertatu zen: josteko makina, idaztekoa, bizikleta...

Garraioen iraultzaren goren aldia

Fase honetan, trenbidearen eraikuntza izugarri hazi eta hedatu zen Europa eta mundu osoan zehar. Trenbideari esker, merkatu nazionalak eta nazioartekoak egituratzen hasi ziren, herrialdeen barrena eta herrialdeen artean.

Ibaietako eta ozeanoetako nabigazioa ere nabarmen hobetu zen. Gainera, autoen eraikuntza garatu zen, eta, era berean, aire-nabigazioko lehen saiakuntzak hasi ziren.

Teknologia berrien eguneroko eragina

Fase honetan, berrikuntza teknologikoak biztanleriarengan eragin zuzena eta azkarra izaten hasi ziren, eguneroko bizimodua goitik behera aldatuz. Aurrekoei telefonoa, bonbilla, argazkigintza, autoa, zinema eta abar gehitu baitzitzaizkien. Hasieran gutxiengo batek erabiltzen bazituen ere, ondoren sekulako hedapena izango zuten gizartearen gehiengora.

Gainera, prentsak eta publizitateak garapen ikusgarria izan zuten, aurrekoari bultzada emanez.

Inperialismoaren zergatiak

Inperialismoaren zergatiak asko, konplexuak eta elkarri lotuta daude. Inperialismoa, berez, ez zen soilik kapitalismoaren ondorioa izan, beste arrazoi politiko, kultural eta estrategiko batzuk ere tartean egon baitziren.

Faktore ekonomikoak eta demografikoak

Lehen multzo honetan hiru faktore mota bereizi ditzakegu:

  • Biztanleriaren hazkundea: Europan biztanleriaren hazkundearen ondorioz soberakin demografikoa sortu zen. Koloniek arazo horri irtenbidea ematen lagundu zioten, pertsona askok lurralde horietara emigratu baitzuten.
  • Industrializazioa: Herrialde industrializatuen garapen ekonomiko handiak nazioak merkatu berriak bilatzera bultzatu zituen. Merkatu horietan, alde batetik, lehengaiak merke lortu ahal izateko (petrolioa, kautxua, kobrea, urrea) eta, bestetik, ekoitzitako produktuak saldu ahal izateko, eta guztia, gainera, monopolio-egoera batean garatuz. Horrela, 70eko hamarkadan Europan izandako gainprodukzio-krisiaren ondorioz, premiazkoagoa izan zen merkatu ziurrak eta babestuak izatea, batez ere produkzio-soberakina merkatu horietan kokatzeko.
  • Finantza-taldeak: Metropolietako finantza-taldeek kolonietan kapitalak inbertitzeko eta etekin handiak ateratzeko aukerak ikusi zituzten. Bereziki azpiegituretan (errepideak, trenbideak, meategiak, etab.) inbertitu zen, eta horrela irabazi handiak eskuratu ziren. Hala ere, irabazi horiek bermatu ahal izateko, merkatu horiek politikoki ere kontrolatu beharra zegoen.

Faktore politikoak, estrategikoak eta teknikoak

Bigarren multzo honetan lau faktore mota bereizi ditzakegu:

  • Nazionalismoa: Nazionalismoak (mota guztietakoak) nazioen prestigioa lortzeko politika bat abian jartzea eskatzen zuen, eta hedapen kolonialak prestigioa ematen zuen. Horrela, gobernuek herriaren babesa lortzeko menpeko lurralde zabalak hartzen zituzten, herritarrak nazio ahaltsu bateko kide izateaz harro senti zitezen.
  • Etsaitasuna: Europako potentzia gehienak elkarren etsai bihurtuta zeuden, eta beraien arteko lehia beste lurralde batzuetara ere eramaten hasi ziren.
  • Arrazoi estrategikoak: Leku batzuek izugarrizko garrantzia zuten, munduan zehar egin beharreko ibilbideak ziurtatzen baitzituzten. Ondorioz, militarki nahiz merkataritzaren ikuspegitik balio handikoak ziren (Suez, Panama, Maroko, etab.).
  • Ikuspegi militarra: Europako potentziak militarki nagusi ziren, eta horrek lurralde zabalak eta bertako biztanleak kontrolpean edukitzeko aukera eskaini zien.

Faktore erlijiosoak, kulturalak eta zientifikoak

  • Erlijio kristaua: Kristau europarrek beraientzat benetakoa zen erlijioa mundu osora zabaltzeko eginkizuna zutela uste zuten. Horrela, katolikoek eta protestanteek gero eta urrunago bidaltzen zituzten misiolariak beste herrialdeetako biztanleak ebanjelizatzeko asmoz, haiek atzeratuak eta kultura gabekoak zirelakoan.
  • Arrazakeria: Garai honetan, herritarren artean gizaki zuriaren nagusitasuna defendatzen zuen ideia arrazista zabaldu zen. Ideia horren arabera, mendebaldeko zibilizazioa eta kultura zabaldu eta inposatu egin behar zen, besteen gainetik hobea zelako, besteak ezjakinak, atzeratuak eta basatiak baitziren.
  • Zientzia eta esplorazioa: Zientzialariek eta esploratzaileek ere funtzio garrantzitsua bete zuten. Ezagutzen ez zituzten lurrez ikasteko interes zientifikoak hainbat espedizio bultzatu zituen, eta azterketa zientifikoak areagotu egin ziren, askotan interes politiko eta ekonomikoek bultzatuta.

Industrializazioaren hedapena: Aldaketa demografikoak

XVIII. mendean hasitako biztanleriaren hazkundeak XIX. mendean jarraitu zuen, eta faktore erabakigarria izan zen industria-iraultzarentzat, hazkunde demografikoak kontsumitzaileen kopurua eta eskulana handitzea ekarri baitzuen.

Aldaketa hau gertatu zen bai heriotza-tasan bai jaiotze-tasan aldaketak eman zirelako:

  • Heriotza-tasak etengabe jaitsi zuen XIX. mendean, elikaduran, higienean eta osasunean izandako hobekuntzei esker; medikuntzan aurrerapenak etenik gabekoak izan ziren.
  • Jaiotze-tasa altu mantendu zen, nahiz eta Europa mendebaldeko herrialde batzuetan jaisten hasi zen, gizarteko goi-mailak bereziki kontrolatzen hasi zirelako.

XIX. mendeko bigarren zatiaren beste fenomeno garrantzitsu bat kontinente arteko migrazio-mugimenduak izan ziren, nagusiki Europatik Estatu Batuetara. Garraioetan emandako hobekuntzek eta bidaien merketzeak migrazioak erraztu zituzten.

Bestalde, nekazaritza-inguruetatik hiri-inguruetara zuzendutako migrazioak ere bizkortu egin ziren, eta horrekin batera hiriak erabat aldatzen hasi ziren zentzu guztietan.

Krisialdiaren zikloak

Hasieratik, ekonomia kapitalistak aldizkako krisialdiak izan zituen, eta hedapen-aldiak eta krisialdiak txandakatu egin ziren. Lehen krisialdia 1815ean bertan azaldu zen Britainia Handian, eta arrazoiak ezegonkortasun politikoa eta lehiakortasun gogorra izan ziren. Egoera honek prezioak jaitsarazi zituen eta hazkunde ekonomikoa geldiarazi.

Honelako krisi-garaiak maiz gertatzen ziren, eta konponbidea beti antzekoa izaten zen: teknologian inbertsio berriak egin produkzio-kostuak murrizteko eta produktu berriak asmatzeko. Krisi-egoera hauetan ondorioak ere antzekoak ziren: enpresa asko desagertzen ziren eta langabezia igotzen zen. 1847an antzeko beste krisialdi bat egon zen.

Baina 1873an beste krisialdi bat izan zen, oraingoan nazioartekoa. Krisialdiak, hasieran, nekazaritza-sektorean izan zuen jatorria, Ameriketatik nekazaritza-produktuak Europara merkeago ekartzen hasi zirenean. Ondoren, industriara eta merkataritzara zabaldu zen, ekoizten ziren produktuen kopurua erosleena baino handiagoa bihurtu baitzen. Ondorioz, prezioak jaisten hasi ziren, enpresak itxi, langabezia gora egin zuen...

Krisiari aurre egiteko, ikerkuntza zientifikoan inbertitu zen eta enpresak kontzentratu egin ziren.

Inperialismoaren jatorria: Fenomeno berria

Espainiaren eta Portugalen antzinako inperio kolonialak XIX. mendean pixkanaka desagertu ziren heinean, mende honetan Erresuma Batua bakarrik nabarmendu zen bere konkistei esker, hiru kontinentetan (India, Kanada, Australia, etab.) lurrak zituelako.

Inperialismo terminoak Europako potentziek itsasoz bestaldean hartutako lurrak adierazten ditu, XIX. mendearen amaieratik aurrera. Hitz honen bitartez, fenomeno hau XVI. eta XVII. mendeetan gertatutako prozesu kolonizatzaile eta espantsionistatik bereizi nahi zen, inperialismoak izan zuen neurria eta garrantzia kontuan hartuta.

Oraingoan, kapitalismoaren erabateko ezarpenaren ondorioz garatutako mundu-ekonomiaren eraginez, potentzia industrializatuek kolonien gaineko kontrol politiko eta ekonomikoa ezarri zuten. Baina, gainera, potentziak elkarren etsai bihurtzeak eta talde industrial eta finantzarioen arteko lehia ekonomikoa indartzeak merkatu berrien eta lehengaien bila kanpora irtetera bultzatu zituen herrialdeak. Horrela, kolonia berri haiek metropolien esku gelditu ziren, eta metropoli horien asmo nagusia kolonien baliabide ekonomiko materialak eta giza baliabideak ustiatzea zen.

Lehia koloniala Erresuma Batua eta Frantziaren artean hasi zen XIX. mendearen amaieran, batez ere beren industria-iraultza sustatzeko bai lehengaiak bai merkatu berriak ere behar zituztelako. Baina berehala lurralde berriak konkistatzen ahalegindu ziren beste potentzia batzuk ere azaldu ziren: Alemania, Italia, Belgika, Holanda, Errusia, Estatu Batuak eta Japonia, nagusiki, lurren banaketa hartatik kanpo geratu nahi ez zutelako.

1820ko lehen iraultzak

Altxamenduak Europan

Erregimen liberala ezarri eta Errestaurazio garaian jarritako absolutismoa kentzeko lehen saioak Europako ekialdean eta Mediterraneo inguruan sortu ziren 1820an. Horien sustatzaileak burges-talde txikiak eta militar gazteak izan ziren, jatorriz burgesak, eta, ondorioz, herritar gehienek ez zuten altxamenduetan parte hartu.

Mugimendu iraultzaile gehienak estatu-kolpeekin hasi ziren, eta arrakasta izan zutenek (Espainian, adibidez) izaera moderatuko erregimen konstituzionalak ezarri zituzten. Baina Aliantza Santuak gogor zapaldu zituen, eta Erregimen Zaharra berriro ezarri zuten.

Soilik izaera nazionalista izan zuten iraultza-mugimenduek izan zuten arrakasta, hots, 1828an turkiar inperioaren aurka greziarrek egindako altxamenduak eta hamarkada horretan Amerikako koloniek Espainia eta Portugalen aurka lortu zuten independentziak.

Amerikako kolonien independentzia

Koloniek emantzipazioa lortzeko egin zituzten mugimenduak burgesia kreoleak bultzatu zituen, hau da, Amerikan jaiotako europarren ondorengoek. Hauek Amerikan botere ekonomiko handia izan arren, botere politikoa galarazita zuten, eta, gainera, harreman ekonomikoetan metropoliekin monopolio-egoera batean aritzera behartuta zeuden.

Horrela, Estatu Batuen eredua jarraituz eta Europako liberalismoaren iraultzaren berri izanik, sortutako egoera nahasia probesten saiatu ziren beren nahiak aldarrikatzeko.

Independentzia lortzeko, Estatu Batuen eta Erresuma Batuaren laguntza izan zuten, horiek Hego Amerikako merkataritza oparoan parte hartu nahi baitzuten. Lehen saioak 1808an egin ziren, eta oso epe laburrean herrialdeek beren independentzia eskuratu zuten, errepublika liberalak antolatuz. Baina arazoak ere laster sortuko zitzaizkien…

Deskargatu

PDF Word HTML