Wittgenstein: Proposizio Motak eta Filosofiaren Funtzioa
Wittgenstein-en proposizio motak Tractatus-ean
Wittgensteinek hiru proposizio mota bereizi zituen Tractatus Logico-Philosophicus lanean:
- Zientzietako proposizioak edo proposizio enpirikoak: Zentzua eta esanahia dute; hau da, egiazkoak ala gezurrezkoak izan daitezke, eta hori jakiteko munduari begiratu behar zaio. Proposizio zentzudunak gertaera posibleak deskribatzen dituztenak dira. Egiazkoak ala gezurrezkoak diren jakin daiteke. Proposizio egiazko guztiek gertaera posibleak, eta gainera errealak, deskribatzen dituzte.
- Logikaren proposizioak: Ez dute ezer esaten munduari buruz, ez dute esanahirik, baina zentzua dute, eta munduari so egin gabe jakin dezakegu tautologiak ala kontraesanak diren.
- Metafisikaren proposizioak: Ez dute zentzurik, ez baitute gertakari posiblerik errepresentatzen, eta ondorioz, ez dago egiazkoak edo faltsuak diren erabakitzerik. Pseudoproposizioak dira. Proposizio metafisikoak, erlijiosoak, etikoak eta estetikoak zentzugabeak dira. Hauek guztiak zer edo zer esaten ahalegintzen dira, baina porrot egiten dute, saiatzen ari direna esanezina baita.
Tractatus-aren izaera eta planteamendu kantiarra
Wittgensteinen lehenengo filosofia adierazten duen Tractatus liburuak ez du ezer esaten. Baina zerbait ezin esateak ez du esan nahi ezin denik adierazi edo ulertu. Tractatus-a proposizio zentzugabeen multzoa da, ez du zentzurik, ez du ezer esaten. Baina, Tractatus-ak zerbait erakusten du; bere zentzugabeko proposizioak irakurtzean, horien gainetik dagoena ulertu behar da.
Wittgensteinek Tractatus-ean argi utzi zuen ozeanoa zela berari gehien axola zitzaiona. Tractatus-aren planteamendua planteamendu kantiarra dugu: Wittgensteinek objektiboki ezagut dezakeguna finkatzen du. Kantek zioen bezala, gure existentziaren problematikek eta gure jokabidea printzipio batzuen arabera zuzentzeko beharrak, gai horiek buruan ibiltzera eramaten gaituzte.
Filosofiaren funtzioa Tractatus liburuan
Gure filosofoaren iritziz, filosofia ez da jakintza teorikoa, jarduera praktiko bat baizik. Filosofiaren eginkizuna pentsamendua eta lengoaia aztertzea da, haien zeregina eta mugak argitzeko. Bere ustez, baieztapen filosofikoak ez dira zentzudunak, ez dira zientifikoak; haien jatorria guk sortu ditugun sasi-arazoak dira, lengoaia gaizki erabiltzeagatik. Filosofiaren lana, esan daitekeena mugatzea da.