Wittgenstein: Hizkuntzaren Filosofia eta Bilakaera
Wittgensteinen pentsamenduaren bilakaera
Ludwig Wittgensteinen pentsamendua bi filosofia desberdinetan dago banatuta, estiloaren eta edukiaren arabera.
Lehenengo garaia: Tractatus Logico-Philosophicus
Tractatusen filosofia ez da zientzia bat; proposizio filosofikoak, zentzugabeak direnez, hizkuntzaren ulermen ezak sortzen ditu. Beraz, filosofiak hizkuntzaren mugak gainditu behar ditu. Filosofiaren helburua proposizio zientifikoen zentzu logikoa argitzea da.
Etikaren, estetikaren eta metafisikaren proposizioak gure hizkuntzaren logika gaizki ulertzetik sortzen dira, eta ez dute esanahirik, hizkuntzaren eta munduaren mugak gainditzen ahalegintzen direlako. Horren aurrean ezin dugu hizkuntzaren analisi filosofikoa aplikatu.
Beraz, honako ondorio hauek ateratzen ditu filosofoak lehenengo aldian:
- Zientziaren hizkuntza da zentzua duen eta mintza daitekeen bakarra, eta eredutzat eta idealtzat hartzen dugu; logikaren bizkarrezurra da.
- Badago arlo mistiko bat hizkuntzaren eremutik harantzago.
- Azkenik, tartean filosofia dago, hizkuntzaren jarduera kritiko modura.
Hala ere, Wittgensteinek ez ditu baztertzen hizkuntza figuratibotik haragoko errealitateak. Filosofoak esan nahi du errealitate esanezin hori dela errealitaterik garrantzitsuena.
Bigarren garaia: Ikerketa filosofikoak
Ikerketa filosofikoak lanean, Wittgensteinek dio hitz edo perpaus bat ulertzea erabiltzen jakitea dela. Horrela, hizkuntza erreminta-kutxa batekin alderatzen du, erreminta bakoitzak funtzio bat duelako.
Erabilerak hitzaren edo perpausaren esanahia zehazten du, hitzek adiera bat edo beste izan dezaketelako egoeraren arabera. Orain Wittgensteineri mintzaira arrunta interesatzen zaio. Hizkuntzak joko asko ditu, eta joko bakoitzak arau asko. Hizkuntza ezagutzen da arauak erabiltzen jakiten denean.
Filosofiaren zeregina eta funtzioak
Filosofiaren zeregina hizkuntzaren jokoen funtzionalitatea aztertzea eta ikertzea da. Filosofiaren funtzioa bikoitza da:
- Funtzio deskriptiboa: gertakariak ulertu eta deskribatu.
- Funtzio terapeutikoa: hizkuntzak erabilera okerra duenean, oker hori identifikatu.
Analisiaren metodoa termino linguistikoen erabilera aurkitzean datza; horrek terminoaren esanahia erakutsiko baitu. Filosofiak argitasuna lortzen duenean, arazo filosofikoak desagerrarazten ditu.